Irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten Ernaiko 133 kidek 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak jaso zituzten udaberrian. Lakuako Segurtasun Sailak Mozal Legea erabili zuen osotara 290.500 euroko isuna ezartzeko.
Maiatzearen 30ean egindako agerraldian Ernaik «erabat partziala eta desproportzionatua» den operazioa salatu zuen, eta «eraso politiko» honi erantzungo zuela iragarri zuen, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztu eta prozesu judiziala abiaraziz.
Bide horri ekin diote asteazken honetan, Gasteizko epaitegietan aurkeztutako lehenengo bost helegiteekin. Maddi Bilbao abokatuak azaldu duenez, «bidea luzea izango da», izan ere, «133 isun dira banaka banaka errekurritu behar direnak, eta bakoitzak bere zehaztapenak ditu». Beraien helburua isun hauek zuzenbide kontrakotzat jotzea.
«Ikuspegi juridiko batetik oso eztabaidagarriak dira, alde batetik herritar orok dugun adierazpen askatasunaren eta manifestaziorako eskubidearekin talka argi bat eman delako», adierazi du, Ertzaintzak «desordena publiko larriak» antzeman zituela gogoratuz. «Baina etorkizunean gauzatuko den ahozko epaiketan frogatutzat joko da manifestaziorako eskubidearen baitan emandako protesta baketsuak baino ez zirela izan».
Bestalde, zigorrak desproportzionatuak direla ohartarazi du. «Administrazioak ez du arrazoitu egin duen arauaren interpretazio zigortzailea, eta ez du arrazoitu ezarri dituen neurri gabeko 1.500 eta 2.500 euroko isunak», dio abokatuak.
Honen esanetan, «galdetu beharko zaio Segurtasun Sailari ea zergatik kasu konkretu honetan halako jarrera eta ebazpen ezohikoak ebatzi dituen jakina denean kasu oso berdintsuetan ez duela inoiz horrela jokatu». «Ondorioztatu daiteke Administrazioa modu arbitrarioan ebatzi dituela ebazpen hauek», gaineratu du.
Ernaiko kideek auzitegietara jo dute badakitelako «epaitegiak direla Administrazioa eta kasu honetan Segurtasun Sailak erabakitzeko ahalmena mugatzeko eskumena duten bakarrek». Eta hauek isunak zuzenbide kontrakoak jotzea espero dute gazteek, «nabaria delako aurrekari arriskutsua izan daitekeela isun eta ebazpen guzti hauek baliotzat ematea».
Mozal Legea, «errepresio politikoaren aurpegi nagusia»
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak ideia bera nabarmendu du. Dioenez, «auzi honek mugarri arriskutsu bat kokatzen du gainontzeko mugimendu sozialen aurka ere egin ahal izateko».
Azaldu duenez, «Mozal Legea XXI. mendeko errepresio politikoaren aurpegi nagusia da. Sistema honen aurka egin eta bestelako alternatiba batzuk planteatzen ditugun mugimendu sozialen aurka egiteko erabiltzen duten errepresio mekanismo nagusia. Herritarron babeserako baino, gutxi batzuen pribilegioak bermatu eta statu quoa mantentzeko balio du».
Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrak lege honen aurka agertu dira hainbat alditan, «hala ere 2015tik hona modu sistematikoan aplikatu egin dute». Eta «Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailak duten funtzionatzeko modua aldatzen ez bada uste dugu egoera larri baten aurrean egon gaitezkeela aurrerantzean ere».
Ernaiko kideen ustez, «eraso politiko hau une jakin batean eman da, ezkerreko independentismoa gehiengo politiko eta soziala lehiatzen ari den unean». «Egoera honen aurrean kikilduko ginela uste bazuten, oker dabiltza, eta datozen hilabeteetan izango gara auzitegietan epai honi aurre egin, modu kolektiboan erantzuteko eta honen aurka egiteko».
Egurrolaren hitzetan, «mobilizazioa beharrezkoa ikusten dugu eta dei egiten diegu gazteei eta gizarte orori irailaren 8an Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera, gazte borroka geldiezina dela adieraziko dugu». Eta bitartean lanean jarraituko dute, herriz herri elkartasuna pizten.