Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Estresa goi sukaldaritzan

BOILING POINT
Erresuma Batua. 2023. 4 atal. Zuzend.:
Mounia Akl, Philip Barantini. Gidoia: James Cummings, Nathaniel Stevens, Philip Barantini, Alex Tenenbaum. Aktoreak: Stephen Graham, Jason Flemyng, Ray Panthaki, Vinette Robinson. Musika: Aaron May, David Ridley. Plataforma: Movistar.

Vinette Robinson-ek gorpuzten duen pertsonaia sukaldean
Vinette Robinson-ek gorpuzten duen pertsonaia sukaldean (BBC)

2021ean ‘Boiling Point’ (‘Hierve’) izeneko filma estreinatu zen. Stephen Graham-en antzezpen lan bikaina buru dela, 92 minutu irauten dituen sekuentzia plano bakar batean grabaturiko film itogarria da. Denbora errealean, Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan murgilduko gara eta kamerak Andy Jones (Stephen Graham) sukaldari-buruari jarraituko dio bereziki; guztia pikutara bidali dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian aurkitzen da. Tentsioa eta urduritasuna areagotzen joango dira –pertsonaietan eta filmean oro har–, eta apurka-apurka irakite-puntuan jarriko da guztia.

Bada, film horren amaieratik abiatuz, BBC kateak ‘Boiling Point’ mini-seriea estreinatu du eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte. Stephen Graham, Jason Flemyng, Ray Panthaki, Hannah Walters, Izuka Hoyle edota Vinette Robinson edota Aine Rose Daly aktoreen artean. Eta Philip Barantini –kasu honetan Mounia Akl-rekin batera– zuzendaritzan. Filma nola amaitzen den ez dizuet esango, baina telesaila sei hilabete beranduago girotzen da, eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiago eman diote. Sukalde horretatik kanpo paseatzera ere aterako gaitu kamerak, eta bizitza pertsonaletan sakonki murgilduko gara. Paseo horiei esker buruko gaixotasuna, antsietatea eta alkoholismoa bezalako gaiak agerian geratuko dira

‘The Bear’-en itzala

Saihestezina ‘The Bear’ telesailarekin gogoratzea, sukaldaritzaren munduan girotua egoteaz gain badituelako zenbait antzekotasun bai edukian eta baita forman ere: biak erritmo frenetikoa dute, irakitear dauden pertsonaien arteko gatazkez gainezka, antzezpen lan indartsuak dituzte eta abar. Baina nahiko desberdinak direla esango nuke eta gainera hau lehenago estreinatu zen.

«Nahitaez konparatuko dituzte bi telesailak, munduko telesailik ezagunenetakoa baita. Baina uste dut gureari lagunduko diola, sukaldaritzen inguruko fikzio askorentzat tokia dago. Bat-batean genero bihurtu dela dirudi», azaldu du Philip Barantini sortzaileak. «‘The Bear’ telesail zoragarria da, baina bi mundu oso ezberdin dira, bi herrialde oso ezberdin eta emaitza oso ezberdinak. Istorio asko daude kontatzeko sukaldaritzaren munduan. Ostalaritzak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira dramarako eta entretenimendurako», gehitu du.