NAIZ

Powellek inflazioaren azken datuak txalotu eta bide horretan tasak jaistea espero du

AEBetako Erreserba Federaleko presidente den Jerome Powellek azken hilabeteetako datuen berri eman du astearte honetan. Inflazioaren aurrepauso eta datu onak txalotu eta joera horri eutsiz gero interes tasak noiz jaitsiko diren aztertu ahalko dela gehitu du.

Tokyoko irudia, Feden azken datuak eman osteko unean.
Tokyoko irudia, Feden azken datuak eman osteko unean. (KAZUHIRO NOGI | AFP)

Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko (Fed) presidenteak inflazioari buruzko azken datuak ospatu ditu astearte honetan, eta datu onek iristen jarraitzen badute interes tasak noiz jaitsiko diren argiago ikusiko dela adierazi du.

«Inflazioaren irakurketa berrienek aurrerapen apal batzuk erakutsi dituzte, eta datu on gehiagok inflazioa %2rantz modu iraunkorrean mugitzen ari denaren hipotesia indartuko lukete», adierazi du Fed-eko presidenteak astearte honetan Senatuko bankuen batzordearen aurrean egindako agerraldian.

Powellek azpimarratu du Fedek ez duela uste interes tasak murriztea «egokia» denik, «inflazioa %2rantz modu jasangarrian mugitzen ari dela baieztatu arte». Aurrerapen txikiak badatozela zehaztu du: «Aurtengo lehen hiruhilekorako bildutako datuek ez zuten balantze positiboaren itxurarik. Hala ere, inflazioaren irakurketa berrienek aurrerapen txiki batzuk erakutsi dituzte».

Maiatzean, ezagutzen diren azken datuei dagokienez, inflazioa hamarren bat jaitsi zen, %3,3ra arte, eta aste honetan ezagutuko dira ekaineko datuak. «Bileraz bilera erabakiak hartzen jarraitzen dugu. Badakigu politiken moderazioa azkarregi edo gehiegi murrizteak inflazioaren arloan ikusi dugun aurrerabidea geldiaraztea edo iraultzea ekar lezakeela», gaineratu du Powellek.

Aurreikuspen positiboak

AEBetako banku zentraleko presidenteak astearte honetan aurkeztu du joan den ostiralean aurreratu zuten sei hilean behineko politikari buruzko txostena, eta bertan Fedek adierazi du oraindik ez duela interes tasen jaitsierak ezartzen hasteko konfiantza nahikorik, nahiz eta panorama aldekoa den inflazioaren azken beherakadei eta lan merkatu orekatuago bati esker.

Epe luzerako inflazio itxaropenak, Fedek dioenez, «pandemiaren aurreko hamarkadan ikusitako balioen tartearen barruan daude eta, oro har, sendoak izaten jarraitzen dute», epe luzeagora %2ra iristeko helburuarekin.

Lan merkatuari dagokionez, Fedek gertutik ikusten duen beste adierazleetako bat hilabete hauetako enpleguaren hazkundea da. «Handia izan da eta langabezia tasak txikia izaten jarraitzen du», nabarmendu du.

Euroa 1,0816 dolarrera jaitsi

Powellek datu onak iristen jarraituz gero tasak jaisten noiz hasiko diren argiago ikusiko dela aztertu ondoren, euroari nola eragingo dion jakin da. Moneta bakarra 1,0816 dolarretan kotizatzen ari zen astearte honetako 15:00etan, aurreko eguneko 1,0835 dolarren azpitik. Bestalde, Europako Banku Zentralak (EBZ) 1,0814 dolarreko truke tasa ezarri du.