Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gero eta gehiago dira behartutako desplazamendua pairatzen dutenak

Giza eskubideen urraketek hamaika ondorio dakartzate; horietako bat da behartutako desplazamendua. Inoizko desplazatu gehien izatera iristen ari da mundua, eta adituek diotenez, «bakearen bideak bakarrik iraul dezake egoera». 120 milioi pertsona inguruk pairatzen dute behartutako lekualdaketa.

Hego Sudanerantz doan furgoneta bat, bertan desplazatuak izango diren herritarrak dituena.
Hego Sudanerantz doan furgoneta bat, bertan desplazatuak izango diren herritarrak dituena. (Sally HAYDEN ı EUROPAPRESS)

Gatazkak, larrialdi klimatikoa eta goseteak. Horiek dira gaur egun herritarrak beraien herrietatik alde egitera behartzen dituzten arrazoi nagusiak. Oinarrizko giza eskubideen urraketak, finean. Arrazoi globalez gain, arrazoi partikularrek ere bultzatu ohi dituzte behartutako agurrak. Ikuspegi orokorra landu baina helduleku zehatzak garatu nahian, UNHCRk, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen Agentziak, behartutako desplazamenduen inguruko txostena argitaratu berri du,: “Behartutako desplazamenduen joera globalak” izenburupean.

Behartutako desplazamenduaren fenomenoa zehatzago ulertzeko, definiziora jotzea izan daiteke aukera bat: gatazkengatik, indarkeriagatik, jazarpenengatik eta giza eskubideen urraketengatik etxetik alde egiten duten pertsonen egoerari dagokio. Behartutako desplazamenduaren bidea hartzen dutenek gatazken amaiera ez dute batere hurbil ikusi ohi, horixe baita desplazamendua bultzatzen duen faktore nagusia; «krisi honek okerrera egingo du», izan ohi da beraien aurreikuspena. Luzea izaten da desplazatuen bidea, askotan hamarkadak irauten ditu, eta lekualdatze bat baino gehiago egin behar izaten dituzte.

Munduan, 120 milioi pertsonak egin dituzte behartutako desplazamenduak. Azken hamabi urteei erreparatuz gero, gorantz egin du desplazamenduen joerak, eta UNHCRren txostenaren arabera, «errekorra» gainditzen ari da: «gatazka berrien eta urte luzez konpondu ezin izan diren krisi luzeen ondorioa da zifra hori» zehaztu dute adituek.

120 milioi asko dira, gehiegi. Zenbakiez harago, irudikatzeko moduek sarritan inpaktu handiagoa sortzen dute. Adibidez, desplazatutako herritarrak batu eta herrialde bakar batean irudikatuko bagenitu, munduko hamabigarren herrialde handiena eratuko lukete, gutxi gorabehera Japoniaren tamaina izango lukeen herrialde bat. Edota beste modu batera esanda, biztanleria osoaren %1,5 desplazatuta dago, txostenak argitzera eman dituen datuen arabera.

Batez ere, gatazka duten lurraldeetako biztanleek ikusten dute beren burua tokiz aldatzera behartuta, eta azken urteetan Sudaneko, Gazako eta Siriako egoera politikoak behartu ditu bertako herritarrak lekualdatzera. UNHCRren ikerketaren arabera, herrialde horiek pairatu behar izan dute lekualdatze gehien.

Nazioarteko Agentziak nazioarteko komunitatearen «apatia eta gelditasuna» salatu ditu, eta «premiazko» erantzuna behar dela mahaigaineratu du beste behin ere.

Muga ingurua

Azken urteetako desplazamenduen arrazoi nagusia gatazka armatuekin lotuta egon da, eta ondorioz, herrialdeen barne mailako desplazamendua handitu egin da: ia %50 hazi da azken bost urteetan. Gaur egun, herrialde barruan lekualdatu edo ondoko herrialdeetara joatea da joera nagusia.

2023ko apirilaz geroztik, 7,1 milioi desplazamendu berri baino gehiago erregistratu dira herrialdeen barne mailan, eta 1,9 milioi, norbere herrialdetik kanpoko lurraldeetara. Zifrak horrenbeste igotzearen arrazoi nagusietako bat Sudaneko gatazka izan dela dio txostenak.

Gatazkek eragiten dituzte lekualdatze gehienak. (EUROPA PRESS)

Izan ere, azken hamalau hilabeteetan, 10,8 milioi herritar lekualdatu dira Sudanen; batzuk, herrialdearen hegoalderantz eta beste batzuk, herrialdetik kanpora. Gaza ere ezin dugu aipatu gabe utzi egungo testuinguruan: 1,7 milioi pertsonak lekualdatu behar izan dute azken hilabeteetan; hau da, bertako biztanleen %75ek.

