Interview
Iñigo Larrinaga
Orioko patroia

«Zierbenan hiru luze eusteko kapazak izan ginen, ea hurrengoan laugarrena eusteko gai garen»

Xedea bigarren txanda irabaztea zen arren, ohorezko txandan ari da Orio. «Pentsatzen genuena baino hobeto gabiltza», esan du Iñigo Larrinagak (1985, Ondarroa). «Hankak lurrean eta zoratu gabe», patroiak adierazi du Hondarribiari, Zierbenari eta Donostiarrari «hanka egitera» joan behar dutela.

Iñigo Larrinaga Orioko patroia.
Iñigo Larrinaga Orioko patroia. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Ondarroako Kamiñazpi auzoan bizi da Iñigo Larrinaga Orioko patroia. Haren hitzetan, «independenteak» dira Ondarroarekiko. 25 urte baino gehiagoz herriko koloreak jantzi ostean, orain arraroa egiten zaio bere burua horiz ikustea. «Hasieran pixka bat kosta zitzaidan ohitzea, baina banoa gutxika-gutxika». Herritarrek adarra jotzen diote, baina «beti umore onez». Iaz Kontxa aurretik arrauna utziko zuela iragarri zuen, eta, jada uda honetarako oporrak antolatuta zituela, Orioren deia iritsi zitzaion. «Uste dut talderik onena izan daitekeela amaitzeko». Marea Bizian saioko hirugarren atala osorik entzungai.

Iaz Kontxa aurretik arrauna utziko zenuela iragarri zenuen. Geroago, baina, Orio iritsi zen. Nola joan zen kontua?

Oso argi nuen. Familia kontuan hartuta, alabak jada bi urte ditu, batera pasatu nahi genuen denbora, eta argi genuen arrauna oso exijentea zela horretarako. Jada oporretako planak eginda genituen, eta halako batean Orioren deia jaso nuen. Zuzendaritzatik, hasiera batean, egon ginen hitz egiten, eta gero Mikelek [Arostegi entrenatzaileak] deitu zidan. Mikelekin hitz egin, bera aurretik ezagutzen nuen, eta egia esan oso ondo saldu zuen [barrez]. Azkenean lortu zuen konbentzitzea, bai ni bai emaztea...eta aurrera.

Ezin ezetzik esan Oriori?

Bai, azkenean Orio Orio da, eta Orioko patroi izatea beti da gehigarri bat. 25 urte Ondarroan egin eta gero, Orion amaitzeko edo beste talde bat probatzeko, beste mailako talde bat, uste dut talderik onena izan daitekeela.

Mikel Arostegi Orioko entrenatzaileari denboraldiaurrean egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen etorkizuneko patroia harrobikoa izatea nahi dutela, baina ez zela erraza kontua, eta orain esperientzia handiko patroia nahi zutela. Zu joan zara Oriora.

Askotan esaten dute: «Esperientzia handiko patroia da». Barregura eragiten dit. Urte asko bai, baina nik ez dut nire burua hartzen horrelako patroi bat bezala. Patroia herrikoa izatearen aldekoa naiz. Aurretik Ondarroako zuzendaritzan egonda, beti borrokan ibili gara gazteei aukerak emateko. Orain, adibidez, Ondarroan Xanet [Gimeno] dago, itxura oneko patroia da, eta gogotsu dago. Uste dut bidea hori izan behar duela, bai Ondarroan, bai Orion, bai beste edozein taldetan. Gazteari aukera eman eta harrobia landu behar da.

Nolakoa izan da aldaketa?

Desberdina. Hasieran pixka bat arraro samar. Jendea ezagutzen nuen bistaz, baina ez pertsonalki ezagutuko ginatekeen moduan. Hasieran aldaketa arraroa izan zen, baina egia da orain oso gustura nagoela. Jendearekin oso harreman ona dut, eta konturatzen zara ezagutzen ez duzun jendea ere oso hurbilekoa dela. Oso-oso gustura nago.

