SPONSORED CONTENT

Oiartzun eta Getaria dira Gipuzkoako festazaleen hurrengo plazak

Xanistebanak eta salbatoreak, bata bestearen atzertik helduko dira abuztu hasierako bi jaiak. Oiartzungo egunik eta gaurik alaienak ostiral honetan, abuztuak 2, hasiko dira eta Salbatore eguna arte, abuztuak 6, luzatuko dira. Ordurako, Getarian, jaietako egun handia ospatzen ariko dira.

Festa giroa herriko txoko guztietara zabalduko dute prestatutako hamaika ekimenek
Festa giroa herriko txoko guztietara zabalduko dute prestatutako hamaika ekimenek (Andoni Canellada | Foku)

Heldu dira Oiartzungo bost egun berezienak. Abuztuaren 2an hasita, kaleak kolorez eta jarduerez beteko dira, oiartzuarren eta bertaratzen direnen gozamenerako. Egindako lana eskertzeko, horiek antolatzen parte hartu duten guztiak gonbidatu zituen Joana Mendiburu alkateak, zapi urdina soinean, udaleko ordezkariekin batera soka-dantzan parte hartzera. Horren ondoren, aurten mende erdia osatu duen Artaso Elkarteak piztuko du suziria. Ibilbide luze horretan Karrikako eta herriko jaietan hamaika jarduera antolatu izana aintzatetsi nahi diote. Eztandaren ondoren, kanpai soinu alaiak eta erraldoien kalejirak zabalduko dute abian direla xanistebanak.

Jaiegun bakoitzak bereizgarri bat du eta zer nabarmendua. Xanisteban egunean, abuztuak 3, Lartaun Txistulari Taldearen 47. Kontzertu herrikoia, lehia eta parranda giroa uztartzen dituen auzo arteko 36. sokatira txapelketa edota bertso saio musikatua. Baserritar egunean, abuztuak 4, kutsu tradizionaleko ekimenak dira nagusi: azoka, sagardo eta pintxo lehiaketa, Oiartzungo harriarekin egindako idi dema, herri kirolak... Gazte egunean, abuztuak 5, gazte txupinazoa, bazkaria eta jolasak prestatu dituzte, baina gazte ez direnek ere zeregin ugari dute, esaterako, bertso jaialdia, Kantu Kantari ekimena edota Arin-arin eta fandango txapelketa. Azken eguna, abuztuak 6, berriz, haurrena da: esku pilota eta areto futboleko finalak, txokolate jana, jolas parkea...

Gauetako protagonistak, aldiz, musika emanaldiak dira. Hiru gunetan banatuko dira: Done Eztebe plazan, Itzal erromeri taldea, Esanezin, Eire, Bidebatez, Patxi Perez eta Puro Relajo; txosnagunean, Herenegun, Zilibito Records, Hofe X 4:40, Yakovlev 42, La Txama, STR, Astelehen Goizak, DJ Fresa Morango, Afrika Big Bang eta Sustrai Sisters; eta Zimitiyoko txosnagunean, DJ Jotatxo, DJ Elepunto eta DJ Bull.

Bestalde, eraso matxistei aurre egiteko arreta eta informazio zerbitzua indartu dute, ordutegia zabalduz. Fermiñene eraikinean egongo da eta emakumezko adituek emango dute. Beste berritasun bat Madalensoro inguruan jarriko modulu sanitarioa da. Arratsalde eta gauez zabalik egongo da, eta langile batek gainbegiratu eta garbituko du.

Oiartzungo jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Oiartzungo Udala, Oarsoak Beerlagun, Baleio Sagardotegia, Carrocerías Fernando, Construcciones Arabolaza, Haurtzaro Ikastola, Makatzaga Tailerra, Saiplast, Talleres Lirain, Bar Museo del Vino, Urkabe Inmobiliaria, Asesoría Zubillaga.

Getarian, ate joka

Salbatore egunaren bezperan hasiko dira santuaren omenezko ospakizunak; baina aurretik ere ekimen batzuk antolatu dituzte. Abuztuaren 2an, gau irekia izango da Cristobal Balenciaga Museoan; abuztuaren 3an, haurren binakako esku-pilota txapelketako finalak eta III. Herri Gymkana burutuko dituzte; eta abuztuaren, 4an, eskuz binakako emakumezkoen txapelketaren finala.

Abuztuaren 6ko gauerdian ikurrinaren goratzea egingo du San Juanetako Festa Batzordeak eta Tonpe Guraso Elkarteek; eta etxafuegoa botako dute. Ez da suziri bakarra izango, abuztuaren 5a Haur eta Gazteen Eguna izanda, haurren txupinazoa botako baitute, eta txosnak ere beste batekin irekiko dituzte eguerdian. Gazteen herri bazkariaren ostean, kuadrillen arteko olinpiadak jokatuko dituzte herrian barrena, tartean, III. Kaña-karrera egingo dute.

Lehen gau luzearen ondoren, gaupaseroen argazkiak hasiko du Salbatore Deunaren Eguna. Aipagarriak dira alkatearen ohorezko aurreskua, musika bandaren kontzertua, eskuz binakako pilota txapelketako finalak, bakarrizketak edota Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. 

Gastronomia da abuztuaren 7ko goizeako protagonista: 14-18 urte artekoentzako X. Patata tortilla txapelketa aurrera eramango dute eta parrillan erretako hegaluzea sagardo edo garagardoz lagunduta dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, berriz, jolasak, nagusi: kukañak portuan eta kuadrillen arteko II. Soka-tira lehiaketa.

Jolasekin jarraituz, abuztuaren 8an, euskal jolasak eta tailerrak, eta goitibehera jaitsiera egingo dute. Amets Arzallus eta Danel Olano bertsolariekin bertso poteoa eta txosnetako herri afaria, zirkua gai izango duen mozorro gauari ekin aurreko bi hitzordu nagusiak dira.  

Azken eguna, abuztuak 9, kuadrillena da. Marmitako txapelketa, bazkaria eta bazkaloste girotua zain izango dituzte, festen azken txanpara iristeko. Zezensuzkoa, Fun&Go taldearekin erromeria, ikurrinaren jaitsiera eta amaierako traka dira horren osagaiak; nahiz eta txosnetan, gauero bezala, gauerditik aurrera ere festak jarraituko duen.

Getariko jaietako erakunde laguntzailea: Getariko Udala