Bueuko urek itxi dute Galiziako «stage»-a. Larunbatean Coruñak hartu zuen denboraldiaren estreinekoa, eta gaur Bueu izan da antolatzailea euskal traineruak etxera itzuli baino lehen. Eusko Label Ligako lehenengo bi estropada hauek askorako eman dute, gehienbat gauzak nondik nora joango daitezkeen ideia bat egiteko.
Liga irabazteko hautagai nagusia Bermeo Urdaibai da. Egungo txapelduna da eta Galizian bi bandera lortu ditu. Bere atzetik, lehia emateko arituko dela dirudi Zierbena, eta hauen atzetik laukote bat dago: Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Getaria. Beheko postuetan, ordea, igo berria den San Pedrok "berria" ere baden Bueurekin lehia estua mantenduko duela dirudi, baina "Libia"-k errenta ona hartu du asteburu honetan.
Bueuko uretan Bermeok nahi duena egin du. Hasiera Zierbenari eman dio lekukoa, eta hauek hartu dute aurrea hasieratik. Baina bigarren luzean Gorka Aranberriren gizonek estropadako lidertza hartu dute eta amaiera arte iraun dute lehen postuan. Inoiz ez du arriskurik izan garaipena galtzeko eta etxera poz-pozik bueltatuko dira.
Zierbenak ere pozik egoteko moduko proba egin du. Bizkaitarrak bigarren ipini dira sailkapen nagusian eta dudak sartu diete Hondarribiari, gaur bosgarren, eta indarra galtzen joan den Donostiarrari, seigarren. Gipuzkoko hiriburukoek ezin izan diote emaitza hobeago bat eskaini Ioritz Orbegozo taldekideari eta egun hauetan zendutako bere anaia txikia Egoitzi. Baina harro egoteko moduan daude pasatakoak ikusita.
Bigarren txanda: beroa, hasi eta buka
Emozioa bor-bor egon da txanda honetan. Alde batetik, Orio eta Getaria txanda irabazteko lehian aritu dira; eta bestetik, Ondarroak eta Lekittarrak aurreko txandako Cabo eta Kaiku izan dituzte aurkari.
Txanda eramateko lehia horretan, Orio izan da garaile, baina Getariak azken unera arte izan ditu arnasa eta indarra. Azkenean, segundo bateko aldea egon da bi traineruen artean. Eta sari potoloa jaso dute ondoren, ohorezko txandan aritu diren Hondarribia eta Donostiarraren aurretik sailkatu baitira.
Emozioa atzetik etorri da. Izan ere, Ondarroaren aurkaria Cabo izan baita. Galiziarrak aurreko txandan aritu dira eta bere denbora hobetzea izan dute erronka gipuzkoarrek. Momentu askotan atzetik aritu dira, 3 segundo atzetik ere egon izan dira. Baina helmugan helburua bete dute eta lau segundoko aldea atera diote Cabori.
Lekittarrak, bestalde, gauza bera egin du Kaikurekin eta sestaotarren aurretik amaitzea lortu dute, kasu honetan ere lau segundogatik.
Lehen txanda: Cabo, bere mailan goraka
Bueuko proba bertako traineruaren estropadarekin hasi da. Larunbatean azken sailkatua izan zenarekin batera, Cabo, Kaiku eta San Pedro aritu dira. Eta aipatu behar da gaur bai ikusi dela, gutxi gorabehera, denboraldian zehar ikusiko duguna. Hau da, Cabok bere maila eman eta txanda irabazi du –gero, gainera, ikusi da Lekittarra baino hobeto aritu dela–, agian pixka bat gorago egon daitekeen Kaikuren aurretik. Baliteke bi ontzi hauek bigarren txandakoekin aritzeko lehian aritzea urtean zehar.
Atzetik, igo berria den San Pedrok beste bi puntutxo lortu ditu eta, garrantzitsuena dena, Bueu aurkari zuzenaren aurretik amaitu du. Hala, asteburuko kontuak eginda, beste bi puntu gehiago atera dizkie "Libia"-k galiziarrei eta horrek, denboraldi amaierarako, garrantzia handia izan lezake.
III Bandera Concello de Bueu:
1. Urdaibai 19:34.65
2. Zierbena 19:37.11
3. Orio 19:44.80
4. Getaria 19:46.32
5. Hondarribia 19:50.27
6. Donostiarra 19:51.23
7. Ondarroa 20:01.50
8. Cabo 20:05.28
9. Lekittarra 20:15.74
10. Kaiku 20:18.92
11. San Pedro 20:39.04
12. Bueu 20:44.64
Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 24 puntu
2. Zierbena 20
3. Hondarribia 19
4. Orio 18
5. Donostiarra 17
6. Getaria 16
7. Ondarroa 11
8. Lekittarra 10
9. Cabo 8
10. Kaiku 7
11. San Pedro 4
12. Bueu 2