Siria da azken urtean behartutako desplazamendu gehien pairatu duen lurraldea; 13,8 milioi desplazatu, hain zuzen ere. «Gorantz jarraitzen duten zifra gordin horien atzean, giza tragedia ugari ezkutatzen dira. Sufrimenduak premiaz jokatzera bultzatu behar du nazioartea, desplazamendu behartuaren arrazoiei aurre egiteko», adierazi du Filippo Grandi Lor Errefuxiatuentzako NBEren goi mandatariak.

Desplazamendu mota ezberdinak izaten dira herrialdearen eta lekualdatutako herritarren arabera. Errefuxiatutako gizartearen zati handi batek, %69k, ondoko herrialdeetara jotzen du; mugakide dituzten herrialdeetatik gaindi lekualdatzen direnak, berriz, %43 inguru dira. Batez ere, errenta baxua edo erdi mailakoa duten herrialdeetara alde egiten dute: 2023an, hain zuzen ere, tokiz aldatutakoen %75 joan zen mota horretako herrialdeetara.

Txostenak jaso duenez, asilo eskaera gehien izan duen herrialdea, diferentzia handiz, Ameriketako Estatu Batuak dira, 1,2 milioi pertsonaren eskaerarekin. Alemaniak, bestalde, 329.100 eskaera jaso zituen iaz; Egiptok, 183.100; Espainiak, 163.200, eta Kanadak, 146.800 eskaera.

Bakerik ez

Bigarren mundu gerraz geroztik «inoizko bake egoerarik ahulena» bizi du munduak. Azken 30 urteetako hildako zifrarik altuena utzi digu 2023. urteak: erregistratutako datuen arabera, 162.000 hildako gerren eraginez. Txostenak jaso duenez, gaur egun 56 gatazka daude aktibo (1945etik izandako zifrarik altuena), eta 92 herrialde daude tartean. «Bosgarren urtez jarraian munduko bakea gero eta okerrago dago», ondorioztatu dute.

2024ko lehen lauhilekoaren datuak ere jakinarazi dituzte, eta horien arabera, aurtengo lehen lau hilabeteetan 47.000 hildako izan dira gatazken eraginez, eta beraz, urte osoan joera horrek jarraituko balu, 1994ko Ruandako genozidioaz geroztik izandako kopururik handienera iritsiko lirateke, munduan, behartutako lekualdaketak.

Steve Killelea Ekonomia eta Bakerako Institutuaren sortzaile eta presidenteak azaldu duenez, bake mailak behera egin du azken hamar urteetatik bederatzitan. «Gatazka kopuruen errekorra, militarizazioaren gorakada eta nazioarteko lehia estrategikoa ikusten ari gara», gaineratu du txostenak.

Irtenbideak badira

UNHCRk jakinarazitako zifren arabera, bost milioi desplazatuk baino gehiagok eta milioi bat errefuxiatuk beraien etxerako buelta egin zuten 2023. urtean. Aurrera begira jarriz gero, zifra esanguratsua izan daitekeela diote adituek, eta «esperantza» sortzen duela gaineratu dute. «Irtenbideak egon badaude, ikusi ditugu Kenya eta beste herrialde batzuk lanean errefuxiatuak gizarteratzeko, baina benetako konpromisoa falta da», dio txostenak.

Desplazatu kopuruak gora egiten jarraitzen du. (EUROPA PRESS)

Joan den urteko beste bi datu baikor ere argitaratu dituzte UNHCRren txostenean. Beren herrialdeetara itzulitako desplazatuez gain, 158.700 errefuxiatu beste herrialderen batean birkokatu zituzten, eta 32.200 aberrigabek nazionalitate bat eskuratu zuten. «Birkokatzea arrisku egoeran dauden errefuxiatuen bizitzak salbatzen dituen esku-hartzea da, eta erantzun esanguratsua ematen die gero eta ugariagoak diren eta konpondu ez diren nahitaezko desplazamendu egoerei», gehitu du UNHCRko kideak.

Irtenbideak badaude, baina 2025ari begira jarri eta oraindik egiteko asko dagoela ondorioztatu du UNHCRren txostenak. Mundu mailan errefuxiatu askok lekualdatuak izateko beharra izango dute, eta 2024. urteko datuekin alderatuta, %20ko igoera izango luke birkokatu edota lekualdatuko diren herritarren kopuruak.

Bederatzigarren urtez jarraian, Siria izango litzateke behar handiena duen herrialdea. Zifra horiek ikusita, UNHCRk estatuei eskatu die «birfinkatzearen konpromisoa areagotzeko», eta beren programa nazionalek hori aurreikustea eta azkartasuna ematea kasu larrietan.