NAIZ

Arabako foru suhiltzaileek hitzarmen propioa aldarrikatu eta baliabide gehiago eskatu dituzte

Arabako suhiltzaileen ordezkariak Batzar Nagusietan izan dira ostegun honetan. Talde politikoei laguntza eskatu diete plantilla handitzea ahalbidetuko duen hitzarmen propioa lortzeko. Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileekin alderatuz, baldintza «okerragoak» dituztela esan dute.

Suhiltzaileek Gasteizen egindako mobilizazio baten argazkia.
Suhiltzaileek Gasteizen egindako mobilizazio baten argazkia. (ELA)

Arabako suhiltzaileen ordezkari sindikalek Batzar Nagusietako talde politikoen laguntza eskatu dute plantilla handitzea ahalbidetuko duen hitzarmen propioa lortzeko. Izan ere, salatu dutenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileekin alderatuz, baldintza «okerragoak» dituzte.

Duela zortzi urte sortu zen Arabako suhiltzaileen foru zerbitzua eta oraindik ez dute lortu hitzarmen propioa. Azaldu dutenez, zortzi bilera egin dituzte Foru Aldundiko ordezkariekin hitzarmenaren negoziazioa aurrera eramateko, baina ez dute emaitzarik lortu, eta horrek «nahasmen juridikoa» sortzen du.

Ildo horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako lankideekin alderatuta, lan baldintza «okerragoak» dituztela adierazi dute, eta gogorarazi dute, gainera, herrialde horietan ez bezala, Araban baso suteez ere arduratzen direla. «Erantzun egiten diogu herritarren laguntza eskaerei baliabide gutxiagorekin, eta guk beste herrialdeetan dituzten baldintza berdinak nahi ditugu», adierazi dute.

Hori dela eta, batzarkide taldeei laguntza eskatu diete «behingoz lege esparru komun bat ezarri ahal izateko» beraien lana «gutxieneko segurtasun juridikoarekin» egiteko.

Mahai gainean jarri dituzten arazoen artean nabarmendu dituzte giza baliabide «eskasak» dituztela. Diotenez, zaila da parke bakoitzean gutxienez lau suhiltzaile mantentzea, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen den bezala. Eta egoera horrek «suhiltzaileentzat eta herritarrentzat segurtasun falta» eragiten du.

Adierazi dute, halaber, ez dagoela agintari nahikorik, eta hauek ez dira ordezkatzen baten bat bajan dagonean. Aldi berean, 24 orduko lanaldiak defendatu dituzte, eta udako txandak negoziazio mahaian adostea eskatu dute.

«Ezinezkoa da egungo gerentziarekin hitz egitea, dena negatiboa baita. Dena lan baldintzen prekarizazioarekin konpondu nahi dute. Inguruko zerbitzuei erreparatu besterik ez dute egin behar. Guztiek hitzarmena dute, guk izan ezik, disfuntzioa da. Aldundiko beste edozein langileren eskubide berak eskatzen ditugu», esan dute.