Unai Fernandez de Betoño, arkitektoa

Zaplaztekoa Jaurlaritzaren liberalismo immobiliarioari

Lakuak espainiar Estatuko etxebizitza legeari jarritako helegitea hartu du hizpide Unai Fernandez de Betoñok, eta berriki Auzitegi Konstituzionalak Andaluziako Gobernuaren helegiteari emandako erantzunak neurri handi batean EAJk eta PSEk osatzen duten Gobernuari ere erantzuten diola azaldu du.

Etxebizitzak Donostiako Hernani kalean.
Etxebizitzak Donostiako Hernani kalean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Dagoeneko hilabete bat igaro da Konstituzio Epaitegiak Estatuko etxebizitza-legearen aldeko lehen epaia eman zuenetik. Hala ere, ez da entzun baloraziorik EAEtik. Nahiko arraroa, kontuan izanda EAJ-PSEren Jaurlaritzak helegite bat jarri zuela legearen kontra. Horrek ematen du pista on bat gertatu denaren inguruan: zaplazteko galanta eman dio epaiak Jaurlaritzaren liberalismo immobiliarioari, zeharka bada ere.

Zeharka, epaiak Andaluziako Gobernuaren helegiteari erantzun diolako, ez EAJ-PSEk egindakoari. Baina lege beraren gaineko epaia izanik, ezinezkoa da alderaketarik ez egitea. Eta konparaziotik ez da batere ondo irteten jelkideek lideratutako eta sozialistek babestutako helegitea.

Jaurlaritzak Estatuko etxebizitza-legeko hamar atal errekurritu zituen guztira. Bada, horietatik Konstituzionalak zazpi erantzun ditu dagoeneko, Andaluziako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren helegiteak bat zetozelako atal horietan (3, 15, 16 eta 18. artikuluetan, 3. xedapen gehigarrian eta 1. eta 4. azken xedapenetan). Eta zazpi atal horietatik bakarra izendatu da Konstituzioaren kontrako: 16. artikulua, hain zuzen. Beraz, kuantitatiboki, Jaurlaritzaren helegitearen hamar ataletatik dagoeneko sei (%60) bertan behera utzi ditu Konstituzionalak.

Hala ere, Konstituzionalaren lehen epaiaren garrantzia ez dago hainbeste kantitatean, kalitatean baizik. Konstituzioaren kontrakotzat jo den 16. artikuluak ez zigulako apenas eragiten. Babes publikoko etxebizitzen inguruko zenbait eskakizun egiten zituen artikuluak, baina betebehar nagusia, babes publikoko etxeen kalifikazioa iraunkorra izatea, EAEn 2003tik dago indarrean (eta Nafarroan 2022tik). 

EAJrentzat (eta PSE haren harrizko gonbidatuarentzat) belarrondokoa 18. artikuluaren eta 1. azken xedapenaren karira etorri da, bertan arautzen baita, besteak beste, area tentsionatuen izendapena, eta, ondorioz, alokairu-prezioak mugatzeko aukera. Legearen muina, alegia. Eta Konstituzionalak erabaki du legearen funtsa, alokairua mugatzea ahalbidetzen duena, legezkoa dela, Sabin Etxeko immobilismo immobiliarioaren iritzi partzialak zioenaren aurka. Areago, 47 orrialdeko epaiak dio area tentsionatuen izendapena ez dela derrigorrezkoa, eskumena duten Administrazioen borondatezkoa baizik, eta, alokairu-kontratuek bete beharreko oinarri komunak arautzea, gustatu ala ez, Estatuaren eskumena, hiri-errentamenduen legea bezala.

Zaplaztekoa, beraz, nabarmena da. Eta hurrengo epaien bidez artikuluren bat gehiago bertan behera gera daitekeen arren (ez ahaztu EAEko 2015eko etxebizitza-legetik ere 4 artikulu jo zirela Konstituzioaren aurkakotzat), ez dirudi Estatuko etxebizitza-legearen funtsa gehiegi aldatuko denik. Ikuskizun dago, beraz, hemendik aurrera EAJ-PSEren legearekiko jarrera zein izango den.

«Miraririk ez espero» esan du Denis Itxaso etxebizitza-sailburu berriak, kargua hartzerakoan. Ez du graziarik. Dagoeneko aldaketa ñimiñorik ere ez dugulako espero. Zaplazteko honen ondoren, Estatuko 2023ko etxebizitza-legearen aurrean EAJ-PSEren jarrera EAEko 2015eko etxebizitza-legearen aurrean hartu zuten bera izango delako: iragarpen apokaliptikoak egin ondoren, legearen aplikazioa hozkailuan sartu. Oztopatu, geroratu, gelditu.

Eta, noski, etxebizitzaren garestitzea alokairu-prezioen erregulazioari egotzi. Kataluniako 2021-2022ko esperientzian oinarritutako azterketa enpiriko batek, Observatori Metropolità de la Vivienda de Barcelona erakunde publikoak egindakoak, kontrakoa frogatu duen arren (alokairuak mugatu ziren udalerrietan prezioak %3 jaitsi ziren eta eskaintza %7 igo). Horren aurrean, EAJk patronal immobiliarioaren datu zalantzagarriak ematen jarraituko du, alokairuaren eskaintza murritza Estatuko etxebizitza-legearen ondorio dela ziurtatuz.

Baina dagoeneko ez dute inor engaiatzen: Jaurlaritzaren beraren datuen arabera, 2016 eta 2023 bitarteko zazpi urteotan, legea existitu baino lehen, alokairuen prezioak %26,2 igo dira EAEn. Eta Fotocasa eta enparauen arabera datu hori %46,7ra igotzen den arren, Jaurlaritzak kalkulatutako %26,2ko igoera, alokairu-kontratuetan oinarritutakoa, aski kezkagarria da. Alokairu-prezioa maximo historikoan kokatzen duelako, jada alokairuen erregulazioa aplikatzen hasi baino lehen.

Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSEk autokritikarik egingo al dute Konstituzionalaren zaplaztekoa eta gero? Eta, hori baino garrantzitsuagoa: jarraituko al dute aplikatzen liberalismo immobiliarioaren doktrina, orain arte bezala, lortutako emaitza kaskarrak ikusita?