Andoni Arabaolaza

Iker eta Eneko Pou anaiek ekarpen berri bat egin dute Mendilerro Zurian

Micher Quito perutarrarekin batera, Copa mendiaren hego-ekialdeko isurian ‘Puro Floro’ bidea (M7, 95º, A2, 1.000 m) sortu dute. Gasteiztarrek diote alpinismoan egin duten jarduera zailena izan dela.

Alpinistok erlaitz txiki batean antolatu zuten lehen bibaka.
Alpinistok erlaitz txiki batean antolatu zuten lehen bibaka. (POU ANAIAK)

Iker eta Eneko Pou anaiak erabat harrapatuta daude Mendilerro Zuriarekin (Peru). Azken urteotan bisita batzuk egin dituzte, eta horietan uzta oparoa erdietsi dute. Aurten ere mendilerro horren deiari ez diote muzin egin. Berriz ere Micher Quito perutarra sokakide izan dute.

Gasteiztarrek ekainean Perun lur hartu zuten, eta lehen jarduera azpimarragarria Pisco mendian zabaldutako ‘Pisco Sour’ ibilbidea izan zen. Girora egokitzeko bikain etorri zitzaien. Izan ere, motorrak ondo baino hobeto berotu ondoren, bigarren ekarpen garrantzitsu bat egin dute.

Hirukoteak Copa mendiaren (6.188 m) hego-ekialdeko isuria aukeratu zuen bigarren helburu nagusia egiteko. Marra berriak lau eguneko lan eskerga eskatu zien. Emaitza: ‘Puro Floro’. Mila metroko ibilbide horretan zailtasun tekniko oso gogorrak gainditu behar izan zituzten: M7, 95° eta A2. Mistoa, izotza eta artifizial zaila jarduera hori biribildu ahal izateko.

‘Puro Floro’ izena jarri diote sortutako ibilbideari. Mila metro ditu eta honako zailtasun teknikoak: M7, 95º eta A2

Datu “hotzak” izan daitezke, baina hurrengo adierazpenotan arabarrek beraiek azaldu dute eskalada horrek eskatu diena: «Ibilbide oso zorrotza izan da, muturreko zailtasuna duena. Hirurok ala hirurok argi dugu: alpinismoan orain arte sortu dugun bide onena eta zailena izan da. Gure ibilbideetan garrantzitsuenetarikoa. Aparta, zaila, gogorra eta arriskutsua. Leher eginda amaitu dugu, baina ez dugu zalantzarik sekulako abentura izan dela. Mendilerro Zurian bide gogorrak zabaldu ditugu, baina azken honek luze zail asko ditu. Oso berezia izan da egin dugun jarduera hau».

Laburpen txiki hori egin eta gero aurreratu behar dugu lehen eskalada egunean bi ordu oinez egin zituztela glaziarraren ondoan dagoen morrenara (5.500 m) heltzeko. Hurbilketa bide hori egin ostean, biharamunean, alpinistok ‘Puro Floro’-ri forma ematen hasi ziren; hots, eskaladaren lehen urratsak egin zituzten.

Goizeko 4.20an hasi zen mugimendua. Bi ordu geroago lehen zailtasun teknikoen aurrean jarri ziren: «Egunsentiarekin batera, mila metroko horma bat zain genuen. Arroka, izotza eta elurra. Lehen 200 metroak erritmo oso onean igo genituen; elurrezko aldats samurrak ziren. Baina puntu horretatik aurrera benetako zailtasun teknikoak iritsi ziren. Mistoko sekzio zail batek erritmoa mantsotu zigun. Tarte horiek gogorrak ziren, eta erori pixka bat ere bazuten».

Copa mendian sortutako ibilbide berria: ‘Puro Floro’. (POU ANAIAK)

Hamabi orduko aktibitatea zeramaten, eta arratsaldeko lau eta erdietan erlaitz txiki bat aurkitu zuten lehen bibaka (5.640 m) egin ahal izateko. Protagonistok onartu dute gaua ez zela erosoa izan: «Horma oso tentea da, eta bibak atsegin bat egiteko ez zegoen lekurik. Erlaitz txiki horretan erdi eserita igaro genuen gaua. Hori gutxi ez eta, gure segurtasuna bermatzeko soka gerrira lotu genuen. Leku deserosoa zenez, ia ez genuen lorik egin. Gainera, pisu handia ez eramateko, lo-zaku arinak genituen. Hotzaren ondorioz, gau osoa oinak eta atzamarrak mugitzen ibili ginen. Jakina, izozterik ez izateko».

