NAIZ

Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek protesta ekintza egin dute Biarritzen

Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboko 50 bat lagunek Biarritzera eraman dute, gaur larunbatean, espekulazioaren aurkako protesta. Kostako hirian, hainbat higiezinen-agentzien gaindi itzulia egin dute beraien eskualdean kokatzen diren etxe bi gehiegizko prezioetan salgai dituztela salatzeko.

Arberoa Lurra eta etxebizitza kolektiboko kideek protesta burutu dute, uztailaren 13an, Biarritzen.
Arberoa Lurra eta etxebizitza kolektiboko kideek protesta burutu dute, uztailaren 13an, Biarritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen urtarrilaren 20ean, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak deiturik, 50 pertsona inguruk Hazparneko Puyo agentzia sinbolikoki okupatu zuten, Aiherrako 'Etxexuria' etxaldearen «salmenta espekulatzailea» salatzeko.

Ekintza horren bidez segida eman zioten, 2023ko abenduaren 30ean eginiko protestari. Martxa baten bidez salatu zuelako kolektiboak aipaturiko etxaldearen salmenta espekulatiboa.

2017an berrerositako etxea sei aldiz garestiago salgai eman zuela jabeak jakitera eman zuen martxa horretan 2022ko urtarrilean sorturiko taldeak.

Zehazki, bost urte lehenago 250.000 euroan erosi zuen etxea 1.579.000 euroren truke salgai eman zuela etxe jabeak salatu zuen Nafarroa Behereko eskualdean lurra eta etxebizitzaren gaineko espekulazioari aurre egiteko xedea duen kolektiboak.

'Etxexuria'ren samenta gelditzeko mobilizazioaren harira, Hazparneko Puyo agentziaren arduradunak salaketa eman zuen okupazio horren denboran «klimatizazioaren telekomendak» desagertu zirelakoan. Are, geroztik bost herritar Jendarmeriara deituak izan dira eta bertan galdezkatuak izan dira. Haien artean Aiherrako auzapeza.

Operazio horri erantzunez, ekintza egin dute kolektiboko 50 bat lagunek Biarritzen. Banderolak soilik ez, telekomanda sorta bat eraman dute. Azaldu dutenez,  «hala, behar bada, Puyo jaunak berea atzemanen du».

Biarritzen salgai direlako barnealdeko etxeak

Gero eta ohikoagoa bilakatu da kostan plantaturik dauden higiezinen-bulegoetan salgai jartzea Ipar Euskal Herriko barnealdean kokatzen diren etxebizitzak.

Finean, hautu horrek berak jakitera ematen du bezero dirudun xerkatzen dutela salmenta operazio horiek aitzina eramateko.

Gaurko ekintzaren bidez, gogorarazi dute Donoztiriko 'Larrea' etxea eta Aiherrako 'Etxeberria' etxea gehiegizko prezioetan saltzeko desmartxak abian direla.

 

Luxuzko etxebizitzak saltzen dituen Barnes agentziaren aitzinean plantatu dira kolektiboko lagunak. (Guillaume FAUVEAU)
Luxuzko etxebizitzak saltzen dituen Barnes agentziaren aitzinean plantatu dira kolektiboko lagunak. (Guillaume FAUVEAU)

Zehazki Biarritzeko hainbat higiezinen-bulegoen gaindi bira egin dute larunbat goiz honetan Biarritzeko ekimenean parte hartu duten hamarka lagunek.

Hala, Puyo agentziak Biarritzen duen bulegoaren aitzinean jarri dira, lehenik, kolektiboko kideak.

Bertan 'Errepresioa, espekulazioa. Stop' leloa idatzita zuen banderola zabaldu dutela. Hala salatu dute Hazparnen eginiko ekintzaren ondoren heldu diren polizi konbokazioak.

Bellevue aldera, berriz, 'EH ez da salgai. Le Pays Basque n'est pas à vendre' aldartrikapena jasotzen zuen bigarren banderola erakutsi dute nazioarteko bezeroei eskainitako luxuzko etxebizitzetan espezializatuta dagoen Barnes agentziaren parean.

Salmenta bati buruzko iragarkiaren fotokopia kolatu dute paretan, 'espakulazioa aski' leloa ipinita.