Xabier Izaga

IAK Izaskun Arrue Kulturgunea abian, halako batean

Euskal kultura lantzeko eta hura erakusteko ekimena batu dituen proiektua aurkeztu dute halako batean: Izaskun Arrue Kulturgunea. Lazarraga Kultur Elkarteko Lukas Etxeberria eta Amaia Kerexetak iragarri dute haren irekiera eta kulturgunearen marka berriaz, webguneaz eta programazioaz hitz egin dute.

Lazarraga Elkarteko ordezkariak, IAK-ren aurkezpenean
Lazarraga Elkarteko ordezkariak, IAK-ren aurkezpenean (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urte bi joan dira Gasteizko Euskararen Etxearen ibilbidea amaitu zenetik, Euskararen Etxea bera ere bilduko zuen proiektu bati bide emateko. Hartuko zuen eraikina atontzeko lanak aurreratu samar zeuden, baina zenbait hilabetetako itxaronaldia luzatu egin zen, batere ondo ulertzen ez diren –eta Udalak azaldu ez dituen– zenbait gorabehera eta bidegabekeria tarteko. Duela hilabete, halako batean, akordio bat itxi zuten Udalak eta Lazarraga Elkarteak, proiektuaren kudeatzaileak.

Asteazken honetan aurkeztu dute Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia, euskal kultura lantzeko eta hura erakusteko ekimena batu dituen proiektua: Izaskun Arrue Kulturgunea. Lazarraga Kultur Elkarteko Lukas Etxeberria eta elkarteko lantaldeko ordezkari Amaia Kerexetak egin dute kulturgune berriaren aurkezpena, baita haren irekiera iragarri ere, eta kulturgunearen marka berriaz, webguneaz eta programazioaz hitz egin dute.

Etxeberriak esan duenez, «ezustekoak» eta hainbat gorabehera gaindituta, Lazarraga elkarteak «aurrera begira jarri» nahi du. Ekainean sinatu zuten akordioa eta lanari ekin zioten buru-belarri eta ilusioz beterik, «bidea samurra izan ez bada ere». IAK-ren helburua azaldu du lehenik: «Euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi».

Uztailaren 18an zabalduko dute

Hasiera pausatua izango dela esan dute Lazarragako kide biek, abiada hartu artean, «errrendimendu betean» hasteko. Kulturgune hori, «euskaraz jakin edo ez jakin», denentzat zabalik egongo da, «euskal kultura guztiok partekatzea nahi dugulako», esan du Etxeberriak, eta gasteiztar guztiak gonbidatu ditu IAK-ra.

Hilaren 18an zabalduko dute, baina lehenengo jarduera egun bi lehenago egingo dute, Nondik arkitektura estudioaren eskutik: ‘ertZak ZintZilik’ lantegia, hain zuzen, Ruiz de Bergara jauregiaren arkitektura elementuekin jolasteko aukera.

Irekiera ekitaldian Lazarraga elkarteko bazkideak, lagunak eta kulturgintzako hainbat eragile izango dira, eta hurrengo bi egunetan bisita gidatuak egingo dituzte. Abuztuaren 6an familia jarduerak izango dira, Prospero Teatrok girotuta, birziklatutako objektuak jolaserako baliatuz.

Uztailaren 22tik aurrrera hiru deialdi egingo dituzte. Bat, ‘Taulara’ izenekoa, formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketak egiteko; beste bat, ‘Muina’, edozein kultura jarduera gauzatu nahi duten guztientzat, eta ‘Egin Leku’ izenekoa, musikari hasiberrientzako plaza.

Datozen asteetan emango dute udazkeneko programazioaren berri. Ordutik aurrera, hiruhilabeteko maiztasuna izango du programazioak, eta haren aurkezpena urtaroka egingo da. Uda ostean, beraz, hainbat diziplinatako jarduerak izango dira, «euskara elementu eroale bihurtuta: musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak egingo dira».

Euskal kultuaren erakusle eta topagune

Etxeberriak eta Kerexetak azaldu dutenez, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko sortu da. «Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean. Ildo horretatik, kultura-proiektu integrala izateko asmoarekin sortuko da, euskaratik eta euskaraz». Beraz alde batetik sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak landuko ditu eta, bestetik, «hiriko dinamika suspertuz», Gasteizek euskararen erabilera normalizatzeko topagune a izango da, euskararen, euskal kulturaren eta aisialdiaren bidez.

Kulturgune berriak bere marka ere sortu du dagoeneko, «egitasmoaren nortasuna adieraziko duen kontzeptu-marka bat emateko asmoz, IAK-Izaskun Arrue Kulturgunea marka». Proiektuaren izaera ondo adierazi nahi dute, «ez baita antzoki soila izango, ezta euskararen etxea bakarrik ere». Logoa egiteko siglak erabili dituzte, eta Ruiz de Bergara jauregiaren elementu geometrikoak ditu oinarri: harrizko arkuak, angeluak eta ertzak, egurrezko zutabeak, besteak beste, eta koloreek eraikineko elementuei «keinu egiten diete».

Azkenik, proiektua eta marka gizarteratzeko, iak.eus webgunea sortu eta sare sozialak abiatuz joango dira.