Ainhoa Espinoza

‘Leiho bat bihotzean’ poema liburua eman du argitara Aintzane Galardik

‘Leiho bat bihotzean’ poema liburuaren aurkezpena izan da ostiral honetan. 78 poema bildu ditu denera. Inguruko paisaiak nagusitzen dira, kultura klasikoaz zipriztinduta, han-hemen.

Aintzane Galardi, bere Leiho Bat Bihotzean poema- bilduma eskuetan duela
Aintzane Galardi, bere Leiho Bat Bihotzean poema- bilduma eskuetan duela (Maialen Andres | FOKU)

Aintzane Galardik ‘Leiho bat bihotzean’ poema liburuaren aurkezpena egin du gaur goizean Donostian. Idazlearekin batera Jose Ramon Makuso Balea Zuria argitaletxeko ordezkaria izan da ekitaldian. «Esango nuke Aintzane poesiaren margolaria dela. Kolore ezberdinen paleta eskuartean, bihotzean, izango balu bezala. Horrela, koloreei garrantzi handia emanez», esan du. Galardiren poesiatan kolore bat nabarmenduko balu urdina izango zela zehaztu du, «gehien errepikatzen den kolorea bait da».

Aintzane Galardi 1969an jaio zen Oiartzunen. Euskal Filologian lizentziatua eta Kultur Baliabideen Kudeaketan espezializatua da Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun irakaslea da Berako Toki Ona institutuan. Panorama literarioan, aipatzekoa da lau poesia liburu egin dituela Galardik eta hauekin hainbat sari jaso dituela, lau hain zuzen: Felipe Arrese Beitia olerki saria 2004 eta 2006an; Blas de Otero-Bilbo Uria VII. Poesia Saria 2014an;  eta XII. Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria euskarako lanen sailean 2018an.

Prozesu erdian sortutakoa da izenburua. Hala argitu du idazleak. «Sekula ez dut hasieran izenburua pentsatzen, poemak biltzen hari naizen heinean etortzen zait ideia normalean», esan du. Zehazki izenburu hau, berak aipatu du, liburuaren hasieran azaltzen diren Henri Matisse margolariaren bi aipuetatik sortutakoa dela. Lehenengo aiputik «bihotza» hitza hartuz eta bigarrengotik «leihoa», horrela izenburua sortuz.

Egituraren aldetik, 78 poemaz osatutako poema bilduma da eta bi ataletan dago banatuta. Lehenengo atalaren izena ‘Polikromia’ da, bertan kolore anitzetako poemak daude atal honetan. Bigarren atalaren izena ‘Monokromia’ da, atal honetan nahiz eta kolore anitzak dauden, bakarra nagusitzen da. «Badaude poema batzuk jarraian irakurtzeakoak direnak, hau da, bata bestearen atzetik irakurri behar direnak. Bata bestearekin jarraipena dutenak», azaldu du egileak.

Galardik esan du askotariko gaiak daudela jasota poema bilduma honetan, zeinbait ezaugarri errepikatuz. «Nire herriko paisaiak, nire herriko bailarako parajea, gustoko ditudan txokoak… liburuan zehar asko azaltzen dira», dio. Horri gehitzen zaizkio kultura klasikoaren «zipriztinak», «han eta hemen».

Berak egin dituen bidaietan ere poemak sortzen ditu. Gairik garrantzitsuena, ordea, Ekialde Urruna da, Japonia hain zuzen ere. «Esan nezake, Ekialde Urruna oso erakargarria egiten zaidala, izan ere, bere kulturaren armonia, sotiltasuna eta sosegoa asko gustatzen zaizkit eta hori poemetan islatzen saiatzen naiz».

Poema bildumaren aurkezpenarekin amaitzeko, Galardik esan du poema bilduma osoan zehar, Henri Matissen margolanetako ‘Kanpoaldearen eta Barrualdearen arteko ezberdintasunak’ metafora oinarritzat hartu duela. «Poemak egiterakoan nire bihotzeko leihotik ikusten dittudan paisaiak, oroitzapenak, ametsak, bizipenak… hori guztia nire poematan margotzen saiatu naiz».