Ainhoa Espinoza

Gastronomia, artea eta moda, Zaporeak GKEarekin elkartasunean

Hainbat sukaldarik, artistak eta diseinatzailek ardo, sagardo, cava zein txakolin botilak erabiliz obra berezi batzuk sortuko dituzte gastronomiaren, artearen eta modaren diziplinetatik abiatuta, Zaporeak GKEari diruz laguntzeko.

Ramon vera, Elena Arzak eta Helena Ruiz de Azua, diseinatu diren botiletako batzuekin..
Ramon vera, Elena Arzak eta Helena Ruiz de Azua, diseinatu diren botiletako batzuekin.. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Cellar Arts and Fashion’-eko zuzendaria eta Zaporeak GKEaren ordezkariak izan dira astearte goiz honetan Donostiako hotel batean beraien proiektua aurkezten. Izan ere, bi erakunde hauek bat egin dute sukaldaritza, moda, diseinua eta artea batzen dituen ekimena aurrera eramateko.

Grezian dauden errefuxiatuei bizi duin bat emateko diru bilketa bat egitea da proiektu honen helburua, Helena Ruiz de Azua Zaporeak GKEko kideak esan duenez. Izan ere, azaldu du, «egunean 3.000 jatordu eman behar izaten ditugu eta hori prestatzeko, janariaz gain, beste gastuak ere baditigu, hala nola, gasa eta argia. Hori ordaintzeko ere dirua behar dugu, beraz, proiektu hau horretarako izango da: dirua biltzeko, kanpalekuetako errefuxiautei jaten emateko».

Gaurko agerraldian Ramon Verak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu. Zaporeak-en sortzaile Peio Garcia Amianoren eta bere artean atera zuten aurrera proiektu honen ideia, izan ere Amianok «Zaporeak GKE internazionalizatzea nahi zuen, horrela pertsona gehiagok jakingo lukete elkarte honen berri, eta pertsona gehiagok lagunduko lukete. Hori izan zen proiektu honen hasiera. Lehenengo pausoa».

Horrela, Verak adierazi du nola bera disenatzaile, sukaldari eta artista ezberdinekin harremanetan jarri zen proiektu honen nondik norakoak azaltzeko. Hau da, bakoitzak cava, ardo, sagardo zein txakolin botila bat hartu eta bakoitzaren sormen eta irudimenarekin botila hori diseinatzeko proposamena egin zien. Gero botila horiek enkantean jarri eta biltzen den dirua Lesbosen, Grezian, kanpalekuetan dauden errefuxiatuei jana emateko bideratuko da.

Proiektuan parte hartu dutenen pertsona ezagunen artean daude Eder Aurre, Maria Lafuente eta Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak, Karlos Arguiñano, Elena Arzak eta Pedro Subijana sukaldariak eta Iñigo Manterola eta Claudio Munoa artistak, besteak beste. «Hasieran 15 botila egitea genuen helburu, baina dagoeneko, 20 botila ditugu eta oraindik gehiago daude egiteko», azaldu du Verak, eta zera gehitu du: «Proiektu honek zerbait berezia, sortzailea, prentsaren arreta erakartzea eta, batez ere, erabilera soziala izatea nahi genuen».

Elena Arzak sukaldariak ere ekimenean parte hartu du, lehenago Zaporeak GKEren beste proiektuetan parte hartu izan duen moduan. Nabarmendu duenez, «pertsona eskuzabal eta langileez osatutako elkarte bat da, eta horregatik botila hau egiterakoan intentzio handienarekin egingo dut».

Diseinuko pieza eder bihurtutako botilak Estatu espainiarreko hainbat upategitan erakutsiko dira abendura arte. 2025eko urtarrilean Madrilen enkantean jarriko dituzte, izen handiko jatetxe batean. Bildutako diru guztia Zaporeak elkartearentzat izango da.