NAIZ

Iruñeko Udalak sanferminetan indarkeria matxistaren aurka egitera dei egin du

Datorren astean hasiko diren sanferminetan indarkeria eta eraso sexisten aurka egitera deitu du Iruñeko Udalak. Biktimei arreta emateko baliabideak eta indarkeria mota honen aurkako kanpaina aurkeztu dituzte ostegun honetan.

Indarkeria matxistaren aurkako Sanferminetako kanpaina aurkeztu du Iruñeko Udalak.
Indarkeria matxistaren aurkako Sanferminetako kanpaina aurkeztu du Iruñeko Udalak. (Iruñeko Udala)

Indarkeria matxista eta eraso sexistak desagerrarazteko deia egin du Iruñeko Udalak sanferminen atarian. ‘Eraso sexistarik gabeko Iruña’ lelopean kanpaina eta zenbait ekintza abiatuko ditu eta herritarrak ahalik eta gehien inplikatzera animatu ditu.

Hala azpimarratu dute ostegun honetan egindako aurkezpenean. Zaloa Basabe Berdintasuneko zinegotzi delegatuak zehaztu duenez, kanpainaren helburua da emakumeek hiria espazio libre eta seguru gisa bizitzea, errespetuan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarrituta eta, erasorik gertatuz gero, hiriak baliabideak eskaintzea eta erantzun koordinatua ematea.

Esku gorriaren sinboloa erabiliko dute beste urte batez kanpainan, euskarri eta formatu desberdinetan. Aurten ere Gaztelu Plazako informazio gunea jarriko dute «sentsibilizazioaren epizentro gisa», informazioa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez eskainiz.

Halaber, biktimei arreta emateko prestakuntza duten hamar profesionalek txandak egingo dituzte 24 orduetan, jai egun guztietan, arreta osoa bermatzeko.

Iaz, 17.881 kontsulta

Aurreko sanferminetan 17.881 kontsulta izan ziren Gaztelu Plazako informazio gunean, 2022ko jaietan baino 618 kontsulta gehiago, eta 24 intzidentzia.

Salaketen kopuruak gora egin du, batez ere adin tarte gazteenetan, Basabek azaldu duenez, baina «ez dago elkarrekotasunik benetako kasuen eta salaketen artean».

«Gaur egun, kasu horiek gutxiegi dira oraindik, baina sentsibilizazio eta indentifikazio handiagoa dago», adierazi du; izan ere, «laguntzarako baliabide hobeak daudela ikusten da, eta horrek konfiantza handiagoa ematen du salaketa jartzerakoan».

Protolokoa aurrera eramateko profesionalen, eragile sozial eta instituzionalen, ostalaritzako lokalen, garraio publikoaren eta peñen artean izandako lankidetza «bikaina» nabarmendu dute udal ordezkariek.