NAIZ

Migratzaileak Ruandara deportatzeko plana «hilda eta lurperatuta» dagoela dio Starmerrek

Keir Starmer Britania Handiko lehen ministroak nabarmendu duenez, migratzaileak Ruandara deportatzeko plana «hilda eta lurperatuta» dago. Haren esanetan, Rishi Sunak kontserbadoreak defendatutako plana «inoiz ez da disuasio-elementua izan».

Keir Starmer larunbat honetan Londresen egindako agerraldian.
Keir Starmer larunbat honetan Londresen egindako agerraldian. (Claudia GRECO | AFP)

Keir Starmer Britania Handiko lehen ministroak larunbat honetan adierazi duenez, Rishi Sunak kontserbadoreak Ruandara migratzaileak deportatzeko prestatu zuen plan polemikoa «hilda eta lurperatuta» dago.

«Ruandako plana hilda eta lurperatuta zegoen hasi baino lehen. Inoiz ez da disuasio-elementua izan», nabarmendu du Starmerrek prentsaurreko batean, «eta ez nago prest inor uxatzeko balio ez duten planekin jarraitzeko».

Bere aurrekoaren esanetan, Afrikako herrialdera deportatzeko plan horrek Britania Handian sartzen saiatzen diren ehunka migratzaile uxatzeko balioko luke, batez ere Mantxako kanalaren ibilbide arriskutsuaren bidez heltzen saiatzen direnei.

«Norbaitek begiratu ditzala urte hasieratik jaso ditugun migratzaileen kopuruak. Errekorra lehen sei hilabeteetan», nabarmendu du Starmerrek Londresen, Alderdi Laboristak hauteskunde orokorrak irabazi ostean egindako Ministroen Kontseiluaren lehen bilera amaitu ondoren.

Joan den maiatzaren 25ean, Britania Handiko Gobernuak kalkulatu zuen 10.000 migratzaile baino gehiago iritsi zirela Mantxako kanalaren bidez 2024ko hasieratik. 2023an 7.326 migratzaile iritsi ziren kostaldera bereziki arriskutsua den ibilbide hori jarraituz.