Maite Ubiria

Enpresa, erakunde edo unibertsitatean jarduten duten ordezkariak, NFPko hautagaien alde

Zaila litzateke zerrendatzea zenbat zerrenda zabaltzen diren bozen karietara. Izan ere, Ipar Euskal Herriko artistek eginiko hautuaren ostean, unibertsitate, enpresa edo erakunde eremuetan jarduten duten hainbat lagunek Fronte Herritar Berriaren hiru hautagaiak babesteko deia plazaratu dute.

Fronte Herritar Berriaren ekitaldia Ziburun
Fronte Herritar Berriaren ekitaldia Ziburun (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko artistek «Fronte Herritar Berria bozkatzea kultura bozkatzea» dela aldarrikatu dute ostegun arratsaldean plazaraturiko agiriaren bidez.

«Gaur egun, kultura munduak, elkarrekin eta indar handiz, gorrotoaren, banaketaren eta askatasunen murrizketen aurka egingo du beti» adierazi dute adierazpen horretan.

«Gure balioak, elkartasuna eta justizia sozialak gure herriaren bidea izaten jarraitu behar dute», irakurri daiteke, besteak beste Jurgi Ekizak (Willis Drummond), Maika Etxekoparrek (HorHor), Agustin Alkhatek, Maider Cigarroak, DJ Bullek, Juliette Canouetek (Ring of Cash / Tan2em), Anje Duhaldek, Haira Aizpuruak, Mixel Ducauk, Maider Beheranek (Iduzkilore) edota Manex Fuchsek izenpetu duten agirian.

Horrendako, «Fronte Popular Berria (NFP) bozkatzeko deia egiten dugu, gure balioak eta printzipioak babesteko eta gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko», laburbildu dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamarnaka kulturgileren sostengua jaso duen gutun horretan.

Babes katea ez da eten

Hauteskunde kanpainaren hondarrean banan-banako sostenguen bilduma osatuz joan da.

Hala, Iñaki Echaniz sozialista biarnesak etxebizitzaren baita euskararen aldeko dosierrak aitzineratzeko eginiko lana nabarmendu du, ostiral honetan, Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko Hizkuntz Politikaren arduradunak eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ohiak.

X sare sozialaren bidez mezu hau zabaldu du: «2022an, deputatu bilakatu bezain laster, Iñaki Echaniz lanean hasi da etxebizitzaren inguruko arazoen konpontzeko xedearekin. EEPko presidente bezala, nirekin etorri da Pariserat euskararen aldeko urratsen defendatzerat. Dudarik ez, igandean, bozka dezagun Iñaki Echanizen alde!».

Colette Capdevielle bosgarren hautesbarrutiko hautagaiak bere sostengu zerrenda plazaratu zuen ostegun iluntzean. Besteak beste Alain Rousset Akitania Berria Eskualdeko lehendakari sozialistak, Michel Camdessus Munduko Diru Funtsako lehendakari ohiak, Itxaro Borda idazleak edota Jean-Michel Uhaldeborde Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko presidente ohiak beraien babesa agertu diote igandeko lehiari begira diputatu ohi baionarrari.

Hiru hautagaien aldeko babesa, zentrotik

Izan ere, Fronte Herritar Berriaren hiru hautagaiak babesteko deia plazaratu dute, eskutitz baten bidez, unibertsitate, enpresa edo erakundeen eremuetan jarduten duten beste hainbat lagunek.

EH Bai-NFPko hautagai den Peio Dufauk esker oneko hitzak izan ditu, gehienbat bere hauteskunde barrutian kokatzen diren pertsona esanguratsu horiek, ibilbide eta pentsamolde ezberdina izanik ere, adierazitako sostenguarengatik.

Lehenik eta behin, heldu den igandean jokatuko den bigarren itzulian izanen diren berezitasunak aipagai izan dituzte sinatzaileek.

«Lehen itzuliko gauean, Ipar Euskal Herrian inoiz ikusi gabeko konfigurazio bat marraztu da, eta hautes barrutietan lehen postuan iritsi diren Fronte Herritar Berriko hautagaiak Batasun Nazionalarekin eta gehiengo presidentzialarekin sekula ikusi ez diren triangularretan leihatuko dira, bi hautes barrutietan», adierazi dute gutun horretan. Era berean, bigarren itzulian aurreikusitako konfigurazio horrek «ezusteko emaitza» ekar lezakeela ohartarazi dutela.

Ildo beretik, «eskuin muturrak Euskal Herriarentzat dakarren arriskuaren aitzinean, urteetan eraiki ditugun kontsentsu zabalen mesedetan eta gure egiten ditugun balore humanisten izenean» haien ardurak hartzeko asmoa azaldu dute, betiere Batasun Nazionaleko hautagaiak hautatuak izateko aukerari buruz baren arrangura azaltzen duten ordezkariek.

«Lurralde honen ikuspegi bat dugu, bere berezitasunen errespetuan eta demokraziaren baloreen atortzan oinarritua (eta) ikuspegi hori erabat baterazina da Rassemblement Nationalaren proiektuarekin» gaineratuz.

Lanjera hori ekidin nahian «batasuna ezinbestekoa dela» azaldu dute, lehen itzulian lehen postuan kokatu ziren hautagaien alde obratzeko beharra aldarrikatuz. Hau da, Iñaki Echaniz, Colette Capdevielle eta Peio Dufau Parisera eramateko botoa galdetu dute.

Herritar esanguratsu hauek izenpetu dute gutuna: Christine Bessonart Senpereko auzapez zentrista ohiak –Ipar Euskal Herriko Hautestien Biltzarreko burua ere izan zen–; Jean-Baptiste Sallaverry alkate zelarik Hendaiako Herriko Kontseiluaren auzapezorde gisara jardun zuen Jean-Michel Berrak; Marie-Baptiste Duhart lohizundarrak; Peio Etxeleku EAJ-PNBko Ipar Buru Batzarreko (IBB) presidenteak; Sylvie Leizagoyen Ainhoako lehen auzapezordeak; Jean Pierre Massias Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean Zuzenbide irakasleak; Mathieu Membrede Luhusoko enpresaburuak eta Christine Mimiague Biarritzeko auzapezorde ohiak.