Zorrotza

Irakurri bezala, lehenengo bibak hori ez zen batere atsegina izan, eta horrek sasoian eragina izan zuen. Nahiz eta ez zuten atseden egokirik hartu, goizeko 8etarako prest ziren eskaladarekin jarraitzeko.

Aurreneko eguneko zailtasun teknikoak ez ziren baretu bigarren egunean. Itxaropen hori zuten, baina hormatzarrak oso tentea izaten jarraitu zuen: «Zorionez, bigarren egun honetan izotz gehiagorekin topo egin genuen. Alde baikorra izan zen, besteak beste, geure erritmoa bizkortzeko aukera eman zigun. Kontrako egoera ere bizi izan genuen; izan ere, murruaren ia amaieran geundenean, haizeteek gaizto astindu ziguten. Gainera, eguzkia ezkutatu zenean, behera egin zuen tenperaturak».

Alabaina, Quitok eta Pou anaiek indarrak atera zituzten gailurrerira heltzeko. Bederatzi orduko lan gogorraren ondoren, alpinistek zailtasun tekniko gogorrenak atzean utzi zituzten. Horma tenteak lekukoa eman zion gailurreriari. 6.000 metrora zeuden.

«Hirurok diogu alpinismoan orain arte sortu dugun bide onena eta zailena izan dela»

Soilik 200 metro geratzen zitzaizkien tontorra zapaltzeko, baina sekzio horrek azken ahalegin handi bat eskatu zien: «Gaua heldu zen, eta nola hala elurrean urratsa zabaltzen jardun genuen. Elur sakonean. Ordubete geroago konturatu ginen ez ginela gai izango gailurrera heltzeko. Gauez eta leher eginda, bigarren bibaka prestatzen hasi ginen. Izotzean zulo bat egin eta lo-zakuetan sartu ginen. Jateko gutxi genuen, eta, gainera, haizeteek arazo ugari eman zizkiguten su txikia piztu ahal izateko. Hori gutxi ez eta, lan horretan Ikerrek lo-zakuaren zati bat erre zuen. Inolako zalantzarik gabe, bigarren bibak hau gure bizitzetako txarrenetarikoa izan da. Ez genuen ia lorik egin».

Hotz handiarekin eta ia ezer jan gabe, bibak horretan ordu batzuk egin zituzten. Biharamunean, goizeko bostetan, lerrootako protagonistak tontorrera abiatu ziren. Azken tarte hori bi ordukoa izan zen. Lan handia egin eta gero, hirukoteak aukera izan zuen tontor horretan elkar besarkatzeko. Pozarren ziren eginiko eskaladarengatik eta sortutako ‘Puro Floro’-rengatik.

Micher Quito perutarra sokaburu Pou anaiekin batera irekitako bidean. (POU ANAIAK)

Jardueraren lehen etapa biribildu zuten. Baina bigarrena zain zuten: jaitsiera. Zalantzak piztu ziren: irekitako ibilbidetik jaitsi edo beste isuritik. Ibilbide berriak dituen zailtasun teknikoak kontuan hartuta, Quitok eta Pou anaiek argi zuten handik jaistea ausarkeria izango zela: «Ez genituen geure buruak ikusten bide horretatik jaisten. Hormatzar hori oso handia, tentea eta arriskutsua da. Beste isuriko alternatiba atseginagoa zirudien. Horrez gain, oraindik garaiz genbiltzan eta egun argiz jaisten hasi ginen. Ibilbidea ez zen argia, izotzezko dorreak eta artesiak zeharkatu behar baikenituen. Beldurgarriak eta oso handiak ziren arrakalak. Serac ikaragarri batzuetan hiru rappel egin genituen. Ondoren, beste ordu batzuk jaisten jardun genuen, izotza atzean utzi arte».

Azken egun hori hamar ordukoa izan zen. Copa mendian eginiko lau eguneko jarduera gogorra bezain zaila amaierara heldu zen. Alpinistok onartu dute asko sufritu dutela eta lortutako arrakastarekin pozarren direla: «Bakoitzak lau kilo galdu ditu. Hirurok ala hirurok bat gatoz: Copa mendian sufritutako eskarmentuak merezi izan du. Eta berriro diogu: alpinismoan inoiz eskalatu dugun bide onena izan da. Beste behin, Mendilerro Zuriak jarduera handi bat oparitu digu».