Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Mutilek neskek baino arreta handiagoa eskatzen eta jasotzen dute eskolako lehen urteetan

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, irakasleen eta ikasleen arteko hartu-emanak parekoak al dira nesken eta mutilen kasuan? Kezka horretatik abiatu zuten ikerketa Maite Sabalza Baztan eta Itziar Garcia Garciak. Ondorioak susmoa baieztatu du; mutilek arreta handiagoa eskatzen eta jasotzen dute.

Audio_placeholder

Maite Sabalza Baztan eta Itziar Garcia Garcia, GAUR8n.

Loading player...
Ezker-eskuin, Maite Sabalza Baztan eta Itziar Garcia Garcia, irakasleak eta ikertzaileak.
Ezker-eskuin, Maite Sabalza Baztan eta Itziar Garcia Garcia, irakasleak eta ikertzaileak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Maite Sabalza Baztan eta Itziar Garcia Garcia irakasleak eta ikertzaileak dira. Master amaierako lana elkarrekin egin dute, biek partekatzen duten kezka batetik abiatuta: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, irakaslea berdin gerturatzen al da neskengana eta mutilengana? Irakasleen eta ikasleen arteko elkarrekintzak parekoak al dira maiztasunean eta nolakotasunean batzuen eta besteen kasuan? Galdera potoloa da eta ondorioak, zer pentsa ematen dutenak.

Master amaierako lana elkarrekin egitea, taldean, ez da oso ohikoa izaten. «Masterra egiten ari ginela izan genuen elkarrekin egiteko aukeraren berri. Interesgarria iruditu zitzaigun Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako garapena ikusteko; Itziar Haur Hezkuntzako irakaslea da, eta ni, Lehen Hezkuntzakoa. Gainera, gu beti izan gara lanak taldean egitearen zale. Ulertzen dugu elkarrekin arituta emaitzak ez direla gehitzen, biderkatu egiten direla», nabarmendu du Sabalzak. Maite Flamarique izan da ikerketaren zuzendaria. «Talde ederra osatu dugu eta elkar zaindu dugu», gaineratu du Garciak.

Ikerketa baten abiapuntuan kezka bat, galdera bat, hipotesi bat izaten da askotan. «Elkarrizketa batetik sortu zen abiapuntua. Nik urteak daramatzat esaten Haur Hezkuntzan mutilak, eskolara etortzen direnean, askoz mendekoagoak direla. Neskak, eskolara etortzen direnean, askotan gai dira komunera joateko, garbitzeko, arropa aldatzeko... Normalean neskek askoz laguntza txikiagoa eskatzen dute. Aldiz, mutilek laguntza handiagoa behar dute arropa janzteko, zapatilak janzteko... Hori zergatik gertatzen da? Adin bereko haurrak izanik, nondik dator desberdintasun hori? Badakigu horren atzean ez dagoela biologia. Baina, zer dago? Eta, noski, dagoeneko Haur Hezkuntzatik, mutilei arreta handiagoa ematen hasten bagara, zer gertatuko da gero Lehen Hezkuntzan?», azaldu du Garciak. Horren gainean jarri zuten lehen hipotesiaren harria: mutilek arreta handiagoa eskatu eta jasotzen dute neskek baino.

Ikerketan abiatuta, gaiaren inguruko literatura oso gutxi topatu zuten. «Curriculum ezkutua, familia, androzentrismoa, patioak... Horiek guztiak nahiko ikertuak daude, nahiz eta oraindik ikertzeko asko egon. Baina badaude lan oso onak gai horien inguruan. Baina irakasleen eta ikasleen arteko interakzioak oso gutxi ikertuak daudela konturatu ginen, batez ere genero ikuspegitik», esan du Sabalzak.

Azterketa 2019/2020 ikasturtetik Skolae programan parte hartzen duen Nafarroako itunpeko eskola bateko Haur Hezkuntzako hiru gelatan -hiru, lau eta bost urte- eta Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren mailako lagin adierazgarri batean egin zen. Egunean bi orduko grabaketak egin zituzten; guztira, 30 bat ordu. Horietan irakasleen eta ikasleen artean gertatutako elkarrekintzak erregistratu ziren, ondoren transkribatu eta kodifikatzeko. Horretarako, lehendabizi behaketa antolatu zuten pixka bat, zer behatu behar zuten erabaki zuten. «Bi multzo nagusi bereizi ditugu: ikasleek eskatzen dituzten interakzioak eta irakasleek ematen dituztenak. Eta horren barruan batzuk komunak ziren eta beste batzuk, espezifikoak, Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari begira. Adibidez, Haur Hezkuntzan asko hitz egiten da, interakzio asko daude, behar handia dutelako. Kasu horretan autonomia behatu dugu», azaldu dute ikertzaileek.

