Urtzi URRUTIKOETXEA

AEBetako Gorenak Kapitolioaren erasoko akusazio nagusia baliogabetu du

AEBetako Auzitegi Gorenak ekaineko azken ebazpenak eman ditu, Joe Bidenen eta Donald Trumpen arteko eztabaidaren biharamunean. Horien arteko nabarmenena: Gorenak ez du ontzat eman 2021ko urtarrilaren 6ko Kapitolioaren erasotzaileei «justizia oztopatzearen» delitua egoztea.

Manifestariak, atzo Auzitegi Gorenaren aurrean, Washingtonen.
Manifestariak, atzo Auzitegi Gorenaren aurrean, Washingtonen. (Michael MCCOY | AFP)

AEBetako Auzitegi Gorenak ekaineko azken ebazpenak eman ditu, Joe Bidenen eta Donald Trumpen arteko eztabaidaren biharamunean. Horien arteko nabarmenena 2021ko urtarrilaren 6ko Kongresuaren aurkako erasoari dagokio: Gorenak ez du ontzat eman Kapitolioaren erasotzaileei «justizia oztopatzearen» delitua egoztea.

Kontserbadoreek Auzitegi Gorenaen daukaten 6-3 gehiengoa berriz ere gailendu zen AEBetako Gobernuaren Justizia Saila akusazioetan urrunegi joan zela ebazteko. Ehunka akusatu daude Kapitolioa erasotzeagatik, horietako batzuk zigortuta daude eta espetxean ere badira zenbait, eta ia guztiek daukate oztopatzearen akusazioa.

Ondorioak berehala hasi ziren nabaritzen, Washingtoneko zenbait epaile kasuak berriz irekitzen hasi baitziren Gorenaren ebazpena ezagutu bezain laster. Urtarrilaren 6ko figura ezagunena bihurtu zen Jacob Chansley «QAnon Shaman» (paparra biluzik eta adardun txano batekin sartu zen Kapitoliora) 41 hilabeteko espetxealdira zigortu zuten, eta dagoeneko espetxetik kanpo dago baldintzapeko askatasunean. Edozelan ere, zigorrerako oinarria akordio bat izan zen, Chansleyk justizia oztopatzea onartzea baina indarkeria akusaziorik ez egotea. Hala, orain bere zigorrerako delitu nagusia baliogabetu da.

Antzeko beste 250 kasu daude Kapitolioaren aurkako erasoagatik auzipetuta. Gehienetan, badira akusazio gehiago ere, baina 52 lagunen kasuan justizia oztopatzea izan zen akusazio bakarra. Horietako 27 espetxean daude. Kasu horiek guztiak datozen egun eta asteetan berrikusiko dira.

Epaiketarik izan ez duten eta justizia oztopatzea akusazioen artean dutenetako bat Donald Trump bera da. Debatearen biharamunean, Trumpek «Garaipen handia» idatzi du bere sare sozialean,

Trump: «Garaipen handia»

Auzitegi Gorenaren ebazpena ezagutu berritan. Hala, Trumpen abokatu-taldeak berandu baino goizago eskatuko du Jack Smith fiskal bereziak eraikitako kasua bertan behera uzteko, haren oinarrian dagoen delitua baliorik gabe geratu delakoan. Hala ere, Smithek aurreikusi zuen halakorik gerta zitekeela; fiskal bereziaren arabera, Trumpek justizia oztopatzeko ekintza ez zen urtarrilaren 6an soilik gertatu, zenbait aste lehenago hasi baitzen, hauteskundeetako porrota egiaztatu bezain laster.

Ondorioz, akusazioei eutsi beharra dagoela argudiatu du Smithek. Auzitegi Gorenaren beste ebazpen bat argitu beharko da oraindik, hala ere, fiskal bereziak prestatutako kasua epaiketara iristeko. Hasierako asmoa matxoan hastea zen, eta maila beheragoko auzitegiek Smithi eman zioten arrazoia Trumpen taldeak mahai gainean jarritako eragozpenen aurrean. Azkenean, baina, gaia Gorenera heldu da, ekaineko auzien artean interes handiena pizten duena bihurtzeraino.

Inmunitate presidentziala

Immunitate presidentzialari dagokio gaia, eta ebazpena ez da oraindik argitaratu. Epaileek kasu guztiak ekainerako ebatzi nahi izaten dituzte, baina batzuetan uztail hasieraraino luzatzen da prozesua. Astelehenerako ebazpen gehiago iragarri dituzte. Immunitatearen auziak lotura zuzenda dauka Trump 2021eko urtarrilaren 6ko gertaerengatik auzipetzerik ote dagoen erabakitzeko; Kongresuaren aurkako erasoaren aurretik mintzatu zitzaien orduko presidentea jarraitzaileei. Ezer txarrik egin izana ukatzeaz gain, Trumpek argudiatzen du presidentea zela garai hartan, eta beraz, immunitatea dagokiola karguan zegoela egindako ekintzengatik.

Jack Smithek gezurtatu egin du premisa hori, immunitateak ezin duela mugagabea izan argudiatuta. Lehen helegiteetan auzitegiek Smithen alde egin zuten, eta une batez bazirudien prozedura azkartu eta udaberrirako epaitu ahalko zela. Azkenean baina, Trumpek izendatutako epaileek gehiengo kontserbadorea daukaten Auzitegi Goreneraino heldu zen kasua, eta ordutik hantxe dago geldirik. Datorren astean argitaratu beharko dute ebazpena, presidentearen immunitatea zenbaterainokoa den argitzeko, eta horren arabera antolatzeko Trumpen aurkako epaiketa Kongresuari egindako erasoagatik. Edozein dela ere ebazpena, defentsak kasua prestazteko denbora behar duela argudiatuko du, eta ondorioz, ia ezinezkoa da hauteskundeak baino lehen abiatzea epaiketa.