Zizurkilgo Errekalde baserrian noizbait zuriak izandako paretei gastatutako harria nagusitzen zaie egun. Hamaseigarren eszena adierazten duen klaketaren hotsa: «Prest? Grabatzen». Joseba Usabiaga ageri da eskuetan daraman maleta pisutsua utzi eta baserriaren eskuinaldeko zuhaitz handia besarkatzen: «Aspaldiko, lagun zaharra. Zer berri?».
Zaharrak berri erantzungo lioke atsotitzak, Patxi Bisquert zinema zuzendariak aldiz, mozteko aginduaren ostean argi erantzun dio: «Poztasun pixka bat gehiagorekin, Joseba». Izan ere, Pello Mari Otaño Barriola (Zizurkil, 1857 - Rosario, Argentina, 1910) da Usabiaga ‘Ombuaren itzala’ filmean, eta urteak Argentinan igaro ondoren itzuli da bere jaiotetxera, Errekaldera.
Errodajeko taldea ere Argentinatik iritsi berria da, hango grabaketa amaitu berritan. Otañori bezala, ongi etorri hezea eta bustia eman dio Zizurkilek.
Lau urtetik gora daramatza Bisquertek ‘Ombuaren itzala’ filma egiten. «Niretzat oso garrantzitsua da Otaño gaurko belaunaldi berriei nolabait inguratzea, haren bizitza eta haren hitza», kontatu du Bisquertek. Bere esanetan Otaño garrantzitsua izan zen Euskal Herriko kulturan, baina ez bertsogintzan bakarrik, «poeta bezala ere bai. Erabiltzen zuen hizkuntza oso aberatsa zen, modernoa».
Filma belaunaldi berrientzat tresna bat izatea nahi du, Otañoren bizitza eta Euskal Herriaz zuen ikuskera kontatzeko tresna, «Unamunorekin izandako arazoak, baita nola ikusten zuen herria. Bera izan zen lehenengoetakoa zazpiak bati kantatu ziona». Egun, ordea, «ahanzturaren zulo beltzean erorita» dagoela uste du. Nahiz eta filma egiten hasi zirenetik «berpiztu» dutela uste duten, eta alde horretatik pozik daude.
Zuzendu eta aurrera
Usabiagari zuzenketak egin ondoren, eszena errepikatu dute. Eta moztu aurretik beste ahots bat sartu da kameran: «Zein dabil hor?». Joxe Bernardo osabak erantzun dio Otañori, Anjel Mari Peñagarikanok Usabiagari.
Eta berriro grabatzeko agindua. «Nire osabak, ez baldin badu / eginkizun haundin bat hor / gizon bat dago berorren galdez / ate ondoraino betor / Berorrek ondo dakiena da / agintzen dana dala zor / bera jaio zan ohiaren bila / iloba oraintxen dator», kantatu du Usabiagak.
«Moztuuuu» berriro ere agindua; eta Bisquerten gogorarazpena, «jaio zen» esan duela Usabiagak, eta Otañok «jaio zan» esango lukeela. Berriro ere grabatzeko agindua, eta orain bai, «zan» esanez bertsoa.
«Nere iloba, esango dizut / ongi etorri zerala / jaiotako ohia jantziko dizut / gustu haundiz berehala / maindire zuri ederrenekin / parpailak darizkiola / sinistapena izan dezazun / bihotzez nahi zaitudala», erantzun dio Peñagarikanok.
Eta grabaketan ohikoa den agindua berriz ere, moztekoa, alegia. Kasu honetan, lan talde osoarengan zabaldu da eztabaida, gidoian «arropa zuri» jartzen duelako, eta Peñagarikanok «maindire» esan duelako. Pentsatzen jarri dira garaian nola esango zuketen eta maindirearen alde egin du lan taldeak. Eztabaida korapilatsuagoa eta luzeagoa izan da ordea «sinistamena», «sinistapena», «sinismena» edo dena delakoa.
Kamerak lekuz aldatu bitartean, Peñagarikano autora joan eta liburu batekin itzuli da. Otañoren bertsoak daude bertan bilduta, eta ez dute argipen handirik izan, bertso bakoitzean modu batera jasota dago eta «sinistapena» edo dena delakoa.
Lan taldeko beste bati galdegin dio Bisquertek, zizurkildarra izaki, ea berak nola esango lukeen, edota bere inguruan laguntza eskatzerik baduen. Ez dute argitzea lortu, baina Peñagarikanok kantatutakoa ontzat eman dute azkenean, eta grabaketarekin jarraitu. Erritmoa ere garrantzitsua baita errodaje egunetan, are gehiago urteetako lana dagoenean jokoan.