Bi multzo horietatik abiatuta, noiz eta nola ematen den hitza; eskua nork altxatzen duen eta nork ez; irakasle eta ikasleen artean ematen diren aipamen informalak; zein izen entzuten diren gehiago ikasgelan; harreman fisikoa nola ematen den... fokua erpin desberdinetan jarri dute irakasleek. Erpin horietako asko, gainera, behaketan bertan ari zirela agertu zaizkie begi aurrean.

Sabalza eta Garcia irakasleak dira eta irakasleak behatu dituzte, lankideak. Epaiketatik urrun, norbere hausnarketatik egin dute lana. «Auto hausnarketa hori irakasle guztiok, eta segur aski langile guztiok, egin beharko dugu gure jardunean; alegia, hausnartu zein genero joera sartzen ditugun gure eguneroko lanean. Behaketan ari ginela, nik nire burua ikusten nuen etengabe nire lankideengan. Uste dut guztiok egiten dugun zerbait dela eta naturaltasunez eta arduraz hartu behar dela», esan du Sabalzak.

Mutilen izenak, gehiagotan

Grabaketa horien behaketa egin eta ikasgelan gertatzen diren elkarrekintza guztiak transkribatzea lan nekeza izan da. Hori egiten hasi orduko lehen ondorioa agertu zitzaien begien aurrera bi ikertzaileei: irakasleak askoz gehiagotan esaten ditu mutilen izenak nesken izenak baino. «Hori identitatearen eraikuntzan sekulakoa da. Hasieran zehaztu genituen kategorietan ez zegoen izenen hori. Beraz, atzera egin eta berriz erregistratu genituen», esan du Sabalzak.

Datuak biltzen joan ahala, eguneroko gertaerak erregistratzen joan ahala, mahai gainera agertu zen lehen ondorio garrantzitsua, honako hau: irakasleek, ikasgelaren barruan, ez dituzte berdin tratatzen neskak eta mutilak. «Datu guztiak, gainera, oso esanguratsuak izan ziren. Haur Hezkuntzan, oro har, mutilek irakaslearen arretaren %63 eskatzen zuten. Neskek, %37, sobera geratzen dena», zehaztu du Garciak. Lehen Hezkuntzaren kasuan, datu hori Haur Hezkuntzakoaren parekoa da, baina bada ñabardura garrantzitsua. «LHko laugarren mailan, mutilen arreta eskaera %60koa zen eta, neskena, %40koa. LHko seigarren mailan, aldiz, mutilen arreta eskaera %74koa eta, neskena, %26. Alde handia zegoen. Zer gertatzen zen? LHko laugarren mailako tutoreak bazuen parte hartzea erregistratzeko sistema bat eta oso zorrotz eramaten zuen. Baina, hala ere, datuak desorekatuak ziren». Bistan da parte hartzea kontrolatzen ez denean, orekatzen ez denean, mutilen arreta eskaerak asko desorekatzen dituela zenbakiak.

Goian, Garcia eta Sabalza, NAIZ Irratiko estudioetan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Beste aldean dago irakaslearen arreta ematea, ikasleekin daukan elkarrekintza. Behaketen arabera, irakasleen interakzioen %70 mutilengana doaz eta %30, neskengana. Eta baziren neska batzuk -baita mutilen bat ere-, grabaketak iraun bitartean, irakaslearekin elkarrekintza bakar bat ere izan ez zutenak.

