Iruñerriko Mankomunitatearen FCC azpikontratako langile bat ospitalean hil da ostiral honetan, LABek jakinarazi duenez. Duela bederatzi egun zabor edukiontziak hustutzen ari zela kolpe larri bat hartu zuen, eta horren ondorioz hil da.
Iosu Urriza beharginak pasa den uztailaren 10ean izan zuen istripua, gaueko txandan lanean ari zela. FCC enpresaren kamioiko kabinara igo behar izan zuen zaborraren kontainerra trabatuta geratu zelako. Goian zegoela, baina, irrist egin zuen eta lurrera erori zen, buruan kolpe larria hartuta.
Aurten Nafarroan hil den zortzigarren langilea da hau, eta Euskal Herriko 33.a, LABek ohar batean zehaztu duenez. Sindikatuaren ustez, gainera, istripuok ez dira ezustekoak: «FCC enpresan kamioian erortzen diren edukiontziak kentzeko prozeduraren zorroztasun faltak» eragin du azken hildakoa, bere arabera.
Zabor bilketa normalean kamioiaren gidariek egiten badute ere, arazoak sortzen badira, beste langile batek esku hartu behar duela zehazten du protokoloak, LABek azaldu duenez. Alta, Urrizak istripua izan zuenean, gaueko txanda zenez, «ez zegoen nahikoa langile eta prozedura ez zen abian ipini».
«Langileek aspaldi ohartarazi zuten enpresa; mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen ari ziren zabor bilketan. Gainera, nahiz eta ‘protokolo’ bat izan prozedura horietarako, langile guztiek ez zuten ezagutzen. Edozein langile eramaten zuten prozedura hau egiteko, formakuntzarik izan ez arren, eta normalean bakarrik goizetan betetzen zen, jende gehien dagoen txandan», agertu du sindikatuak.
Horrek esan nahi du, LABen esaneko, behar baino langile gutxiago kontratatu dituela enpresak, zerbitzuarekin etekin ekonomiko gehiago ateratzeko.
Mankomunitatearen doluminak
Iruñerriko Mankomunitateak doluminak adierazi dizkio Urrizaren emazte, seme eta ingurukoei, ohar baten bidez.
Gertatutakoaren balorazio bat egin aurretik, Agoizko Epaitegiak eta Noaingo Udaltzaingoak egiten ari diren ikerketaren emaitzak ezagutu nahi dituztela gaineratu dute.