Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko sei ikasle izan dira, euren hitzetan, euskarazko lehen film laburraren sortzaileak: Gorka Granado Terrones izan da gidoilari eta zuzendaria, Usoa Zulueta Etxebarria zuzendari laguntzailea, Nahia Arteaga Ormaetxea argazki zuzendaria, Iker Mateo Etxeberria produkzio burua, Ainhize Zurinaga Gutierrez soinu arduraduna eta Maider Gorosabel Azkarate gafferra.
Proiektu honek igogailu batean trabatuta geratu diren bost langileren historioa kontatzen du. Haien artean batzuk elkar ezagutzen dira, eta beste batzuk apenas dakite elkarren berri. Baina halako batean, denak igogailu baten barruan harrapatuta daudelarik, bakoitzaren trapu ilunenak airean geratuko dira biziko duten egoera itogarriaren ondorioz.
‘Trabatutak’ filmaren atzean dagoen seikoteak aipatu du proiektu oso potoloa izan dela, baina «horri eustea eta hori aurrera ondo eramatea» lortu dutela. Gainera, esan dute, zituzten baliabideak ondo erabili dituztela, eta nahiz eta zenbait arazo izan dituzten, horiei aurre egiteko gai izan direla. Granadok aipatu duenez, «ez da batere erraza izan, baina azkenean lortu dugu».
Proiektuaren gidoiari, azaldu dutenez, 2023ko abenduan eman zion hasiera Gorka Granadok eta 2024ko ekainaren erdialdean amaitu: «Oso azkar pasa zaigu denbora eta oso intentsoa izan da prozesua».
Helburuari dagokionez, euskarazko film laburretan musikalen hutsune bat zegoela eta, hori betetzeko hasi zutela proiektua erran dute sortzaileek. Beste aldetik, proiektu arina, freskoa eta ikusteko erraza denez, jendeak disfrutatzea eta gozatzea ere bada beraien beste helburuetako bat: «Umorezko musikal surrealista bat izanik, ondo pasatzea oinarri bezala hartu genuen hasierako momentutik eta horri tinko eutsiko diogu» esan dute.
Filmaren publikoaren aldetik, aipatu dute umeentzako musikalak badaudela jada merkatuan, baina beraiek helduen begirada batetik nahi zutela kokatu beraien proiektu hau, «beste gauza batzuen artean, drogaz, sexuaz, adikzioez eta harremanez hitz egiten da bertan, beraz, filmeko gaiak nagusiagoei bideratuta daude, eta helduen begirada batetik daude kontatuak».
Filmaren hizkuntzari dagokionez, euskara hutsean egindako proiektua izango dela aipatu dute egileek: «Uste dugu euskara dela filmak behar duen elementua, duen berezitasuna mantentzeko».
Proiektu honen estreinaldia 2025eko urtarrilean izango duela jakinarazi dute egileek. «Hala ere, aurretik ikusteko aukera ere egongo da, beste hilabete batez martxan egongo den crowdfunding kanpainan aportazioa eginez gero», amaitu dute.