NAIZ

Remco Evenepoelek ez du Pilotegi bidea estreinatzeko modurik izango Donostiako Klasikoan

Datan eta ibilbidean izango diren aldaketek baldintzatuta dator abuztuaren 10an lehiatuko den lasterketa.

Donostiako Udaletxean aurkeztu dute gaur Klasikoaren aurtengo edizioa.
Donostiako Udaletxean aurkeztu dute gaur Klasikoaren aurtengo edizioa. (©Donostiako Klasikoa/OCETA)

Egutegiak eta ibilbidean egindako aldaketek baldintzatuta jokatuko da abuztuaren 10ean aurtengo Donostiako Klasikoa. Olinpiar Jokoekin bat ez egiteko azken urteetako data atzeratu behar izan dute antolatzaileek eta horrek zenbait ondorio ekarri ditu, hala nola, azken bi edizioetako irabazle Remco Evenepoel, erlojuaren aurkako txapeldun olinpikoa, ez dela Donostian izango eta bestetik, Aste Nagusiko irekiera ekitaldiekin bat ez egitearren, helmuga ez dela, ohi bezala, Boulevardean izango, Zurriolan baizik.

Baina ez da hori ibilbidean izango den aldaketa bakarra. Ohi bezala, garaipena Igeldorako igoeran erabakiko dela ematen du, baina errepideen egoera kaskarragatik eta egiten ari diren zenbait herri lanengatik, Murgiletik igo beharrean, Pilotegi bidetik igoko dira txirrindulariak, bi kilometro eskaseko igoera, baina %11ko batezbestekoarekin, tarteren batean %27ra ere heltzen dena.

Parte-hartzeari dagokionean, hasiera batean hala iragarri bazuten ere, Jonas Vingegaard ere ez da Donostiako irteera lerroan izango, baina Klasikoak lehen mailako txirrindulariak izango ditu, Roglic, Carapaz edo Alaphilippe, esaterako. Frantziarrak 2018ko lasterketa irabazi zuen eta izena emandakoen artean Boulevardean besoak altxatako beste bi txirrindulari ere izango dira Bauke Mollema (2016) eta Nelson Powles (2021).

Euskaldun ugari

Izena eman duten 18 taldeen artean izango dira Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma eta euskaldun ugari izango dira Gipuzkoako errepideak gurutzatuko dituen lasterketan. Garaipena garesti egongo den arren, onenen artean egoteko moduan izan daitezke Tour bikaina osatu duen Mikel Landa, Joko Olinpikoetan arituko diren Alex Aranburu eta Oier Lazkano, Tourra nahi baino lehenago utzi behar izan zuen Pello Bilbao. Cofidiseko Izagirre anaiek ere ez dute hutsik egingo.