NAIZ

Aita Mari uztailaren 1ean itsasoratuko da Mediterraneoan egingo duen 13. erreskate misioan

Uztailaren 1ean itsasoratuko da berriz Aita Mari, Mediterraneoko uretan egingo duen 13. misioan. Abiatu baino lehen «nazioarteko komunitateak, estatuek eta gizarte zibilak behartutako migrazioaren funtsezko kausei heltzea eta erantzun egokiak ematea» eskatu dute.

Aita Mari erreskate ontzia, Pasaian.
Aita Mari erreskate ontzia, Pasaian. (Jon URBE | FOKU)

Aita Mari itsasontzia uztailaren 1ean abiatuko da Pasaiako portutik, Mediterraneoko uretan egingo duen 13. erreskate humanitario misiorako bidean. Aita Mari martxoaren 22an iritsi zen Bilbora, Mediterraneo erdialdeko uretan hamabigarren misioa amaitu ondoren. Misio horretan 43 pertsona erreskatatu zituen, eta Italiako portu segurura eraman zituen.

Erreskate-ontzi bihurtutako euskal atunontziak maiatzean amaitu zuen euskal uretan zeharreko ibilbidea, eta, denbora horretan, Itsas Salbamendu Humanitarioaren proiektua eta Mediterraneoa zeharkatzen duten migratzaileek eta errefuxiatuek bizi duten errealitatearen berri eman du, GKEak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Besteak beste, ateak ireki zizkion NAIZi Mediterraneoan bizitzak salbatzeko egiten duten erlojupeko borroka ekintzaileen ahotik ezagutzeko.

«Etorkizun desberdina nahi badugu, pertsona guztiek duintasunez eta segurtasunez bizitzeko aukera izan dezaten, premiaz eta konpromisoz jardun behar dugu egungo migrazio-krisiari aurre egiteko», adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioak.

Erantzuna «ezin da axolagabekeriazkoa izan», azpimarratu du GKEak, «nazioarteko komunitateak, estatuek eta gizarte zibilak behartutako migrazioaren funtsezko kausei heltzea eta erantzun egokiak ematea» funtsezkoa dela uste baitu.