Andoni Arabaolaza

Aidan Roberts-ek boulderreko 9a mailako bi proposamen aurkeztu ditu oso denbora gutxian

‘Sport of Time’-ren ostean, eskalatzaile eskoziarrak ‘Arrival of the birds’ sinatu berri du Ticinon (Suitza). Dagoeneko, 9a zailtasuneko hiru korapilo askatu ditu.

Boulderreko muturreko zailtasunean estutzen dutenen artean, Aidan Roberts-ek toki pribilegiatu bat egin du. Gogora dezagun espezialitate horrek duen maila gorena 9a dela. Ohi den bezala, korapilo batzuk sendotuta daude zailtasun horretan; beste batzuk, aldiz, proposamenak dira.

Bada, eskalatzaile eskoziarrak ez ohiko egoera bat aurkeztu digu. Duela aste batzuk iragarri zigun ‘Sports of time’ erabat askatu zuela erorikorik izan gabe. Duela urtebete lehen aldiz probatu zuen, eta, denera, 30 ekinaldi behar izan ditu.

Joan den udaberrian eginiko jarduera horrentzat 9a proposamena egin du: «Boulder horren zailtasunari dagokionez, aurreratu behar dut kosta egin zaidala zenbaki eta letra bat jartzea. Gaur egun muturreko zailtasunean proposamen bat egitea ez da batere samurra, eta horregatik hausnartzeko denbora hartu dut».

Lake District-en (Ingalaterra) dagoen proposamen berria berezia da oso; izan ere, soilik sei mugimendu ditu. Helduleku nimiñoetan lan eskerga egin behar izan zuen, baita belaun eta orpo tekniketan ere.

Eskoziarrak dio ‘Sports of time’ eskalatu dituen 8c+ mailako beste boulder batzuk baino gogorragoa dela eta xehetasunek berebiziko garrantzia dutela: «Baldintzek ez naute batere lagundu. Neguan, berriz, entrenamendu oso gogorrak egin nituen azken ekinaldietan oso ondo egoteko. Soilik une bereziena bilatu behar nuen; gauza positibo guztiek lerrokatuta egon behar zuten. Eta, azkenean, egun hori heldu zen».

Bigarrena

Antza denez, Roberts ez zen ‘gustura’ geratu Lake District-en eginiko lan handi horrekin. Eta hori diogu ‘Sports of time’-ren zailtasuna iragarri eta aste batzuetara bigarren 9a mailako boulder baten proposamena egin duelako. Maila goren horretako bi boulder oso denbora gutxian aurkeztea ez da batere ohikoa.

Gainera, bigarrena etxetik kanpo erdietsi du: Suitzan. ‘Arrival of the birds’ deitu dio Ticinon sinatu duen blokeari. Korapilo hori duela pare bat urte aurkitu zuen Giuliano Cameroniri esker. Boulder horrek asko inspiratu zuen, besteak beste, bere ezaugarrietarako eta estilorako oso aproposa delako. Berriro ere, helduleku txikiekin eta zorrotzekin borrokatu handia izan du.

Proiektu hori probatzen Roberts eta beste espezialista batzuk egon dira, eta guztiak eta guztiak bat datoz: sekuentzia futuristak ditu. Baina horien guztien artean, badirudi sasoikoena eta mugimendu guztiak hobeto menderatu dituena eskoziarra izan dela: «Azken urteotan, helduleku nimiñoak dituzten boulderretan espezializatu naiz. Eta Ticinoko azken hori estilo horretakoa da. Indar asko egin behar da, eta gorputzari eragiten zaion tentsioa oso berezia da».

Lerrootako protagonistak dio ‘Arrival of the birds’-en eginiko lana erronka handia izan dela; orain arte zailtasun horretan inoiz egin ez duena. Eta gehitu du eskalatzeko era hori ondo ulertzea xede zirraragarria bihurtu dela: «Lan handia egin behar izan dut mugimendu horiek menderatzeko. Azken bi urteotan, Ticinora bidaia batzuk egin ditut. Bestalde, entrenamenduetan estilo hori gogor lantzen saiatu naiz. Konturatu naiz ere, emaitza oso onak eman dizkidatela. Aurrerapen sendoak egin nituen, eta horrek asko indartu zuen nire motibazioa».

Hori guztia aipatu eta gero, eskoziarrak esan du ‘Arrival of the birds’-en eginiko prozesua oso mantsoa izan dela eta buruari zein sasoiari asko eskatu diela. Egoera horretatik ondorio bat atera du: «Inoiz egin dudan prozesu desafiatzaileena izan da. Halakorik ez dut nire eskalada ibilbidean inoiz bizi».

Amaitzeko, Ticinoko boulder horrek duen zailtasunaren inguruan iritzia eman nahi izan du: «Ez diot iruzurrik egingo neure buruari. Lehenik eta behin esan behar dut askatu berri dudan korapilo hori nire estilorako oso aproposa dela. Baina esan dudan bezala, erronka oso berezia izan da. Uste dut 9a sendoa dela. Badakit proposamen bat besterik ez dela; espero dut hurrengo errepikatzaileekin adostasun batera heltzea».