NAIZ

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria

Ruper Ordorika abeslari eta musikariak jasoko du Abadia Saria, «euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eramaten» egindako lanagatik. Lau hamarkadako ibilbidearen aitortza egingo dio horrela Gipuzkoako Diputazioak. Saria irailaren 12an jasoko du, Hendaiako Abadia jauregian.

Ruper Ordorikak irailaren 12an jasoko du Abadia Saria.
Ruper Ordorikak irailaren 12an jasoko du Abadia Saria. (Jon URBE | FOKU)

Ruper Ordorika musikari eta abeslari oñatiarrak jasoko du aurtengo Abadia Saria. Kantagile oñatiarrak lau hamarkadatan zehar euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana eta ekarpena aitortuko dio horrela Gipuzkoako Diputazioak.

«Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari», nabarmendu du Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.

«Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari», nabarmendu du, eta, bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu dituela ekarri du gogora, eta balioan jarri ditu nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean lanean aritu izana eta literatura eta artearen arteko zubiak lantzeko izan duen gaitasuna.

Bere hitzetan, plazaratu dituen «proposamen esanguratsu eta berritzaileek, lan guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioak», euskaldunon azken hamarkadetako kultur «erreferentzia nagusien» artean kokatzen dute Ruper Ordorika.

Aurretik aipatutako guztiagatik, euskarari eta euskal kulturari ekarpen «jori eta agortezina» egin diola berretsi du Mendizabalek, eta saria irailaren 12an jasoko duela iragarri du, Hendaiako Abadia jauregian bertan, sariari izena ematen dion zientzialari eta euskararen sustatzailearen omenez.

Pott Banda eta ‘Hautsi da anphora’

Ruper Ordorika Ezkurdia Oñatin jaio zen 1956ean. Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizitzera. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan, horien artean nagusiena Pott Bandaren sorreran, gerora kantariaren ibilbidean garrantzia handia edukiko zuena. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde.

‘Hautsi da anphora’ (Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak dagoeneko oso kritika onak lortu zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren ‘Etiopia’ (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hau. Ordutik diskografia zabala eta anitza ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean.

Aurtengo martxoan argitaratu du azken diskoa, ‘Bakarka II’, eta haren xehetasunen berri eman zigun elkarrizketa honetan.

Abadia Sariaren 25. edizioa

Aurtengo saria Ordorikak jasoko duela jakinarazteaz batera, sariari berari dagokion beste iragarpen bat ere egin du Mendizabalek. Datorren urtean sariak 25 urte beteko dituela eta, Abadia Saria «are eta gehiago prestigiatzea eta garrantzia instituzional handiagoa ematea» izango dutela xede aurreratu du: «Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntza berari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak eskaintzen dizkiogu», aipatu du, eta dagoeneko ideia edo jomuga berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari direla esan du.

Abadia Saria 1996an sortu zen euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko. Bi urtean behin eman izan da, eta azken edizioetan Fagor Taldea eta Garabide elkartea izan dira sarituak.