Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Ez da erraza ibaiaren erdian zaldiz aldatzea

Hain da handia AEBetako Alderdi Demokrataren barruan dagoen zarata, non gerta daitekeen, artikulu hau argitaratzen denerako, Joe Bidenek presidentegai izateari utzi izana. Gerta liteke, halaber, gene kontserbadoreak irabaztea, eta Biden hautagai gisa mantentzea. Ikusitakoa ikusita, ezin da ezer baztertu. Tiratzaile batek karabina batekin Bideni tiro egitea ere posible da.

Hautagaien eztabaida nagusiaren ostean, Biden Alderdi Demokratak aurkez zezakeen hautagairik onena ez zela adierazten zuten lehen ahotsak azaldu ziren. Donald Trump zauritu zuen tiroketak zaldi aldaketa baten aldeko olatua handitu du.

Zo Tobik, Movement Voter Project (MVP) erakundeko komunikazio zuzendariak -duela astebete hautagaia aldatzea eskatu zuen erakundeetako bat-, honela azaldu dio "Politico"-ri: «Etsipen sentsazioa zegoen, [Biden] zaldi gainean gabiltzala eta ezin dugula beste zaldirik aukeratu, beraz, zaldi horrekin amildegiraino joan behar dugula». «Eztabaidatik aurrera, aukera bat sortu da, Trumpen bigarren agintaldia nola edo hala saihestu nahi duten gero eta pertsona gehiagok esan dezaten: ‘agian ez da beranduegi izango; agian, hartzen ari garen norabidea alda dezakegu, oraindik denbora dagoen bitartean’».

Horrelako mugimendu bat arriskutsua da beti. Justifikatzen zaila da, kaltetuaren eta haren jarraitzaileen sentimenduak zauritu gabe ezin da egin, eta alderdian zisma eragin gabe eta oinarri soziala desanimatu gabe egitea ez da erraza. Denbora faktore garrantzitsua da. Gainera, emaitza beti da zalantzazkoa.

Inkesten arabera, estatubatuar gehienek nahiago dute Bidenek alde batera egitea. Esan beharra dago Trump erretiratzea nahi dutenen neurri berean dela, horrek errepublikanoen artean eztabaidarik ez sortu arren. Gainera, inkestek diote Kamala Harris ez litzatekeela ordezkorik onena, emakume beltzak hautesle demokraten kolektibo indartsuenetakoa izan arren. Ordezkoen alorrean, George Clooneyrekin hasi eta Michelle Obamarenganaino, ameskeriak dira nagusi.

Errepublikanoen agenda izugarria da. Egunotan Milwaukeeko Konbentzioan migratzaileen «deportazio masiboak» eskatzen zituzten kartel ofizialak ikusi ditugu. Trumpek presidenteorde izateko aukeratu duen J.D. Vance tentel zitala da. 2022an, «egunero, George Sorosek 747 bat bidaltzen du Columbusera, emakume beltzak kargatu eta Kalifornian abortatzera behartzeko» esan zuen. Abortuaren debeku federala eskatu zuen. Ez dirudi, ordea, errepublikanoek marrazten duten distopia nahikoa denik jendea Bidenen alde bozkatzera eramateko. Ilusioa berpiztu behar da.

Non egongo ginateke EAJk Urkullu eraitsi izan ez balu?

Duela gutxi gurean ere gertatu da zaldi aldaketa harrigarri bat. Ezinezkoa da jakitea apirilaren 21eko hauteskundeen emaitza zein izango zen EAJren hautagaia Iñigo Urkullu izan balitz, baina hautesleen aurrean erabat agortua zegoela argi dago. Imanol Pradales lehendakariak beste ekimen bat erakutsi du, orain arte. Ez da soilik sasoi kontua, jarrera kontua da.

Aldaketa ondo atera bada ere, ibaiertza urruti dute. Zaldia ez ezik, maiz zalduna ere aldatu behar da. •