NAIZ

Ultraeskuinak hiru talde izango ditu Bruselan, azkena AfD buru duen ‘Nazio Subiranoen Europa’

‘Nazio Subiranoen Europa’. Hala deitzen da Europako Parlamentuan Alemaniako AfD buru izango duen taldea. Alderdi ultraeskuindarrek osatutako hirugarren taldea izango da, eta jada iragarri dute bertan ez dela egongo «Itun Berdearen alde bozkatuko duen alderdirik edo migrazioaren alde dagoenik ere».

Maximilian Krah AfDko ordezkariak Dresden bozkatu zuen joan den ekainaren 9ko hauteskunde europarretan.
Maximilian Krah AfDko ordezkariak Dresden bozkatu zuen joan den ekainaren 9ko hauteskunde europarretan. (Robert MICHAEL | EP)

Europako alderdi ultraeskuindarrak hiru talde ezberdinetan banatuta egongo dira datorren astean hasiko den Europako Parlamentuaren X. legegintzaldian. Izan ere, AfDk babes nahikoa lortu du beste zortzi ordezkaritzatan, 23 diputaturen gutxieneko muga gaindituta.

Gauzak horrela, talde berriak, ‘Nazio Subiranoen Europa’ izenekoak, Europar Batasuneko zortzi Estatutako 25 eurodiputatu izango ditu. Nahiz eta hasiera batean aurreikusita egon, horien artean ez da egongo Alvise Perezek sortutako SALF.

Taldea AfDko 14 eurodiputatuk, Bulgariako Berpizkundea alderdiko hiruk eta Poloniako Konfederakuntzako beste hiruk osatuko dute. Gainera eserleku bana izango dute SPD alderdi txekiarrak, Frantziako Reconquêtek, Eslovakiako Requek, Zentroko Alderdi Lituaniarrak eta Hungariako Gure Aberria mugimenduko kideek.

‘Nazio Subiranoen Europa’ zortzigarren indarra izango da hemizikloan, hirugarrena ultraeskuindarren artean, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak antolatutako ‘Patriots for Europe’ eta Giorgia Meloniren buru duen ECR-ren atzetik.

AfD Marine Le Pen buru zuen ID taldearen parte izan zen aurreko legegintzaldian, baina ekainean kanporatu egin zuten Maximilian Krah bere zerrendaburuak egindako adierazpen polemiko batzuengatik, Alemania naziko SSetako kide guztiak «automatikoki» kriminaltzat ez jotzeko eskatu baitzuen.

‘Nazio Subiranoen Europa’ eratu baino lehen egindako adierazpenetan, Tomio Okamura SPD txekiarraren buruzagiak aurreratu zuen taldean ez dela egongo «EBren barruan jarraipena sustatuko duen alderdirik, ezta Itun Berdearen alde bozkatuko duenik edo migrazioaren alde dagoenik ere».