Aldaketak zein aldetara eginen duen jokoan Frantziako Asanblearako bozetan

Ezohiko deialdi bati erantzunez iraganen dira Frantziako Asanblea Nazionalaren osaketa berria erabakiko duten bozak. Gaur lehen itzulia izanen da, eta uztailaren 7an, are erabakigarriagoa den bigarren itzulia. Eskuin muturraren mamua ate aitzinean, batzuek garrantzia kentzeko joerari segitu diote, boz gehiago biltzeko xedez. Ezkerrak batzearen alde egin du, alternatiba aurkeztuz.

Hauteskundeetako kartelak, Donibane Lohizunen.
Hauteskundeetako kartelak, Donibane Lohizunen. (Guillaume FAUVEAU)

Europako hauteskundeetako gau berean Emmanuel Macronek egin zuen ustekabeko deialdiak kanpaina atipiko bat bultzatu du.

Egun guti batzuetan prestatu behar izan dituzte haien proposamenak alderdiek eta epe arrunt laburra ukan dute koalizioetarako adostasunak bilatzeko. Epeak epe, ekainaren 9ko bozen «bestondoarekin» iragan da lehen itzuliari begirako hauteskunde kanpaina. Asanblea Nazionala 1997an desegin zen, azken aldiz, bozen aitzinetik, duela 27 urte, Jacques Chirac presidente zelarik.

Oroitarazteko, aurreko ekainaren 9ko bozetan, Ipar Euskal Herrian, eskuin muturra 92 herritan izan zen garaile. Frantziar Estatuan ere boz gehien Jordan Bardellaren Batasun Nazionalak (RN) bildu zituen.

2022an iragan ziren Frantziako Legebiltzarrerako bozetan, aldiz, estatu mailan, Emmanuel Macron gailendu zen, bozen %38,57 bildurik. Haatik, aitzineko bozetan eskuratu zuen gehiengo osoa galdu zuen.

Ipar Euskal Herrian, Iñaki Echaniz (PS-Nupes), bozen %50,11 bilduz; Florence Lasserre (MoDem-Ensemble), bozen %54,40rekin, eta Vincent Bru (MoDem-Ensemble), %60,21 bilduz, hautatu zituzten euskal herritarrek, hurrenez hurren, laugarren, bosgarren eta seigarren hautesbarrutietan. Lehen biak berriz aurkeztu dira, gehiengo presidentzialari iragarri zaion gainbeherari iskin eginez, eserlekua atxikitzeko esperantzaz.

Ortzi-mugan zer?

Ipar Euskal Herriko datuak biltzen dituen bozen aitzineko inkestarik ez da, eta estatu mailan egiten direnetan ez da mementoz barrutien araberakorik. Beraz, gertatzen ahal denaren hipotesiak frantziar Estatuaren mailakoak dira. Hala ere, argazki bat eman dute. Errealitatearekin bat egiten ote duen jakitea falta da.

Ipsos inkesta-etxeak ekainaren 26an argitaratu zituen datuen arabera, galdeketa egin zen mementoan, Batasun Nazionaleko hautagaiek eta haien aliatuek boto asmoen %36 zituzten. Bigarren Fronte Herritar Berria litzateke, bozen %29 bildurik. Ondotik, gehiengo presidentzialaren aliantza legoke (%19,5). Azkenik, Errepublikanoek boto asmoen %8 bilduko lituzkete.

Muturra zer den eta zer ez den eztabaida publikoa sustatu dute batzuek. Alta, Estatu Kontseiluak ebatzi berri du Batasun Nazionala eskuin muturra dela, eta Fronte Herritar Berriko kide Frantzia Intsumitua ezkerrekoa dela, ez ezker muturra

 

Piztaile bat izan dute, beraz, boz hauek: eskuin muturraren emendatzea. Europako bozetan hark irabazi eta bere alderdiak emaitza txarrak bildu ondoan desegin baitzuen Asanblea Nazionala Emmanuel Macronek.

Piztaile izatearekin batera, kanpainan lehentasunezko elementu ere bilakatu da eskuin muturra. Horren aitzinean finkatu dute posizioa gainerako alderdi eta koalizioek. Frantziako eskuin tradizionalaren ordezkari batzuk, irabazle izatearen grina atxikiz, eskuin muturrera gerturatu dira, Errepublikanoen (LR) buru Eric Ciottik sustaturik. Estatu mailan 60 bat hautesbarrutitan sigla berekin aurkeztuko dira. Ipar Euskal Herrian, adibidez, Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian Batasun Nazionalaren babesa duen hautagaia, Victor Lastecoueres, Errepublikanoen alderdian afiliatu da, bertako presidentea eskuin muturrera (RN) hurbildu eta bi egunera, ‘Mediabask’ hedabideak jakinarazi duenez.

Ezkerraren parte handi batek Fronte Herritar Berrian bildu ditu indarrak. Euskal Herrian lehen aldiz batu da ezker hexagonalaren koalizio batera EH Bai, hautagaiak aurkeztuz. Eskuin muturrari buru egin eta «egiazko alternatiba» eskaini nahi du ezberdinen arteko batasun gisa aurkeztu duten taldeak, eta «itxaropenaren bozak» biltzera egin du deia.

Biltzearen indarra

Ezkerra talde batean bildu izanak tentazioa eragin die batzuei bi mutur daudela aldarrikatzeko eta kasik «apolitikoa» litzatekeen zentroa irtenbide gisa aurkezteko.

