Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunak izan da lehena askatzen eta Coruñan lortu ditu lehen garaipena eta lidertza

Egungo txapelduna, lehenengo txandatik, azkarrena izan da Euskotren Ligako denboraldiaren lehen estropadan. Bere txandan, 12 segundo atera dizkio guztiz eraberritutako eta bigarren izan den Oriori, 13 hirugarren izan den Tolosaldeari eta 17 Donostiarrari.

Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatu du Coruñako uretan.
Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatu du Coruñako uretan. (AGENCIA LOF)

Iaz ez bezala, aurten ez da eragozpenik izan eta Coruñak hasiera normala eman dio Euskotren Ligari. Itsasoa eta haizea arraun egiteko lagun izanda, bertan aritu dira, lehen aldiz, zortzi traineru garaipenaren bila. Bi txandatan banatu da estropada. Denboraldiko lehen proba izanda, zozketa bidez egin da kaleen eta txanden ordena. Hala ere, Arraun Lagunaki berdin dio zein txandatan aritu. Iaz eta denboraldiaurrean erakutsitako nagusitasunarekin jarraitzen du eta Ligako lehen garaipena erdietsi du.

Bere txandan ez du inongo arazorik izan. Hasiera-hasieratik hartu du probaren lidertza, Orio atzetik gertu zuela. Beste bi traineruak, berriz, Cabo eta Tirango bi galiziarrak, ezin izan diote erritmoari eutsi eta beraien arteko borroka ikusi da, gehienbat lehen luzean.

Ziabogan, Andrea Astudillo patroiak gidaturiko Arraun Lagunakek 7 segundoko aldea atera dio Oriori. Mirotzek, bigarren luzean, donostiarren erritmoa mantentzea lortu badute ere, azken metroetan makurtu behar izan dute eta 12 segundoko aldea izan da azkenik.

Emozioa bigarren txandan

Bigarren txandan, emozioa izan da nagusi. Ez garaipena eramateko, Arraun Lagunakek ez baitu inongo arazorik izan horretarako, baina bai bigarren postua lortzeko. Hortan, Donostiarrak, zeinek helburu nabarmena zuen gaurkoan –gizonen traineruko Ioritz Orbegozori garaipena eskaini nahi izan diote bere anaia Egoitzen heriotzagatik– eta Tolosaldeak oso lehia bizia mantendu dute.

Lehen luzean Donostiarra izan da azkarrena eta ziabogan lehena, baina Tolosaldeak segundo bakarrera egin du maniobra. Hortik ateratzerakoan, berriz, tolosarrek aurrea hartu dute eta momentu batean bazirudien lehen txandako Orioren denbora hobetuko zutela helmugan. Baina ez da hala izan eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan dira. Atzerago helmugaratu dira Hondarribia eta Hibaika.

Gauzak hala, igande honetan Bueun ospatuko den bigarren jardunaldiari behira, lehen txandan arituko dira Hondarribia, Cabo, Hibaika eta Tiran; eta ohorezko txandan Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra.

Sailkapena:

1. Arraun Lagunak 11:00.30
2. Orio 11:12.62
3. Tolosaldea 11:13.48
4. Donostiarra 11:17.90
5. Hondarribia 11:29.98
6. Cabo 11:38.32
7. Hibaika 11:51.54
8. Tiran 11:54.30

ETE Liga: Zumaia, liderrago

Emakumeen bigarren mailako estropada berria Donibane Lohizunen ospatu da larunbat honetan, eta bertan Zumaia izan da garaile, denboraldiko lehen bi estropadak ere irabazi ostean. "Telmo Deun" trainerua 8 segundogatik gailendu zaio Astillerori eta 25 segundogatik Kaikuri, aurreko asteburuko bi lehietan lorturiko emaitza bera errepikatuz.

Zarautz, San Juan, Deustu, Ondarroa eta Hernani izan dira, orden honetan, hurrengo sailkatuak. Sailkapen nagusiari dagokionez, hiru estropada lehiatu ostean, Zumaia da liderra (24 puntu) eta hauek jarraitzen diote: Astillero (21), Kaiku (18), Zarautz (15), San Juan (11), Deustu (10), Ondarroa (6) eta Hernani (3).