Denboraldiaurrean esango balizute liga hasita ohorezko txandan egongo zinetela, zer otuko litzaizuke?

Barre egingo genuke. Hasieratik helburua garbia zen: onena ematea, baina bigarren txandan borrokan ibiltzea. Bagenekien bigarren txanda irabazteko ere borroka egin beharko genuela, hor Ondarroa, Getaria, Lekeitio... daude, eta azkenean asko dabiltzan txalupak dira. Joan den asteburuan demostratu zuten bai Lekittarrak, bai aurrekoan Ondarroak ere. Gure asmoa, behintzat, ez zen hori. Ilusioa eta gogoa bai, baina helburua zen bigarren txanda irabaztea. Momentu honetan uste dut pentsatzen genuena baino hobeto gabiltzala.

«Patroia herrikoa izatearen aldekoa naiz. [...] Uste dut bidea hori izan behar duela, bai Ondarroan, bai Orion, bai beste edozein taldetan»

Euskadiko Txapelketatik kanpo geratu zineten arren, liga iritsi denean, ematen du ontzia ondo doala. Nola ikusten duzu zuk?

Egia da Euskadiko Txapelketakoa kolpea izan zela, gero neguan ere estropada batzuk oso gaizki atera zitzaizkigun, proba asko egin ditugu. Baina buelta eman diogu, eta horrek baikortasun handia ematen dio taldeari. Hilabete txarrak pasatu ditugu entrenatzen, txarrak edo pixka bat baxu joan direnak, baina orain egia esan entrenamendu bakoitzean ilusio eta gogo handia dago. Hori giroan igarri egiten da.

Hortik gora egingo al duzue?

Nahi bai [barrez]. Argi eduki dugu beti, nahiz eta ez egon entrenatzen hain motibatuta, talde aldaketa handia egon den multzo batean gaudela, eta horrek denboran hobekuntza handia ekarriko duela, taldea egonkortzen denean. Asmoa bai, baina ez dakigu aurkariek zer egingo duten.

Galizian Coruñan bosgarren egin zenuten eta Bueun hirugarren. Emaitzez harago, sentsazio onak izan zenituzten?

Errealistak gara. Bai Coruñan bai Donostian agian baldintza hobeagoak izan ditugu haizearen aldetik, baina egia esan oso gustura egin genuen buelta Galiziatik. Nahiz eta baldintza hobeagoak izan, egoera bakoitza da den modukoa, baina txandan, behintzat, borroka handia eduki genuen, irabaztea lortu genuen Bueun. Sentsazio onak izan genituen, eta horrek motibazio handia ematen du.

Joan den asteburuan ohorezko txandan egin zenuten arraun. Nola ikusi zenuen ontzia onenen parean?

Ondo. Egia esan ez genuen espero, gure estropada egitera atera ginen, jakinda atzean gera gintezkeela, edo atzean geratzen baginen teorikoki normala zela. Baina estropada aurrera joan ahala, oso ondo ikusi genuen geure burua, batez ere Donostiako itsaso txarrean, borroka ematen azken momentura arte. Hasiera batean Zierbenari, ondoren joan zen, baina Hondarribiari ere eutsi genion. Oso polita izan zen guretzat. Eta azken estropadan, oso gustura ere bai. Zierbenan baldintza guztiz desberdinak izan ziren, baina topera atera ginen, zer gertatzen zen ikusteko. Hiru luze eusteko kapazak izan ginen, ea hurrengoan laugarrena eusteko gai garen.

Joan den larunbateko Donostiako estropadako ohorezko txandan, Orio lehen kaletik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako estropadan lehen kaletik egin zenuten arraun.