Ikerketa honen datuek erakusten dute, Haur Hezkuntzara iristen direnean, dagoeneko desberdintasunak igartzen direla nesken eta mutilen arteko autonomia mailan. Eta gero, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan zehar, desberdintasun horiek ez dira orekatzen eta askotan areagotu egiten dira. «Lehen Hezkuntzan askotan neskek ez dute parte hartzen ez badakite seguru erantzun egokia. Baina Haur Hezkuntzan ez da hori gertatzen, normalean gehiago hitz egiten dute, eta neskek ez dute erantzun zuzena ez jakiteko beldur hori. Baina, noski, zenbat eta gutxiago parte hartu, orduan eta zailtasun handiagoa parte hartzeko. Behaketarako erabili ditugun grabaketa horietan badira inoiz entzuten ez diren nesken izenak. Izugarria izan da horrekin konturatzea. Oso garbi ikusi dugu nola dagoeneko hezkuntzako lehen urteetan neskak bigarren planoan geratzen diren eta, urteek aurrera egin ahala, interakzio horiek nola gutxitzen diren», azaldu du Garciak.

«Autonomia, zerbait baikorra izan daitekeena, kontrako ere bihur daiteke. Autonomia daukaten neska horiek ikasten dute ezer ez eskatzen eta bazter batean geratzen. Denborarekin, ulertu dezakete beren tokia hor dagoela, izkina horretan. Neskek azkar ikasten dute bigarren planoan egoten, arauak betetzen eta lan handirik ez ematen irakasleari. Batzuetan, gainera, gertatu daiteke mutil batzuk disruptiboagoak izatea eta irakasleak lehen lerroan kokatzea, hobeto lan egiteko haiekin. Kasu horietan neskak bigarren planoan geratzen dira, fisikoki baita sinbolikoki ere», gaineratu du Sabalzak. «Irakasleok laguntza eskatzen dugunean ere, askotan neskei eskatzen diegu; joan enkargu bat egitera, ekarri hau edo bestea... Fidagarriagoak eta eraginkorragoak iruditzen zaizkigu. Eta karga hori ere jartzen diegu», zehaztu du Garciak.

Elkarrekintza kopuruan ez ezik, elkarrekintza motetan ere sumatu dituzte desberdintasunak. «Mutilek ekintza aktiboagoak egiten dituzte, hala nola hitza hartzea (batzuetan eskua altxatu gabe), altxatzea eta irakaslearengana hurbiltzea, eta neskek, ordea, modu pasiboagoan jokatzen dute; esate baterako, eskua altxatzea eta irakaslea hurbildu arte itxarotea. Ikusi da hitz txanda sistematikoki arautzen duen irakasle batek parte-hartze parekideagoa lortzen duela ikasgelan. Emaitzak aztertu ondoren, ondoriozta dezakegu genero arrakala dagoela ikasleen eta irakasleen arteko elkarrekintzen maiztasunari eta motari dagokienez. Beharrezkoa da datuak biltzen jarraitzea gelan ematen diren desberdintasunekin bukatzeko eta pertsona guztiei berdintasunean eta errespetuan oinarritutako ikaskuntza aukera berdinak eskaintzeko», jaso dute Sabalzak eta Garciak ikerketan.

Hitza eskatzea eta ematea

Irakasleen jardunean ere badira desberdintasunak. «Mutilei komentario informal gehiago egiten zaizkie, askoz gehiagotan esaten da beraien izena, agindu gehiago ematen zaizkie... Nesken kasuan, diminutiboak, hitz maitekorrak eta kontaktu fisiko gehiago ematen dira».

Behaketa egiten ari ziren bitartean zenbait kategoria emergente sortu dituzte; alegia, behaketan ikusitakotik nabarmendutako ertzak. Horietako bat, oso esanguratsua: «Bideoak ikusten genituen bitartean, neurtzen ari ginen eskua altxatzearena eta eskua altxatu gabe hitza hartzearena. Baina, behaketan ari ginela, konturatu ginen bazela erregistratu beharreko beste egoera bat: irakasleak baimentzen ote zuen eskua altxatu gabe hitza hartzea. Askotan gertatzen da neskek eskua altxatzea parte hartzeko -hau da araua errespetatzea-, eta mutil batek erantzuna botatzea baimena eskatu gabe. Eta irakasleak erantzun hori balioztatzea. Neskak, orduan, erantzuna eman gabe eskua jaisten du. Bideoetan egoera hori askotan ikusi dugu eta oso esanguratsua gertatzen da neskak eskua gora eta behera ikustea, hitza hartu gabe», kontatu du Sabalzak.

