Amaia Ereñaga

Euskaraz mintzatzen diren figuranteak behar dituzte ‘Sacamantecas’ thriller historikorako

Adin desberdinetako figuranteak, euskal hiztunak direnak, behar dituzte David Perez-Sañudoren (‘Ane’) hurrengo filmerako. XIX eta XX. mendeko Bizkaian girotuta, bertako euskara lehenetsiko da; hots, Mendebaldeko euskara. Aurrekontu handiko thriller historiko handi bat izango omen da.

Miren Gaztañaga eta David Pérez Sañudo 'Azken erromantikoak' filmaren filmaketan.
Miren Gaztañaga eta David Pérez Sañudo 'Azken erromantikoak' filmaren filmaketan. (Unai MATEO)

Flor&Txabe casting enpresak zabaldu berri du David Perez-Sañudoren (‘Ane’) hurrengo filmerako figuranteak aukeratzeko deialdia. 20-70 tarteko gizon eta emakumeen bila ari dira eta, aipatu dutenez, esperientzia ez da nahitaezkoa; ezinbestekoa dena da, ordea, euskaraz jakitea.

Filmean parte hartzeko interesa dutenek txabeyflorcasting@gmail.com helbidera bidali dezakete email bat, argazki bat gehituta eta beraien bizilekua zehaztuta.

Filmea XIX eta XX. mendeetan kokatzen da, eta nekazari, baserritar eta lan fisiko desberdinak egiten dituzten pertsonaia asko agertzen omen dira. Horregatik, bilatzen ari diren figuranteek gehien bat «itxura gogorrekoa» behar dute izan, Flor&Txabe-tik aipatu dutenez.

«Filmea euskaraz grabatuko da; beraz, ezinbestekoa da euskaraz ondo moldatzea. Gainera, grabaketa Bizkaia inguruan izango denez, pertsonaiak bizkaieraz mintzatuko dira. Horregatik, bizkaieraz aritzen diren euskaldunak dira gehien bat behar ditugunak», argitu digute.

‘La seca’ filmetik produkzio handi batera

David Perez-Sañudok 2020an estrenatu zuen bere lehen filme luzea, ‘Ane’. Hainbat sari jaso zituen; besteak beste, gidoi egokitu onenaren Goya saria. Telebistako telesailak egin ditu ere, hala nola ‘Alardea’ eta ‘Touré’, eta Txani Rodriguezen nobelan oinarritutako bere bigarren film luzearen grabaketa –‘Azken erromantikoak’ tituluduna– amaitu berri du.

Esku artean duen hurrengo proiektua jauzi handi bat da: ekoizpen handi bat izango delako. ‘Variety’ aldizkariak maiatzean aurreratu zuenez, David Perez-Sañudoren hurrengo proiektuak ‘Sacamantecas’ izena izango du. Estatu espainiarreko memorian txertatutako hiltzaile baten historia kontatuko du.

Luzaroan landutako proiektu zinematografikoa omen da, eta euskal zuzendari eta gidoilariak urteak daramatza honekin bueltan. Aurrekontu handiko ‘thriller’ historiko bat da.

Juan Diaz de Garayo Egilatzen (Araba) jaio zen 1821ean. Baserritarra zen eta Lehen Karlistaldian parte hartu zuen. 1870ean hil zuen emakume bat, sexu langile bat zehazki; aurrerantzean bortxatu eta hilko zituen hamahiru emakumeetatik lehena. Beste hainbat emakume ere erasotu zituen eta Sacamantecas-en izenak izu handia sortu zuen garaian.

Polizia autoritateek jazarri ondoren, 1881ean atxilotu, espetxeratu eta garrotez exekutatu zuten.