Irudia bai, audiorik ez
Otañoren bizitzan eszena garrantzitsua da ‘Ombuaren itzala’ filmean 16.a den hau. Izan ere bertsolariaren ardatz nagusiek bat egiten dute bertan: zuhaitza, bertsoa, Argentina eta Zizurkil. Duela urtebete inguru iritsi zitzaion Usabiagari Otañoren larrutik antzezteko aukera, eta baiezkoa erantzun zuen, izan ere, bere ustez garrantzitsua da Euskal Herrian Otaño ezagutaraztea: «Zizurkilen eskolak eta plazak haren izena dute, baina eskualdetik kanpo ez da oso ezaguna».
Pertsonaia eraikitzeko momentuan askatasun handia izan duela kontatu du aktore protagonistak, izan ere, Otañoren biografia jasota dago, eta iritsi da guganaino, baina bere audiorik ez dago entzungai; irudia ikusi arren, nolako ahotsa zuen ez du jakin aktoreak: «Jakinda zein biografia utzi zuen, pertsona oso jantzia zela uste dut, edukatua, keinu handirik egiten ez zuen pertsona. Bere pikareskarekin baina oso serioa, hizketa lasaikoa...».
Hala ere, baditu pista batzuk, han eta hemen jasotako kontakizunek esaten baitute Otañori ‘Kattarro’ ezizena jarri ziotela zuen ahotsarengatik, eta akaso horregatik egin zituela bertso idatzi gehiago bat-batekoak baino, ahotsa muga bat izan zelako harentzat.
Filmari lotura edota eszenen arteko haria Otañoren bertsoek ematen diote, eta Peñagarikanorentzat hori oso garrantzitsua da: «Otañoren bertso guztiak niretzat urre puskak direnez, horrelako film batean parte hartzea gozagarria da. Niregatik izango balitz, parte hartzeko egun eta sekuentzia gehiago eskatuko nituzke!», dio irri artean. Aitortu du «ume txiki bat bezala» gozatzen dabilela grabaketetan. Errodajean ere sumatzen zaio bere saltsan dabilela.
Zizurkilgo grabaketek «karga emozional gehigarri» bat dutela eta herritarrek harrera beroa egin dietela kontatu du zuzendariak. Kalkulu gutxi batzuk eginda, Zizurkilgo grabaketak amaituta, erdia jada eginda izango dutela aurreratu du Bisquertek. Argentinan izan berri dira, Otaño han izan zeneko bizitzaren zatiak grabatzen.
«Oso pozik gaude, plano eta sekuentzia politak grabatu ditugu», azaldu du zuzendariak. Eta bi astez itsasoaz bestalde egon ostean, «pultsua hartu» diotela adierazi du. Istorioa eta lan taldea proiektuarekin «bat eginda» sumatzen dituela esanez.
.
Irudimenari bide
Eszena eta eszena errepikapenen artean arnasa, kafe bat edota Tolosako teilak eta zigarretak hartzen badituzte ere, berriro grabatzen hasteko errepidea moztu behar da, soinurik ez sartzeko.
Otañoren garaiko Zizurkilgo hotsak eta egungo zaratak ere aldatuko baitziren ziurrenik ere. Oihuka ari ziren zuzendaria eta zuzendari laguntzailea errepidearen alde banatan lanean zebiltzan gazteekin komunikatu nahian, noiz geratu autoak, noiz utzi pasatzen... Baina oihuen oihartzunak heltzerako, produkzioko gazte batek ohartarazpena egin du: «Whats Appeko talde bat egin dut, eta hemendik ari gara, ez egin garrasirik, lasai».
Batzuetan tresnak nola erabili jakitean omen dago gakoa. Eta hori da belaunaldi ezberdinen arteko lan taldeak osatzeak duen alderik onenetarikoa, denek dutela zer ikasia, elkar entzuten dutenean.
Kazetari eta argazkilariari ere taldekideek ohartarazpen bat zieten heldu bezain pronto: «Grabaketa hau Otaño bera bezala da, egun bakoitzeko handitzen doan obra da, baina ekonomikoki... auzolanean egin behar lan». Hasieratik zuen Bisquertek argi auzolanean sortu nahi zuela filma, crowfounding erraldoi bat jarri zuen martxan, eta aurrekontuaren zati handiena lortu badute ere, oraindik azken bultzadaren beharrean daude, %23a edo beharko dute postprodukziorako. Horregatik, beraien webgunearen bidez diru ekarpena egiteko deia zabaldu dute taldekideek.
Pantaila handira heldu arte jarraituko dute bide horretan, auzolanean, Otaño Errekalde baserritik atera eta Euskal Herrian barrena zabaldu arte.