SPONSORED CONTENT

Etxarri Aranatz eta Bera jaietarako prest, Lizarran debekuak herri mugimenduari

Abuztuko lehen asteburuarekin iritsi dira Etxarri Aranatz, Bera eta Lizarrako jaiak. Sakana eta Bidasoako herrietan dena prest dute suziria botatzeko, baina Ega bailarako hiriburuan UPNko Udalak ukatu egin du txosnak betiko lekuan jartzeko baimena.

Festa hasierako suziria larunbata eguerdiko 13.00ean botako dute Etxarri Aranatzen.
Festa hasierako suziria larunbata eguerdiko 13.00ean botako dute Etxarri Aranatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarri Aranatzen sei egunez luzatuko dira jaiak, larunbatean hasi eta datorren ostegunera arte (abuztuaren 3tik 8ra). Ohikoa den bezala, aurten ere 2023an jaiotako haurrei zapia jarriko zaie eta ondoren festa hasierako suziria botako du Etxarri-Palestina elkartasun taldeak. Jarraian, kalejira abiatuko da Etxarri Aranazko gaitero, erraldoi eta buruhaundiekin, eta Eztanda txarangarekin.

Urtero bezala, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua prestatu du jai batzordeak eta sei egun hauetan ez dira faltako herri bazkariak, herri kirolak, auzateak, zezen suzkoak, haurrendako jolas parke eta apar-festak, bertsolariak edota kuadrilla arteko olinpiadak.

Musikak leku berezia izango du Etxarriko jaietan, eta ez gauez bakarrik. Horrela, eguerditan honako emanaldiak daude iragarrita: Eztanda txarangaren kontzertua (larunbata 3), Chuchin Ibañez mariatxia (igandea 4), Sakana Kantuz (astelehena 5), Cumbiam`Bero taldea (asteartea 6), eta Gazte Txarrak txaranga (osteguna 8). Arratsaldeetan ere izango da musika herrian: Gazte Txarrak txaranga (larunbata), Xaibor Tour 2024 ikuskizuna (igandea), Zidakos eta Gazte Berriak txarangak (astelehena), Rockalean (asteartea), Matraka txaranga (asteazkena) eta Andoni Ollokiegi (osteguna).

Gauetako musika emanaldiak, berriz, hauexek: Howdy Bluegrass eta Gwendal (ostirala 2), Trikiteens (larunbata 3), Pantxo Balbuena eta DJak (igandea 4), Muxutruk eta DJ Expuela (astelehena 5), Gozategi (asteartea 6) eta Joselu Anaiak (asteazkena 7).

Etxarri Aranazko jaietako establezimendu laguntzaileak: Derry Taberna, Lekuona Taberna, Adia aholkularitza, Portuko Okindegia.

Beran, bestalde, bost egunez luzatuko dira San Esteban festak, ostiraletik asteartera (uztailak 2tik 6ra). Jaien hasiera adierazteko altxaferoa ostiral eguerdian botako dute Erraldoien taldeko kideek (direnak eta izan direnak) eta ondoren jaia lehertuko da erraldoi eta buruhaundiekin, Incansables txarangarekin eta gaiteroekin.

Ostiral arratsaldean txoznen irekiera egingo da Toki Onako patioan eta bertan ere egitarau zabala eskainiko dute egun hauetan: gosari herrikoia, mozorro eguna, ginkana, herri bazkaria, jokoak… Musika emanaldiei dagokionean, honako hauek daude iragarrita txoznagunean: Janus Lester eta Ganibet (ostirala 2), Bengo eta DJ Fifi eta Fefa (larunbata 3), Mice eta herriko DJak (igandea 4), Atzarbale eta Xutik (astelehena 5), eta Pan con Chile eta Alarma Morea (asteartea 6).

Horrez gain, egunero iluntzeko 21.00etan dantza herrikoiak izango dira Ezpelur gaiteroen laguntzarekin, eta goizaldeko 1.00etan kalejirak Incansables txarangarekin.

Berako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Berako Udala, Manuel Taberna.

Txistulariak Lizarrako haurren egunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lizarran ere ostiral eguerdian botako dute jai hasierako txupinazoa eta egitaraua zazpi egunez luzatuko da, datorren ostegunera arte (abuztuak 8). Aurtengo egitarau ofizialean hainbat berritasun izango da: astelehenetik ostegunera bitarteko entzierroak zezenkoekin izango dira, astearteko haurren egunean txikientzako idi-entzierroa antolatu da eta astelehenean Nagusiaren Eguna berreskuratu da. Bestalde, asteazkeneko bazkari solidarioan biltzen den dirua aurten Gaza iparraldeko Al-Awda ospitalerako izango da.

Egitarau ofizialetik kanpo, Lizarrako ikastolak beste urte batez egitarau propioa prestatu du Santiago plazan. Goizero, entzierroa baino lehen, herri-salda eskainiko du eta arratsalde-gauetan honako kontzertuak antolatu ditu: Trikiteens (ostirala 2), Urtz taldea (larunbata 3) eta Lorratz erromeria eta Gozategi (igandea 4).

Beren egitarau propioa burutzeko zailtasunak dituztenak Lizarrako Txosnak eta beste hainbat talde dira, Udalak ukatu egin dietelako beren txosnak betiko lekuan jartzeko baimena. Horrela, aurten UPNko Udal Gobernuak debekatu egin du txosnak autobus geltokiaren atzean jartzea, azken 28 urteetan bertan egin diren arren, eta San Benito parkera bidali nahi izan ditu. Kokapen berri honek, ordea, arazo ugari sortzen ditu, bai logistika zein segurtasun aldetik.

Debeku honen aurrean protesta egiteko, jaietako lehen egunean, ostiral arratsaldeko 18.00etan, manifestazioa deitu dute autobus geltokitik abiatuta.

Txozna jartzeko debekua jaso duen beste talde bat La Bota peña da. Azken 9 urteetan Santiago plazan jarri badu ere, oraingoan Udalak ukatu egin dio baimena 400 bazkide dituen eta jaietan hainbat ekitaldi antolatzen dituen elkarteari. Udal erabakiari aurre egiteko, 45 ostalari eta 31 herri eragileren sinadurak jaso ditu.

Debeku horien aurrean, Lizarrako Sugarra Gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatzea erabaki du abuztuaren 2tik 6ra. Horrela, ostiralean bertan gaztetxearen irekiera egingo dute DJ emanaldiekin eta larunbatean kontzertuak izango dira arratsaldeko 19.00etan hasita gaztetxe ondoko aldapan, honako taldeekin: La Eskolta eta Raimundo el Canastero. Astelehenean pilota partidak izango dira San Miguel frontoian eta asteartean herri bazkaria.

Lizarrako jaietako establezimendu laguntzaileak: Iratxe Kanpina, Carpintería Pascual.