Hala, Ipar Euskal Herrian aurkezpenak egin dituzten alderdien artean, «muturren» aitzinean aliantza zentrista aldarrikatu dute MoDem-eko hautagaiek. Espektro politikoan eskuinean kokatuta, ildo beretik egin dute Errepublikanoek. Egun senatari den Max Brissonek adierazi duenez, eskuineko alderdiak argi du bere xedea: «Hautesleei, Macronen eta muturrekoen aitzinean, alternatiba bat eskaintzea».

Muturra zer den eta zer ez den eztabaida publikoa ere sustatu dute batzuek. «Izena duenak izana du», dio erramoldeak. Bada, alderantziz irakurriz, kasu honetan, beren izana erakusten dute aldarrikapen populistekin; beraz, izena egoki emana zaie eskuin mutur gisa. Ildo horretan, Frantziako Estatu Kontseiluak ebatzi berri du Batasun Nazionala (Rassemblement National) eskuin muturra dela, eta Frantzia Intsumitua, Fronte Herritar Berriko kidea, ezkerrekoa dela, ez ezker muturra.

Jendarte zibilak, gazte mugimenduak eta kulturaren munduak erreakzionatu du eskuin muturraren aitzinean.

Lehentasunezko elementu bilakatu da eskuin muturra, eta horren aitzinean finkatu dute posizioa gainerako alderdi eta koalizioek hauteskunde kanpaina atipiko honetan

 

Tartean, euskalgintzaren bilgune den Euskal Konfederazioak sustaturik, hogeita bi eragilek karrikan zein hautetsontzietan eskuin muturraren kontra mobilizatzeko deialdia egin diete herritarrei. Eskuin muturrak gaur egun frantziar Estatuan duen lekua «onartezin» zaie.

Xuti Gazte!-k, bere aldetik, «ultraliberalismoak gazteon eta, oro har, herritarron bizi baldintzak kaltetu dituela» iritziz, boto antifaxista galdetu du. Bere irudikoz, irtenbidea ez baita eskuin muturrean.

Jendartearen esnatzea

Ezohikoagoa den arlotik ere heldu da erreakzioa. Ipar Euskal Herriko bi kultur egitura ofizialek, Scene Nationalek eta Atabalek, adibidez, prentsa agiri bateratua sinatu dute ekainaren 30ean eta uztailaren 7an boza ematera joateko dei eginez, «antzezten, abesten eta dantzatzen dutenek etorkizun bat izaten jarraitu ahal izateko».

«Herrialdeak gaur egun bizi duen salbuespen-egoerak, zatiketek, eskoramenduek eta tentsio gero eta indartsuagoek ahots bera adieraztera garamatzate», azaldu dute bi egiturek oharrean. Testuinguru horretan obren sorkuntza-, adierazpen- eta hedapen-askatasuna zalantzan ezarriko den beldur dira, artistak eta programatzaileak jomugan ezarriz. Xenofobia, arrazakeria, antisemitismoa eta «diskriminazioa bere forma guzietan» arbuiatzen dituztela idatzi dute agirian. Ondoren plazaraturiko oharraren bidez, lehen egituraren kontseiluak, ordea, bere lehendakariari egotzi dio posizio hartze hori.

Bestalde, pertsona migranteen eskubideen alde lan egiten duen Etorkinekin-Diakite elkartearen ustez, immigrazioa «arazo, mehatxu edo arrisku gisa aurkeztuz», Frantziako gobernuek, bata bestearen ondotik, «eskuin muturraren haztegi diren beldurrak eta aurreiritziak sortu eta elikatu dituzte».

Adibidez, Barne ministro Gerald Darmaninek asilo eta immigrazioari buruz bozkarazi zuen lege «arrazista eta antisozialak» RNren babesa jaso zuela oroitarazi du. Hala ere, eskuin muturra boterera helduko balitz, egoerak are okerragora eginen lukeela uste du, «bereziki ahulenentzat edo bazterketa edo prekaritate egoeran dauden pertsonentzat».

Kazeta.eus-ek beste hainbat iritzi bildu ditu ezohiko hauteskunde hauen atarian. Hala, eskuin-muturraren politikak emazteak, gutiengoak, desgaitasuna duten pertsonak, LGBTQIA+ kolektiboko kideak, etorkinak eta haurrak, denak mehatxatzen dituela azpimarratu du agiri baten bidez.

Europan eskuin muturreko gobernuek hartu dituzten neurriak aintzat harturik, beldurra izateko arrazoi zilegiak direla argudiatu du, hala nola, abortatzeko eskubidearen debekua Polonian. Hain zuzen, Batasun Nazionalaren programa bide horretan kokatu du Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak, hainbat neurri aletuz: genero-ikasketak kritikatzea, hizkera inklusiboa debekatzea, ezkontza eta adopzioa familia heterosexualetara mugatzea, mugimendu feministarekiko etsaitasuna, eta sexu bereko pertsonen ezkontza zein adopzioa debekatzea.

Argi dago uneak ez duela aukera ematen memoria historiko laburrekoak izateko. Ezin da ahaztu Europan nola hedatu ziren nazismoa, faxismoa edo frankismoa, mahai bereko hiru hanka.

Eskuin muturraren emendatzea anekdotiko edo trufarako elementu gisa hartzeko tentazioa ukan dute anitzek. Ez Euskal Herrian bakarrik, baita Europa mailan ere. Adibidez, espainiar Estatuko sare sozialetako aktibista sutsu Alvise Perez buru duen Se Acabo La Fiesta alderdia. Txantxa gisa hartua izan zen. Alta, Europako Legebiltzarrean hiru eserleku izanen ditu legealdi honetan.