NAIZ

Jon Casenave hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu dute

Euskaltzaindiak euskaldun oso izendatu du Jon Casenave hizkuntzalaria, Beñat Oihartzabalek emeritu egitean utzitako tokia bete dezan. Euskaltzaindiak sorreratik izendatu duen 100. euskaltzaina da.

Jon Casenave euskaltzain oso berria.
Jon Casenave euskaltzain oso berria. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak Jon Casenave euskaltzain oso izendatu du. Euskararen Akademiak Gasteizen egin duen Osoko Bilkuran erabaki dute hizkuntzalaria hautatzea Beñat Oihartzabalek utzitako lekua hartu dezan. Egun, 24 euskaltzain osok eta 11 euskaltzain emerituk osatzen dute Euskaltzaindia eta Akademiak haren sorreratik izendatzen duen 100. euskaltzain osoa da.

Euskaltzain osoek bozketa egin dute Beñat Oihartzabal emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Jon Casenavek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Oihartzabal emeritu izatera igaro zen martxoan, 75 urte betetzean, eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.

Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek maiatzeko Osoko Bilkuran, Casenave bera, eta gaurko bilkuran izendatu dute euskaltzain oso hizkuntzalari lehunztarra. Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.

Lehuntzen, hots, Lapurdin jaio zen Jon Casenave, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da eta Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017). Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuetatik honakoak nabarmendu daitezke: ‘De l'article de presse à l'essai littéraire’ (2002, UNED); ‘Euskal literaturaren historiaren historia’ (2012, Utriusque Vasconiae); eta ‘Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?’ (2021, Euskaltzaindia).