NAIZ

Sarek eta Etxeratek sei hondartzatara eramango dute aldarrikapena abuztuaren 4an

Aurten lehen aldiz elkarrekin, Etxeratek eta Sarek abuztuaren 4an egingo dute urteroko hondartzetako mobilizazioa Bakion, Laidan, Lekeition, Mutrikun, Orion eta Donostian, eguerdiko 12.00etan. Asmoa «gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra» erakustea da.

Mobilizazioak aurkezteko Sarek eta Etxeratek Loretopen egin duten prentsaurrekoa.
Mobilizazioak aurkezteko Sarek eta Etxeratek Loretopen egin duten prentsaurrekoa. (Jon URBE | FOKU)

«Gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra» aldarrikatzeko sei mobilizazio egingo dituzte Sarek eta Etxeratek, aurten lehen aldiz elkarrekin, Hego Euskal Herriko sei hondartzatan: Bakion, Laidan eta Lekeition, Bizkaian, eta Mutrikun, Orion eta Donostian, Gipuzkoaren kasuan.

Berritasun gisa, urtez urte Etxerat elkarteak antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu du aurten, asteazken honetan Donostiako Loretopen eginiko prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. «Elkarlanean guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea», adierazi dute.

12.00etarako deitutako mobilizazio hauekin, «kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dugu gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra. Kosta ala kosta lortuko dugu, kosta ala kosta lortu behar dugu», esan dute hedabideen aurrrean.

Hori dela eta, gazte, heldu eta adinduei zabaldu diete mobilizazioekin bat egiteko deia: «Hartu bainujantzi, surf taula, flotagailu, piragua, traineru eta banderolak eta bete ditzagun aldarriz Hego Euskal Herriko 6 hondartza hauek», animatu dute.