Bolada ona noiz geldituko ote den, horixe izan daiteke lau estropada jokatu diren honetan gatza eta piperra izan dezakeen eragiketa bakarra. Beste asteburu biribil bat osatu dute Urdaibaik eta Arraun Lagunakek, ‘Lugañeneko’ patroi Andrea Astudillok bere jaioterrian astintzen duen lehendabiziko trapuarekin. Pasa den urtean segundo bakar batengatik ihes egin zien garaipenak Zierbenako uretan, Mar Larreak ongi gogoratu duen legez, eta beraz, motibazio horrekin aritu dira IV. Bandera Edinor poltsikoratzeko.
Lehendabiziko aldiz menderatu du Zierbenako estropada eremua Arraun Lagunakek; bada, kontrara, bertan seigarren garaipena eskuratu du Urdaibaik, bigarrena erreskadan. Honekin, bermeotarrek ere ligako laugarren bandera astindu dute, areriorik ez dutela erakutsita. Igande honetan, behintzat, Orio zein Hondarribiak apur bat itxuratu zuten estropada, ‘Bou Bizkaiari’ kezka apur bat sorraraziz, Gorka Aranberrik berretsi duen legez.
Lehen ziabogaren maniobraren ostean, Oriok aurrea hartu dio, bi segundoko errenta aterata baina ezeresean geratu da abantaila hori, olatu txikia baina luzea ederki surfeatu baitute Iker Zabalaren gizonek, bat-batean bost segundo aurretik kokatuta. Barneko ziabogan apenas izan du arazorik eta brankan aldeak handitzen hasi da Urdaibai, «piñoi finkoan» arraun eginez. «Pista azkarra da, baina gogorra. Piñoi finkoan joan beharra zegoen kanpoaldera, barruranzkoan olatu apur bat zegoelako», azaldu du Zarauzko patroi trebeak.
Hain zuzen ere, itsasoaren trikimailuak ongi ulerturik –nahiz eta portu barnealdean jokatu estropada, olatu txiki eta luzeak sortzen ziren– Hondarribiak poparean ezustekoa eman du, ‘Bou Bizkaiarengandik’ traineru bakar batera jarrita, hiru segundora, alegia. Aranberrik onartu du horrek apur bat tentuz aritzea eragin diela baina jakin dutela ‘Ama Guadalupekoak’ berak harturiko olatua probesten. Azkenerako, betiko gidoia, Urdaibai txapeldun, hurrengo arerioa 8 segundora utzita.
Donostiarrak, bigarren txanda irabazita, atera dute azken asteetako arantza eta Cabo eta Kaikuk, lehen txandan arituta, zazpi eta zortzigarren bukatu dute, hurrenez hurren. Lekittarrak egun makala izan du, azkenaurreko postuan bukatu baitu.
Eusko Label - XLI.Bandera Petronor
1. Urdaibai 19:41.52
2. Hondarribia 19:48.86
3. Zierbena 19:52:56
4. Orio 19:56.70
5. Donostiarra 20:03.02
6. Getaria 20:18.92
7. Cabo 20:20.58
8. Kaiku 20:21.12
9. Ondarroa 20:22.58
10. San Pedro 20:30.40
11. Lekittarra 20:32.56
12. Bueu 20:47.50
Eusko Label - Sailkapen Nagusia
1. Urdaibai 48 puntu
2. Zierbena 41 p.
3. Hondarribia 40 p.
4. Orio 36 p.
5. Donostiarra 32 p.
6. Getaria 29 p.
7. Ondarroa 20 p.
8. Lekittarra 20 p.
9. Cabo 18 p.
10. Kaiku 14 p.
11. San Pedro 10 p.
12. Bueu 4 p.
Hasi eta buka
Larunbatean esaten genuen garaiezin zebilela ‘Lugañene’, bada igande honetan ere beste erakustaldi bat emanda, sabaia are eta altuago jarri dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek. Zierbenan, IV. Bandera Edinor lehian, hasi eta buka nagusitasunez aritu dira, denboraldiko laugarren bandera astinduta. Baliteke orain arteko bereziena izatea, inoiz irabazi gabekoa poltsikoratu dutelako baina baita ere, Andrea Astudillo patroiaren jaioterrian ospatu dutelako garaipena.
«Pasa den urtean segundo bategatik galdu genuen», adierazi du Mar Larrea ondarrutarrak ETBko kameren aurrean, aurten gogotsu zeudela adierazi nahian. Berezia izan da, «etxeko estropada» moduan sentitzen dutelako eta honek, denboraldiari dagokionez, anbizioz betetzen dutelako. Asmoa, noski, estropadaz estropada joatea da, baina bigarren asteburuan ere dena irabazi ostean «helburua izan daiteke banderen plenoa egitea». Nolanahi ere, ezin dira despistatu, beste 12 bandera geratzen baitira eta gainontzeko traineruek atzetik aurrera egitea espero da.
Proan aldeak handitu ditu, poparean «motorra piztu eta disfrutatzeko». Horixe da Arraun Lagunaken estrategia, Larreak argitu duen moduan. Bost segundo atera dio Donostiarrari ziabogan, zazpi Oriori –ziaboga oso ona egin du, Tolosaldeari aurrea hartuta– eta bederatzi Tolosaldeari. Ramon Erostarbek gidatutako eskifaiak, baina, Donostian egin bezala, trebezia eta indarri erakutsi du poparean –gaurkoan Maialen Amondarain patroiarekin–, arerioengana gerturatu eta lehia oso estuan, lurtarren arteko garaipena eramanda. Atzetik aurrera egin du berriro ere, eta azken metro zinen biziak eskaini dituzte hiru traineruek, hiruak segundo baten tartean sartu baitira. Orio izan da hirugarrena eta Donostiarra, laugarrena.
Lehen txandan, bestalde, Hondarribiak ezarri du denborarik onena baina azkenean, ohorezko txandakoen denboratik oso urrun geratu da –15 segundora–. Miren Garmendia patroi –gaur gaurkoz, patroien sailkapenean lehendabizikoa–, hamar segundoko abantailarekin iritsi da lehen ziabogara eta hemen ere lehia estua ezarri dute gainontzeko hiru eskifaiek. Poparean indartsuago ibili da Hibaika –Donostiako estropada makala atzean utzita– eta bi ontzi galiziarrak atzean utzi ditu. Cabok azkenaurreko postuan bukatu du eta Tiranek, azkenengoan.
Euskotren - IV. Bandera Edinor
1. Arraun Lagunak 10:41.82
2. Tolosaldea 10:49.00
3. Orio 10:50.48
4. Donostiarra 10:51.12
5. Hondarribia 11:04.14
6. Hibaika 11:17.46
7. Cabo 11:21.46
8. Tiran 11:27.94
Euskotren - Sailkapen Nagusia
1. Arraun Lagunak 32 puntu
2. Tolosaldea 27 p.
3. Orio 25 p.
4. Donostiarra 20 p.
5. Hondarribia 14 p.
6. Hibaika 11 p.
7. Cabo 10 p.
8. Tiran 5 p.