Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Filmin eta euskara

Sarritan galdetzen didate zein den gehien gomendatzen dudan streaming plataforma. Guztiek dituzte alde onak eta txarrak, eta eduki motaren arabera bata ala bestea gomendatzen dut.

Azken boladan, ordea, esango nuke Filmin dela gehien erabiltzen ari naizena eta are gehiago aste honetako albistearen ostean: Pantailak Euskaraz eta Filmin plataforma lankidetzan aritu dira azken hilabeteotan, eta horri esker euskarazko 100 azpititulutik gora gehitu ditu plataformak katalogoan.

Ondorioz, Filmin da gaur egun euskarazko eduki gehien eskaintzen dituena. Pantailak Euskaraz taldeak bere kabuz egokitu ditu azpidatzi horiek, eta Herrialde Katalanetako plataformak azkeneko asteetan kargatu ditu bere zerbitzura. 

‘Filmin Euskaraz’ atala 2020. urtean jaio zen eta euskarazko 40 izenburu inguru zituen. Egun, guztira, 260 ikus-entzunezko inguru topatu daitezke katalogoan euskaraz. Nazioarteko filmei dagokionez, ‘Schindler's List’ (‘La Lista de Schindler’), ‘Vertigo’, ‘Taxi Driver, ‘Fargo’ edota ‘Carlitos Way’ (‘Atrapado por su pasado’) erako maisulanak eta euskal ekoizpenen artean ‘Handia’, ‘Amama’, ‘Gelditasuna Ekaitzean’ edota ‘80 egunean’ harribitxiak.

Bide batez ZerNonIkusi.eus egitasmoa ere azpimarratuko dut, euskaraz zer dagoen topatzeko zailtasunak dituzuenontzat oso erreminta baliagarria izan baitaiteke. Streaming plataformetan euskaraz dauden edukien zerrenda eskaintzen du, zein plataformatan dagoen eta edukiaren informazioarekin. Horrez gain, zinemetako euskarazko estreinaldien inguruko informazioa ere biltzen du.