Eustatek Biztanleriaren Jardueraren Inkestaren datuen berri eman du ostegun honetan, 2024ko bigarren hiruhilekoari dagozkionak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langabezia tasa %7,5era jaitsi da aurreko hiruhilekotik –%0,4 gutxiago–, eta 4.500 langabe gutxiago eta 11.700 landun gehiago daude.
Hala, langabeen kopurua –lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lanerako prest dauden pertsonak– 80.100ekoa dela kalkulatzen da hiruhileko honetan, eta landunen kopurua, berriz, 992.600ekoa. Landunen eta langabeen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56,6koa izan da 2024ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiago.
Emakumezko langabeak 39.400 dira, aurreko datuekin alderatuz 2.400 gutxiago; gizonezkoen artean, 2.100 langabe gutxiago zenbatu dira, 40.700 lagun guztira. Emakumeen langabezia tasa ehuneko 0,6 puntu jaitsi da, %7,6raino, eta gizonena %7,3n kokatzen da (ehuneko –0,4 puntu).
Lurraldeen arabera, Gipuzkoan 2.400 langabe gutxiago daude (guztira, 19.700), eta langabezia tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da, %5,6ra. Bizkaian 47.800 langabe daude, 2.000 gutxiago, eta langabezia tasa puntu erdi jaitsi da, %8,6ra. Araban, langabeen kopurua ez da aldatu (12.600), eta langabeziatasa ehuneko 0,1 puntu jaitsi da, %7,7ra.
Hiriburuei dagokienez, 2.400 langabe gutxiago daude Bilbon, 500 gutxiago Donostian eta 400 gutxiago Gasteizen, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Okupazioa
Lurraldeen arabera eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian okupazioa 6.400 pertsonatan igo da, Gipuzkoan 4.200 pertsonatan eta Araban 1.200 pertsonatan. Hiriburuei dagokienez, Donostian 2.400 okupatu gehiago daude, Gasteizen 1.800 gehiago eta Bilbon 1.600 gehiago.
Okupazioaren hazkunderik handiena emakumeen artean gertatu da (+8.300); gizonen artean, berriz, 3.400 igo da.
EAEko biztanleria landuna 10.100 pertsonatan hazi da zerbitzuen sektorean (+%1,4), 1.000 gehiago daude lehen sektorean (+%11,8) eta 900 landun gehiago eraikuntzan (+%1,7). Aldiz, 300 landun gutxiago zenbatu dira industrian (–%0,2).
Okupazio tasari dagokionez, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, ehuneko puntu bat igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %70,9an kokatu da. Tasa hori %73,9ra igo da gizonen artean eta % 67,9ra emakumeen artean.
Lurraldeen arabera, okupazio tasarik altuena Gipuzkoakoa da (%72,8), aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,9 puntu gehiago; bigarren tokian Araba dago (%70,8), ehuneko puntu bat handituta; eta Bizkaian ere okupazio tasa ehuneko puntu bat igo da, %69,7ra.
Azken urteko eboluzioa
Azken urtean, 2023ko bigarren hiruhilekoaren aldean, okupatuen kopurua %2 hazi da eta 19.300 pertsona gehiago daude lanean; zerbitzuen sektoreak 13.600 okupatu gehiago ditu, industriak 7.300 gehiago eta lehen sektoreak 600 gehiago; eraikuntzaren sektoreak, berriz, 2.200 okupatu gutxiago ditu.
Langabeei dagokienez, langabezia tasa hamarren bat jaitsi da iaztik (%7,6tik %7,5era) eta, beraz, 500 pertsonak utzi egin diote langabezian egoteari EAEn.
Kontratazioa
Soldatapeko pertsonen kontratazio modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonak 10.900 gehiago dira aurreko hiruhilekoaren aldean, eta aurreko urtearen aldean 31.500 gehiago.
Eustaten arabera, 2024ko bigarren hiruhilekoan 922.100 etxe inguru zeuden EAEn. Horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 etxe gutxiago. Hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, 5.400 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 28.300 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.000 etxe gutxiago.