Eguzkik Donostiako Udalak hiri hondakinen kudeaketan duen jarrera kritikatu du ohar batean. Datorren urterako zabor tasa %26,54 igoko duela iragarri bu berriki udal Gobernuak, eta hori «astindu galanta» da herritarren poltsikoarentzat, talde ekologistak salatu duenez. Gogoratu duenez, egoera hori Europatik datorren Hondakinen Legeak «behartuta» dagoela argudiatu du alkateak, eta Donostiak ez ezik gainontzeko herriek ere onartu beharko dutela.
Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Eguzkik nabarmendu duenez, «alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, esan ez dituenetan datza».
Talde ekologistak zehaztu duenez, Eneko Goiak «ez du esan zabor tasa igotzea agintzen duen Hondakinen Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri hondakinen %55 gaika biltzea ere agintzen duela». Eta gogoratu du Donostian, gaur egun, %41,33 baino ez dela biltzen gaika. Hala, Gipuzkoan «gutxien birziklatzen duen herria» da, «alde handiarekin gainera».
Eguzkiren arabera, Gipuzkoako herriek, «orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten %55eko helburua». Egun herrialdearen batez bestekoa «%57,16koa da, eta handiagoa izango litzateke baldin eta Donostiako eta –maila apalagoan– beste zenbait herritako emaitza kaskarrek jaitsiaraziko ez balute», adierazi du.
Talde honen iritzitziz, Donostiako Donostian gaikako bilketa «hain eskasa» izatearen arrazoia zera da: «Udal Gobernuak urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diola, erraustegiari jaten eman behar zaiolako, hondakinen kontu hau glamour gutxikoa delako… edo alor honetan utzikeria nagusitu zaiolako».
Horrekin batera, Eguzkik salatu du zabor tasaren igoera iragarri arren Udalak ez duela gaikako bilketan %55eko helburua lortzeko planik, eta soilik «auzoren batean, proba gisa», zaborra nahastuta hartzen duten edukiontzietan itxiera eta irekiera txipak jartzeko asmoa duela, horretarako eperik gabe.
Talde ekologistarentzat, «sekulako iruzurra» da «tasak %26,54 igotzea, legea betetzeko aitzakian, baina aldi berean lege horrexek berak ezartzen duen %55eko helburua urratzea, are gehiago urratze hori arrozoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk ez dagoenean».
«Iruzurra legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari. Udal Gobernuak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik», nabarmendu du.
Gogoratu duenez, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxieneko batzuk bete behar dira, eta «gutxieneko horiek betetzea ingurumen politiken kotoiaren proba moduko bat da».
Bere aburuz, ingurumen politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienekoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira».