Mundakako Udalak erabaki du ostegun honetatik aurrera eta urtebeteko epean ez duela etxebizitza turistiko berriak egiteko baimenik emango.
Udaleko gobernu taldeak erabilera turistikoak arautzeko HAPOan (Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra) aldaketak egitea onartu du ostegun honetan egin duen ezohiko osoko bilkuran, eta ohar baten bidez jakinarazi duenez, erabilera turistikoko etxebizitzetarako eta apartamentu turistikoetarako lizentzia berriak etengo ditu urtebeteko epean.
Halaber, zehaztu du Hiritek-Hirigintza Teknikariak arkitektura enpresa kontratatu duela HAPOan aipatu aldaketa idazteko. Prozesu horretan, Udalak aurreratu duenez, «eragileek eta herritarrek parte hartuko dute, eta gobernu taldeak zuzendu eta kudeatuko du, erredakzio taldearen laguntzarekin».
Bestalde, lehenagotik dauden etxebizitza turistikoen eta etxebizitzen alokairuaren egoerari ere aipamena egin dio Mundakako Udalak, esanez bere eskumenen esparruan, «aplikatu beharreko araudia betetzen dela» zaintzeaz arduratuko dela, «bai alderdi espezifikoei dagokienez, bai eragin fiskalei dagokienez».
Orotara, 87
Lakuako Gobernuak astelehen honetan jakinarazi zuenez, EAEn erregistratutako etxebizitza turistikoen ia erdia Donostian eta Bilbon daude, baina arazoa ez dago soilik hiriburuetan. Egiaz, badira biztanle gutxi izanagatik ere etxebizitza turistikoen kopuru altuarengatik nabarmentzen diren udalerri batzuk, kostaldean bereziki, eta horietako bat da Mundaka. 2.000 biztanle baino gutxiago dituen Bizkaiko herri honetan, orotara, 87 daude erregistratuta, kasurako, Sopelan baino gehiago: 12.500 biztanle inguru ditu Sopelak, eta 72 etxebizitza turistiko erregistratuta.