Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Elkarlana eta tokikotasuna, EH Bilduren protokoloen oinarriak

Urteak dira EH Bilduk jai guneetako eraso sexistei erantzuteko protokoloak lantzen dituela. Bidean ikasi du ezinbestekoa dela tokian tokiko eragileekin eraikitzea, inplikazioa eta koordinazioa hobetzen dituela jakitun.

Donostiako 2022ko Aste Nagusian sexu erasoen kontra jarritako puntu morea.
Donostiako 2022ko Aste Nagusian sexu erasoen kontra jarritako puntu morea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Paperean instrukzio orokor batzuk idatzi eta herriz herri banatzeak ez du funtzionatzen: instituzioen eta herrietako eragileen elkarlana izan behar da eraso sexistak prebenitzeko edo hauei erantzuteko xedez lantzen diren protokoloen oinarrian eta, ezinbestean, tokian tokiko errealitatera egokitu behar dira. Hori da, bederen, EH Bilduren iritzia, urte luzez esperientzia desberdinak jaso ondoren.

Koalizio abertzalean aspaldi hasi ziren eraso sexisten kontrako protokoloak lantzen; «agian, hamar urte bai», dio Oihana Etxebarrieta EH Bilduko Idazkaritza Feministako arduradun eta legebiltzarkideak. Berak azaldu du zein diren ekinbide hauen arrakastaren gakoak.

Ez dira, bere horretan, protokoloak, herriz herri moldatu beharreko irizpideak baizik, eta hainbat esperientziatatik ikasi ostean moldatu dira. Eta ez dira, halaber, eraso bat prebenitzeko edo horri erantzuteko jarraibide zurrun batzuk jasotzen dituzten eskuorriak. Zerikusi gehiago dauka prozesuarekin, Etxebarrietaren aburuz.

Izan ere, bi zutoinen gainean eraikitzen da EH Bilduk gobernatzen duen herrietan sustatzen duen lanketa: instituzioen eta eragileen arteko elkarlana eta herri bakoitzaren errealitateari egokitzea.

Jaien testuinguruan –baina baita horietatik kanpo ere– prebentzioa eta erantzuna bideratzeko estrategiak koordinatzeko «konfiantzazko» espazioak sortzen ahalegintzen da EH Bildu, udalen eta herriko eragileen arteko elkarlana sustatuz, batez ere mugimendu feministarekin eta tokiko jai edo txosna batzordearekin.

Inplikazio honek hainbat abantaila ditu hirugarren batek aldebakarrez landu eta herrietara zabaltzen dituen protokoloen aldean, Etxebarrietaren esanetan: herri bakoitzaren errealitatera egokitzen dira, herriko agenteek lantzen dituztenez gero. Horrez gain, erasoen aurka «askoz espazio gehiagotatik» eragiteko gaitasuna ematen du, ardurak eta funtzioak ondo banatuz. EH Bilduko kidearen iritziz, instituzioen lana izan behar luke protokoloek aurreikusten dituzten ekintzetarako baliabideak gaitzea, besteak beste, erasoa jasan duenak behar duen arreta bermatzeko, baina baita bestelakoetarako ere: «Garai batean mugimendu feministak hartzen zuen ardura, demagun, 24 orduko arreta puntuak egon zitezen», zehaztu du. Kanpora begirako salaketa eta erantzunean, berriz, mugimendu feministak eta jai batzordeak hartu beharko lukete lehen lerroa, Idazkaritza Feministaren arduradunaren iritziz.

Protokoloa osatu duen taldearen parte izateak dakar adostu den horren «kontzientzia handiagoa» izatea, Etxebarrietak nabarmendu duenez. «Askotan banatu izan dira protokoloak ez dutenak kontuan hartzen jaien testuinguruan eragile pila bat daudela eta asko egin dezaketela. Eragile gabe egiten baditugu, ez dute inoiz funtzionatuko, zeren dena eginda ematen dutenean ez da kontzientzia hori sortzen. Hasieratik sorrera prozesuan zaudenean, tresna gehiago hartzen dituzu protokoloa aplikatzeko garaian», adierazi du.

Bestetik, eraso bat gertatuz gero, garrantzitsua da «erantzuna artikulatua» izatea. «Gertatzen delako, adibidez, erasoa pairatu duen pertsonak ez duela publikoki horren berri eman nahi. Hala ere, mugimendu feministarekin erabakitzen da zer erantzun eman behar den», azaldu du. Beraz, Etxebarrietaren ustez, «koordinazioak, konfiantzak eta elkar aitortzak» prozesuen erdigunean behar dute.

«Asko hitz egiten ari da protokoloez, baina batzuetan segurtasunaren ikuspegitik soilik lantzen da, babesaren perfekziotik. Gure ustez, hausnartu behar genuke espazio seguruak nola sor daitezkeen. Horregatik oso garrantzitsua da mugimendu feministarekin eta jaien antolatzaileekin moldatzea, denon artean pentsa dezagun jai guneak nola bilakatu espazio seguruak», esan du Etxebarrietak.

Iruñeko ikasketak

Iruñeko sanferminen ondoren, Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) zehaztu zuen, hiriak jende gehiago hartu zuen arren, sexu erasoen kontrako salaketak %20 jaitsi zirela. Hau, Oihana Etxebarrietaren ustez, EH Bilduk protokoloen inguruan egindako lanaren emaitza positiboaren adibide garbia da, «aldaketa handia» gertatu delako.

Nabarmendu du Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldea aitzindaria izan dela sexu erasoen kontrako prozesuak mugimendu feministarekin lantzen, eta lehenengoetariko aplikazioa 2016ko talde bortxaketaren harira izan zela. Prozesu hartan parte hartu zuen baten hitzak ekarri ditu: «Oso desberdina izango litzateke kudeaketa, aldez aurretik ez balitz lanketarik egin udaltzaingoarekin, mugimendu feministarekin eta jai batzordeekin».