NAIZ

Mugaz gaindiko harremanetan unibertsitateak jokatu dezakeen papera aztergai Baionan

«Mugaz gaindiko unibertsitate aliantzak sortzea, mugako eskualdeen motor gisa» izenburua duen ikastaroarekin abiatu dira, Baionan, aurten bere hirugarren edizioara heldu diren mugaz gaindiko uda ikastaroak.

Unibertsitateen arteko lankidetza aztergai dute gaur Baionan abian eman dituzten ikastaroetan.
Unibertsitateen arteko lankidetza aztergai dute gaur Baionan abian eman dituzten ikastaroetan. (@euroregion_naen)

Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolaturiko Mugaz Gaindiko Ikastaroen hirugarren edizioa uztailaren 15etik 19ra iraganen da.

«Mugaz gaindiko unibertsitate aliantzak sortzea, mugako eskualdeen motor gisa» izenburua du Baionako Arteen Hirian antolaturiko topaketak irekitzeko hautatu duten ikastaroak.

Hiri eremu administratiboetako unibertsitate publikoen arteko lankidetza izanen du ardatz aipaturiko ikastaroak.

Ondorioz, Bidasoaren bi aldetako unibertsitateen arteko lankidetzaren erronkak eta aukerak izanen dituzte aztergai, goiz eta arratsaldez, Lapurdiko hiriburuan bildurako ordezkariek.

Jardunaldia Europako Batzordearen hitzartze batez bidez abiatu da, baita mugaz gaindiko lurraldeetako goi mailako hezkuntza oinarri duten estrategia politikoei buruzko hartu-eman baten bitartez ere.

Lurralde Lankidetzarako Europako Taldeak ikastaroan presente dira, mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzaren eremuan garatu dituzte proiektuak eta programak aurkezteko.

Estrategiak partekatuz

Lehenik, Akitania Euskadi Nafarroa euroeskualdearen zuzendari Arola Urdangarinek mugaz gaindiko eremu horretan martxan dagoen unibertsitate lankidetzarako estrategia aurkeztu du.

Hala, eskualde ezberdinetako unibertsitateetako langileen arteko kolaborazio esparruak sustatzea xede duen UNINAEN Euroeskualdeko unibertsitate lankidetzarako plataforma digitala ezagutzera eman du.

Udako ikastaroaren antolatzaileek azaldu dutenez, «dagoeneko bina topaketa antolatu dira Euroeskualdearen baitan unibertsitate lankidetzarako aukera berriak indartzeko».

Bigarrenik, goi mailako heziketa erakundeen eta teknologia zentroen artean giza baliabideen elkartrukeak sustatzea helburu duen Galicia-Norte de Portugal euroeskualdearen zuzendariak, Xose Lagok, IACOBUS programaren jarraipena ezagutzdera eman du.

Leg-UniGR proiektuaren ordezkariren baten parte-hartzeak, bestalde, mugaz gaindiko unibertsitate sareen azterketa juridikoari erreparatzea ahalbidetu du, Grande Region unibertsitatearen aurkezpenaren bitartez.

Mugaz gaindiko unibertsitate talde horrek frantziar Estatua, Luxenburgo, Belgika eta Alemaniako zazpi unibertsitate biltzen ditu.

Arku Atlantikoko Batzordeko kide, CRUSOE Sareko ordezkari eta Euskampuseko kide banak parte hartuko dute Arku Atlantikoko lankidetzari eta unibertsitate lankidetzarako sareei buruzko hartu-emanarekin bukatuko den jardunaldian.

Hizkuntza politika berri baterako urratsak

Udako ikastaroen hasieran, beste hainbat aztergi izanen dituzte Baionan. Hala nola Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika berria emateko urratsak aletuko dituzte.

Hizkuntza politikaren gaia jendarteratzea eta hizkuntza baten biziberritze prozesuan hizkuntza politikak duen garrantziaz ohartaraztea, hori da ikastaroaren xede nagusia.

Euskararen Erakunde Publikoa berritzen ari den garaian, «hobekuntzarako urratsak proposatzea» eta ikastaroan parte hartuko duten eragileekin «erronkei buruzko kontraste bat egitea» xede du Euskal Konfederazioko burua, Sebastien Castet, arduradun duen ikastaroak.

Migrazioa, aldaketa klimatikoa, espetxe eredua, ikerketa, zaintza emozionala edota sorkuntzari buruzko ikastaroak proposatuko dituzte gaur eta ostiral bitartean Lapurdiko hiriburuan.