NAIZ

Karmelo ikastetxearen eraikina erosi nahi du Lakuak; langileentzat irtenbidea eskatu dio ELAk

Lakuako Gobernuak Karmelo ikastetxea dagoen eraikina erosteko asmoa adierazi duela-eta, ELAk Scientia enpresak kaleratu nahi dituen 42 langileei irtenbidea emateko balia dezala eskatu dio.

Karmelo ikastetxeko langileen elkarretaratzea Donostian, Hezkuntza Sailaren aurrean.
Karmelo ikastetxeko langileen elkarretaratzea Donostian, Hezkuntza Sailaren aurrean. (Maialen ANDRÉS | FOKU)

Donostiako Karmelo ikastetxea itxi eta bertan jarduten zuten 42 langileak kalertzeko Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) aurkeztu du aste honetan bertan Scientia School enpresak. Langileek 36. greba eguna dute gaurkoa, eta «enpresak ez die informaziorik ematen», ELAk salatu duenez.

Sindikatu horrek ohar batean azaldu duenez, Karmelo ikastetxea kokatuta dagoen eraikina erosteko asmoa adierazi du Lakuako Gobernuak. Ondorioz, «Scientia School enpresari milioi ugari ordainduko dizkio». Hori dela eta, ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio eraikinaren salerosketa balia dezala «itxieraren baldintzak negoziatzeko eta langileei irtenbide bat eskaintzeko».

Scientia School enpresak orain bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. ELAk gogoratu duenez, bost urte ere «pasa ez direnean», 2023ko urtarrilean enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitzean eskola itxi egingo zuela, «langileei inolako irtenbiderik planteatu gabe».

Bide horretan, enpresak «ez du eskatutako informaziorik igorri» eta horregatik ELAk auzitegietara jo du.

Sindikatuak nabarmendu duenez, Karmelo ikastetxea itunpeko sarekoa da eta, ondorioz, hein handi batean funts publikoen bidez sostengatzen da. Ondorioz, «Hezkuntza Sailak, Donostiako Udalak zein Kristau Eskola patronalak ere badute erantzukizuna auzi honetan».

Horregatik, «itxieraren aurrean eta erosketarekin», langileen baldintzak ere kontuan hartu behar direla helarazi die sindikatuak.