NAIZ

Loiukoa munduko aireportuen sailkapenean 29. postuan dago, AirHelp-en arabera

Bilboko aireportua munduko aerodromo onenen artean 29. postuan dago AirHelp 2024 ranking-aren arabera. Ranking hau 70 herrialde inguruko 240 aireportuk osatzen dute.

Loiuko aireportua.
Loiuko aireportua. (Europa Press | EUROPA PRESS)

Aurten 69 herrialdetako 239 aireportu hartu ditu kontuan AirHelp konpainiaren ranking ezagunak, bakoitzari dagokion puntuazioa ezarriz. Sailkapen honek 2023ko maiatzaren 1etik 2024ko apirilaren 30era egindako hegaldiak aztertzen ditu.

AirHelp-ek zehaztu duenez, datu-basean 4.000 aireportu baino gehiago ditu bilduak, baina hauek 239ra murriztu dituzte, aireportu jendetsuenetan eta ezagunenetan oinarrituz, sailkapen hau osatzeko.

Zerrendan agertzen den Estatu espainoleko lehen aireportua Loiukoa da. Munduko rankingean 29. postuan kokatzen du AirHelpek. Europako rankingean berriz, bigarren postuan finkatzen da Bilbokoa.

Rankinga egiteko aldagaiei erreparatuz, horrelakoa da Bilbokoak lortzen duen puntuazioa: lehenik eta behin, hegaldia garaiz heltzeko errendimenduaren arabera 8,1eko puntuazioa du; bezeroak nolako zerbitzua jaso duen aztertuta, 8,1 puntu ere eskuratu ditu; eta azkenik, aireportuko denden eta jatetxeen puntuazioa 7,8koa da. Dena batuta, AirHelpen arabera, Loiuko aireportuak 8,03ko puntuazioa du.

Rankingerako puntu garrantzitsuak

Hiru atal garrantzitsu hartu dira kontuan datu basea egiteko. Hasteko, hegaldia garaiz heltzeko errendimenduari begiratzen diote, hau da, aireportu bakoitzeko denborazko errendimendu estatistikak erabiltzen dituzte hegaldia garaiz iristeko probabilitatea zenbaterainokoa den kalkulatzeko.

Bigarrenik, bezeroak nolako zerbitzua jaso duen hartzen dute kontuan, hau da, 64 herrialde baino gehiagoko bidaiariek bisitatu dituzten azken aireportuetako langileei buruz, hegaldiaren itxaronaldiei buruz eta aireportuko garbitasunari buruz duten iritzia eskatzen diete.

Azkenik, aireportuan dauden denda eta jatetxeei buruz bisitariek duten ikuspuntua hartzen dute aintzat inkesten bidez.

Europako zein munduko aireporturik onenak

Europako sailkapenean, betiere AirHelpen arabera, lehenengo postuan Norbegiako Bergen Flesland aireportua dago, 8,07ko puntuazioarekin. Bigarren postuan, aurrerago aipatu den moduan, Loiu kokatzen da, 8,03ko puntuazioarekin. Hirugarren postuan Alemaniako Dortmundeko aireportua aurkitzen da, 8,02ko puntuazioarekin. 

Laugarrena Gdansk Lech Wałęsa aireportua da, Polonian, 7,91ko puntuazioarekin; bosgarrena Italiako Cagliarikoa da, 7,87 punturekin; seigarren postuan Erresuma Batuko Leeds Bradford aireportua dago, 7,8ko puntuazioarekin; zazpigarren tokian, Toulouse-Blagnac, 7,60 punturekin; eta gero Turkiako Adana Şakirpaşa dator, 7,27ko puntuazioarekin.

Airhelpek aurkeztutako ranking honetan munduko lehenaa Hamad Doha aireportua da, Qatarren, 8,52ko puntuazioa lortzen duena. Bigarren postuan, berriz, Hegoafrikako Lurmutur Hiriko aireportua dago, 8,50ekin; hirugarren postua Japoniako aireportu batentzat da, Nagoyakoa, 8,49ko puntuazioarekin; laugarrena ere bertan da, Osakan, 8,46ko puntuazioarekin; eta bosgarren tokian Brasiliako Brasília–Presidente Juscelino Kubitschek ageri da, 8,32 punturekin.

AirHelp Score-ren sailkapena 2015az geroztik prestatzen da eta zerbitzuen bikaintasuna, puntualtasuna, erreklamazioen tratamendua eta bere jatetxe espazioen eta aireportu denden kalitatea baloratzen ditu.