Bai, azkenean inork nahi ez duen kalea da. Oso baldintza txarrak zeuden, eta uste dut batez ere kanpoko luzean, metro gehiago egin genituen, bigarren edo hirugarren kalea bilatzen genuelako. Baina azkenean nik beti esaten dut tokatzen den kalea tokatzen dela, urteak aurrera egin ahala, berdindu egiten dela. Hala ere, poztasuna ematen du kale horretatik estropada ona egitea.

Nora begiratu behar du Oriok?

Nik ez nuke begirada aldatuko. Berdin jarraituko nuke bigarren txandan, gure onena ematen, despistatu gabe, askotan orain lasaitu egin gaitezkeelako. Hasieran presioa edo norberaren estualdia handiagoa zen, baina nik berdin jarraituko nuke: segitu gure lanean. Helburua izan behar da bigarren txanda irabaztea, baina goiko txandan mantentzerik badugu, horri eutsi behar diogu.

Zein ontzi dira zuen ligakoak?

Nahiko genuke orain daudenak izatea, baina guk hasiera batean bigarren txandan egotea markatu genuen. Bigarrenean daudenak gure aurkari zuzenak kontsideratu ditzakegu. Baina bai ikusi da agian bai Zierbena bat bai Hondarribia bat nahiko irregular dabiltzala, edo Donostiarra bat oraintxe. Uste dut hankak lurrean eta zoratu gabe, baina horiei hanka egitera joan behar dugula.

“Bou Bizkaia” beste liga batean dago?

Bai, nik beti esaten du txantxetan Ziborg batzuk ematen dutela. Ematen du esaten dutela «oraintxe egingo dugu», eta hori egiten dutela. Zierbenan ikusi zen, azken luzean Hondarribia gainera etorri zitzaien, eta ematen du Gorkak [Aranberri Urdaibaiko patroiak] azeleragailua zapaldu, eta joan egiten direla. Orain momentuan uste dut beste maila batean daudela. Ikusiko da urteak aurrera egin ahala zer gertatzen den, eta zer helbururekin egiten duten lan, baina despistatzen badira hortxe egoten ahaleginduko gara.

«Igandean Urdaibairi irabazteko aukera bat egon daiteke, batez ere berari kale txarra tokatzen bazaio eta beste bati ona»

Ondarroa zazpigarren da sailkapenean, Lekittarrarekin puntuetan berdinduta. Nola ikusi duzu zure herriko trainerua hasiera honetan?

Oso ondo. Ikusi da Iñakik [Errasti entrenatzaileak] gazteei aukerak ematen dizkiela. Arraunean ondo ikusten zaie, eta maila ona ematen ari dira. Azkenean zazpigarren egoteko goiko mailan, lan egin behar da, hortik pasatu gara eta badakigu zer dagoen. Oso ondo ikusten ditut, eta ea horri eusteko gai diren.

Asteburuko bi estropadak errioan izango dira. Larunbatean erlojupekoa. Hor wattio gehien mugitzen dituenak irabaziko du?

Ez dakit wattioak edo nola esan. Larunbateko estropada pixka bat berezia da, erlojuaren aurka izango da. Txanda batetik bestera ea haizearen aldaketarik ez dagoen, baina hor ibilbidean ere bi metro ababorrera edo istriborrera joan, asko aldatu daiteke. Indarra oso garrantzitsua izango da, noski, eta ikusi beharko da zein baldintza dauden. Eta igandean uste dut Urdaibairi irabazteko aukera bat hor egon daitekeela, batez ere berari kale txarra tokatzen bazaio eta beste bati ona. Kale ona tokatuz gero ezinezkoa izango da.

Sestaoko estropada eremuan kaleen arteko aldeak handiak izan daitezke?

Bai, beti esaten dugu Sestao, baina itsasoko estropadetan ere alde nabariak egoten dira. Kontua da errekan gai garela alde hori ikusteko. Paretak ditugu, estropada eremu oso itxia da, errazago ikusten da. Egia da euria edo baldintza bereziak baldin badaude, aldeak askoz nabariagoak direla. Ea zer gertatzen den.