Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Denboran eta espazioan zeharreko bidaia komikoa

TIME BANDITS
AEB. 2024. 10 atal.
Zuzen.: Taika Waititi, Iain Morris, Jemaine Clement. Gidoia: Taika Waititi, Iain Morris, Jemaine Clement, Terry Gilliam. Akt.: Lisa Kudrow, Kal-El Tuck, Charlyne Yi. Argaz.: DJ Stipsen, Mike Berlucchi, Bevan Crothers. Paltaforma: Apple tv +.

'Time Bandits' telesaileko protagonistak
'Time Bandits' telesaileko protagonistak (Apple)

‘Time Bandits’ (‘Los Heroes del tiempo’) Terry Gilliam-ek 1981ean zuzendu zuen film ezaguna izan zen.  Terry Gilliamen hitzetan, film honek berak zuzendutako ‘Brazil’ eta ‘The Adventures of Baron Munchausen (‘Las Aventuras del Baron Munchausen’) filmeekin batera, ‘Irudimenaren Trilogia’ delakoa osatzen omen dute.

Hiru filmak bizitzaren hiru aro ezberdinetako hiru ikuspuntutatik irudimenaren bidez errealitatetik ihes egiteko isladak omen dira: ‘Time Bandits’ haur baten ikuspuntutik, ‘Brazil’,gizon heldu baten ikuspuntutik eta ‘Munchausen’ adineko gizon baten ikuspuntutik.

Bada, 43 urte geroago, Apple Tv+-en eskutik, Taika Waititik eta Jemaine Clementek osatutako duetoak –kasu honetan Iain Morris-ekin batera–, ‘Time Bandits’ pelikularen moldaketa egin eta 10 ataletako telesaila osatu dute.  

Zineman ez ezik, Waititik eta Clementek eskarmentua dute jada telebistan; horren adibide dira ‘Our Flag Means Death’ (‘Nuestra bandera significa muerte’)  edota ‘What We Do in the Shadows’ ( ‘Lo que hacemos en las sombras’) dibertigarriak. Kevin (Kal-El Tuck) izeneko 11 urteko gaztea da protagonista nagusia: lapur talde bat bidelagun, denboran eta espazioan zeharreko bidaia egingo dute.

Aktoreen artean, hasteko, Lisa Kudrow topatuko duzue, ‘Friends’ telesaileko Phoebe ahaztezina, eta berarekin batera Kal-El Tuck, Charlyne Yi, Tadhg Murphy edota Roger Jean Nsengiyumva, besteak beste.

Polemika

Charlyne Yi aktoreak Instagram bidez zera salatu zuen: «Filmatzen ari ginenean beste aktore batengandik abusu fisiko eta psikologiko etengabeak jasan ditut, eta larriena zera da, ekoiztetxeak garrantziarik gabeko zerbait dela esan didala; ez dut inolako laguntzarik jaso egoera kudeatu ahal izateko».