Hezkuntza formalean zein informalean dabiltzan profesionalek maiz nabarmentzen dute mutilek, oro har, askoz gehiago parte hartzen dutela eta ez dutela akatsa egiteko beldurrik. Neskek, aldiz, erantzun zuzena dakiten kasuetan baino ez dute parte hartzen, beren buruari akatsik ez diote hain aise onartzen. «Haur Hezkuntzatik gertatzen dena ikusita, garbi dago mutilak parte hartzera ohituta daudela. Beraz, zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta lasaiago egiten dute, berdin zaie ondo esan edo ez. Neskak, aldiz, isilik geratzera ohitzen dira eta, ondorioz, parte hartu behar dutenean oso ondo pentsatzen dute zer esan behar duten. Hori gertatzen bada Haur Hezkuntzan, zer ez da gertatuko Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan?», bota du hausnarketa Garciak.

Haur Hezkuntzan dagoeneko desberdintasunak sumatzen dira nesken eta mutilen autonomia mailan eta arreta eskaeran. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

«Mutilek sentitzen dute espazioa eurena dela, beraiei dagokiela eta, neskek, ez. Oso argiak eta intuitiboak dira, eta badakite hanka sartzearen kostua kaltegarriagoa dela beraientzat. Oso adaptatiboa den zerbait da; horregatik da hain garrantzitsua hasiera-hasieratik desaktibatzea. Ni orain DBHn nago irakasle eta esango nuke neskek gehiago parte hartzen dutela erantzunak gehiago kontrolatzen dituztelako. Akademikoak pisu handiagoa duenean, toki gehiago hartzeko aukera ikusten dutela esango nuke. Hori da ikertu beharko litzatekeen hipotesia», esan du Sabalzak.

Bitartean, baina, pertsonak desberdin eraikitzen dira generoaren arabera ume-umetatik eta irakasleak pisu garrantzitsua dauka horretan. Ez irakasleak bakarrik, noski. «Lehendabiziko gauza hausnarketa da. Nafarroan badugu Skolae programa, jarduera oso interesgarriak egiten dira eta badira formakuntzak. Irakasle gehienok pentsatzen dugu berdin tratatzen ditugula neskak eta mutilak, asko kostatzen da norbere genero joerez konturatzea, eta horregatik garrantzitsua iruditzen zaigu benetako hausnarketa sustatzea. Adibidez, interesgarria da grabaketak egitea eta zuk zure gelan zer egiten duzun ikustea. Batzuetan pentsatzen duzu gauzak modu batera egiten dituzula eta zure lana bideo batean ikusten duzunean, gauza askorekin konturatzen zara. Eta irakaskuntza partekatua ere oso garrantzitsua da, gelan bi irakasle izatea; ez batak bestea epaitzeko, laguntzeko baizik», dio Garciak.

Irakasleak desprogramatzea urrats eraginkorra izan daiteke. Baina, eskola bera desprogramatzen ere badago lana. Hezkidetzan erreferente garrantzitsua den Marina Subiratsen gogoeta bat ekarri dute Sabalzak eta Garciak solasaldira. «70eko hamarkadaren amaieran eskola gehienak misto bihurtu ziren Estatuan eta neskak mutilen eskoletara joan ziren, mutilentzat pentsatutako eskoletara. Egituran bertan dago desberdintasuna. Irakasle guztiok kontzientzia hartuta ere, lana izango genuke eskola egitura horiek deseraikitzen. Baina, noski, oso garrantzitsua izango litzateke».

Eskolako patioetan mutilek neskek baino espazio zabalagoa hartzen dute eta horrek kezkak, ikerketak eta dinamika berriak ekarri ditu azken urteotan. Maite Sabalza eta Itziar Garcia ikasgela barrura begira jarri dira beren ikerketan, eta ondorioa oso kontuan hartzekoa da; ikasgela barruan ere mutilek neskek baino espazio gehiago hartzen dute eta, batez ere, denbora askoz gehiago bereganatzen dute. «Hori neurtzeko geratu zaigu, baina izugarria da mutilek zenbat denbora hartzen duten beren gauzak kontatzeko. Neskek, askoz gutxiago».

Jolastokia, beraz, ikasgelan gertatzen denaren segida besterik ez da. Akaso ikasgelako dinamika aldatuta jolastokia aldatu daiteke. Eta jolastokikoa aldatuta, jendarteko dinamika astintzea lortu daiteke. Erabat iraultzea ez, eskolak bakarrik ezin duelako.