Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Musa pantaila txikian

Primeran plataformara Kanaldudek sortutako ‘Mintza’ saioa igo berri dute. Telebistan ematen den mus emankizuna da, jokoan zortzi bikote jarri dituzte eta saria proiektu kultural eta solidario bati bideratuko diote. Formatu honi ‘Poker tour’ deituriko partida laburpenak ere gehitu dizkiote, lehiakideen gaineko informazioa eransteko.

Zortzi taldeek herrialde bana ordezkatuko dute: Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Nafarroa, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta diaspora. Pantxoa Bergara ‘Xabaltx’ musikariak gidatzen du saioa. Otsailean estreinatu zuten emankizuna eta baliteke zuetako batzuek jada ikusia izatea baina, berriki Primeran-en jarri dutenez, ikusi ez duzuenontzat gomendio berezia iruditu zait.

Biarritzeko Atabal aretoan grabatu den saioak hainbat ikuspuntu desberdinetatik erakusten dizkigu partidak eta, errealizazioari eta edizioari dagokionez, aparta iruditzen zait.

Lan dotorea osatu du Iban Rusiñolek. Parte-hartzaileen kartak lehen planoan ikusteaz gain, bereziki gustatu zaidana jokalarien arteko keinu eta hizketak gertutik ikusten ditugula da. Musaren munduan ezjakinak garenontzat oso baliagarria iruditu zait ‘komentaristen gela’ delakoa, izandako jokaldiak azaldu eta komentatzen dituztelako. Oinarriak eta azalpen bereziak ematen dituzte eta asko eskertu dut.

Proposamen bitxia eta polita, ezta?