Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Kinds of Kindness’: Lanthimos bueltan da

KINDS OF KINDNESS
Irlanda. 2024. 165'
Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoilariak:  Efthymis Filippou, Yorgos Lanthimos. Aktoreak:  Emma Stone, Jesse Plemons, Willem Dafoe, Margaret Qualley. Argaz.: Robbie Ryan. Musika: Thomas Newman.

Jesse Plemons, Margaret Qualley eta Willem Dafoe.
Jesse Plemons, Margaret Qualley eta Willem Dafoe. (DISNEY +)

‘Poor Things’ (‘Pobres Criaturas’) filmarekin arrakasta izela lortu eta urtebetera, bueltan da Yorgos Lanthimos zuzendari greziarra.

Lanthimos, ‘Greziar zinemaren olatu berria’ mugimenduaren zuzendari esanguratsuena kontsideratzen da. Mugimendu hau 2000ko hamarkadan sortu zen, Greziako krisi ekonomiko-sozialak eraginda. Film berri hau Cannesko 77. zinema jaialdian estreinatu zen eta Jesse Plemons-ek Gizonezko Aktorerik Onenaren saria irabazi zuen.

Plemons-ekin batera, Emma Stone, Willem Dafoe edota Margaret Qualley aktore entzutetsuak ere topatuko dituzu. Kasting prozesua nahiko sakona izan zen. Emma Stonek jokatzen duen rolerako, adibidez, Amy Adams, Cate Blanchett, Emily Blunt, Jessica Chastain, Anne Hathaway edota Nicole Kidman-en izenak izan zituzten mahai gainean. Lanthimosen eta Emma Stoneren arteko laugarren kolaborazioa da ‘The Favourite’ (‘La favorita’) , ‘Bleat’ (film laburra) eta ‘Poor Things’ pelikulen ostean.

Triptiko forma duen fabula bat da, giza izaeraren konplexutasunak aztertzen dituena, eta gurutzatzen diren hiru istorio desberdinen egitura narratiboaz baliatzen da. Bere bizitzaren kontrola berreskuratu nahi duen gizonezkoa, emaztea itsasoan desagertu ondoren honen itzulerari aurre egin beharko dion polizia eta dohain berezi bat duen norbaiten bila dabilen emakumea.

Istorio bakoitzean, aktore berdinek pertsonaia desberdinen rola jokatzen dute. Botereari, kontrolari eta giza harremanei buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaituen filma. Orain arte zuzendu dituen filmen artean luzeena da: 165 minutu.