NAIZ

Euskal Herrian dira osasun arreta jasotzeko iritsi diren hamar haur palestinarrak

Israel Gazan eragiten ari den sarraskiaren ondorioz zauritu diren hamar haur palestinar eta haietako baten ama Gurutzeta, Donostia eta Nafarroako ospitaleetan dira dagoeneko, osasun arreta jasotzeko.

Elma Saiz Migrazio ministroa, Gazatik iritsi diren bi palestinarrekin hizketan, Torrejonen.
Elma Saiz Migrazio ministroa, Gazatik iritsi diren bi palestinarrekin hizketan, Torrejonen. (MIGRAZIO MINISTERIOA | EUROPA PRESS)

Gazatik etorri diren 2 eta 14 urte bitarteko hamar haur eta haietako baten ama dagoeneko Euskal Herrian dira, gerraren eta beste gaixotasun larri batzuen ondorioz izandako zauriak sendatzeko.

Lakuako Gobernuko Osasun Sailak zehaztu duenez, Osakidetzak astelehen honetatik aurrera bost adingabe artatuko ditu Gurutzetako Ospitalean, eta horietako baten ama eta beste lau adingabe Donostia Ospitalean.

Nafarroara beste ume bat iritsi da eta Nafarroako Ospitalean artatuko dute.

Israelek Gazako Zerrendan buruturiko erasoetan gaixotu edo zauritutako 15 haur gazatarrak Torrejon de Ardozeko aire-basean (Madril) lurreratu ziren uztailaren 24an, Estatu espainiarrean premiazko osasun laguntza jasotzeko.

Torrejonen lehen arreta eta balorazioa egin ondoren, behin-behineko dispositibo batean hartu zituzten, bost autonomia erkidegoetara eraman aurretik.

15 adingabeetatik 13 zauritu ditu Israelen erasoaldiak, eta paziente onkologiko bat eta bihotzeko gaixotasun kroniko bat dituen beste bat ere badaude, espainiar Osasun Ministerioaren arabera. 

Itziar Astigarraga Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako buruak azaldu duenez, astelehen honetan hasiko dira haurren zauriak ebaluatzen, eta paziente bakoitzaren osasun laguntza nolakoa izan behar den antolatuko dute. Ondoren, jarraipena egingo dute, behar bezala sendatzen direla ziurtatzeko.

Haur horiek lesio traumatologikoak, erredurak, arazo neurologikoak, oftalmologikoak edo bihotzekoak dituzte, besteak beste. Adingabeetako baten amak laguntza neurologikoa behar du, Osakidetzak azaldu duenez.

Haurrak senideekin etorri dira, eta haiekin egongo dira tratamenduak irauten duen bitartean, eta errefuxiatuen irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatutako baliabideetan egongo dira.

GKE horiek, gainera, hainbat zerbitzu emango dizkiete, hala nola mantenua eta oinarrizko beharren estaldura, informazioa eta orientazioa, laguntza psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen eta interpretazio zerbitzua.

Gazatik datozen familiei osasun arreta eta arreta psikosoziala emateko proiektu honek 3 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da.