NAIZ

Errenta baxuenei zergak jaistea proposatuko du EH Bilduk eta, altuenei, aldiz, igotzea

Asteartean zuzenketak aurkeztuko dizkio pasa den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak erreforma fiskala gauzatzeko aurkeztu zuen dokumentuari. Zergen ordainketa errentaren arabera doitzea proposatuko du, besteak beste.

Haritz Perez eta Maddalen Iriartek, EH Bilduk fiskalitatearen inguruan egin duen agerraldian.
Haritz Perez eta Maddalen Iriartek, EH Bilduk fiskalitatearen inguruan egin duen agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiak erreforma fiskala gauzatzeko pasa den astean aurkeztu zuen dokumentua «lausoegia» eta «autokonplazientea» dela iritzita, zuzenketak aurkeztu dizkio EH Bilduk. Besteak beste, errenta baxuenei zergak jaistea eta altuenei, berriz, igotzea proposatuko du koalizioak.

«Txostenak ematen ditu adostasunerako aukera batzuk, baina uste dugu zerga sistema justu, progresiboa eta aurrerakoi baten norabidea zehaztu egin behar dela eta era berean jaso egin behar direla txostenak jasotzen ez dituen beste zenbait», adierazi du astelehen honetan Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak.

Aldundiak Gipuzkoan erreforma fiskala gauzatzeko aurkeztu duen txostena, Iriarteren iritzia, «autokonplazientea» da. «Jendeak dituen beharrei, eskubideei eta lurraldeak dituen erronkei erantzuteko, egoeraren argazki fidela ezinbestekoa da», zehaztu du.

Hala ere, dokumentuak asmatzen du zenbait «desafio» identifikatzen, hala nola, etxebizitzaren arazoa eta genero arrakalaren izaera estrukturala, Iriarteren esanetan.

Errenta aitorpena, guztiek

EH Bilduk zuzenketak aurkeztuko dizkio txostenari asteartean, eta horiek aurreratu ditu Haritz Perez batzarkideak. Hasteko, Nafarroan egiten den modura, errenta baxuenei zergak jaistea eta altuenei igotzea proposatuko du koalizio abertzaleak.

Bestalde, errenta aitorpena herritar guztiek egiteko bideak zabaldu behar esan du Perezek, besteak beste, «hainbat laguntza publiko laguntza fiskalen bidez ematen direlako» eta, beraz, errenta aitorpena egiten ez dutenek ezin dituztelako jaso. «EH Bildun eskubide subjektiboetan sinisten dugu: laguntzak erabakitzerakoan pentsatu behar da zein den modu efizienteena horiek emateko, eta, efizienteena errenta kanpainan ematea bada, herritar guztiek izan behar dute horiek jasotzeko aukera», adierazi du batzarkideak.

Gainera, irabazi handiak dituzten enpresek dagokien sozietate zerga ordainduko dutela bermatzeko neurriak behar direla zehaztu du EH Bilduk. Era berean, Perezek agertu du enpresek, pertsonek bezala, duten irabazien arabera progresiboki ordaintzedu behar luketela.