Donostian «gora doan» arrazakeria eta faxismoarekin amaitzeko deia egin dute 35 eragilek

Donostian «gora doan» arrazakeriaren eta faxismoaren aurka antolatzeko deia egin dute ehunka herritarrek eta hiriko 35 eragilek baino gehiagok. «Faxismoari ateak itxi eta pobreziari aurre egiteko» unea dela aldarrikatu dute, eta kide arrazializatuei beraien babesa eskaini diete.

Ehunka herritar elkartu dira arrazismoaren eta faxismoaren aurka.
Ehunka herritar elkartu dira arrazismoaren eta faxismoaren aurka. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Donostian arrazakeria eta faxismoari ez’ zioen pankartaren atzean elkartu dira asteazken honetan berrehun herritar baino gehiago udaletxearen aurrean. Ohartarazpen bat egin dute irakurketarekin hasi aurretik: «Hemengo gehiengoa zuriak gara, testua irakurriko dugunak ere hala gara, hain zuzen ere gure kide arrazializatuak jasaten ari diren mehatxu eta jarraipenaren ondorioz beraien segurtasuna jokoan dagoelako». 35 eragilek egin dute bat Alderdi Ederren irakurritako adierazpenarekin. «Antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antirrazista eta antifaxista indartzea dagokigu», ondorioztatu dute.

Pertsona arrazializatuen eta bazterketa egoeran daudenen aurkako indarkeria «inoiz baino gordinagoa eta sistematikoagoa» dela salatu dute, eta horrekin batera, kolektibo horrekiko kriminalizazioa orokortzen ari dela.

Azken hilabeteetako gertakariak ekarri dituzte gogora egoeraren dimentsioa hartzeko baliagarri direlakoan: «Martuteneko bizilagun batzuk etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte. Udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu, identifikatu eta lapurtzen dituzte, zenbait komertzioetan sartzeko betoak orokortu dira. Margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan. Telegram eta Instagram kontuak pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen eta biolentziarako deiak eginez».

«Arazo guztien errua, eta bereziki, ‘segurtasun falta’» etorkin eta pertsona arrazializatuei leporatzen saiatzen diren hainbat badaudela kritikatu dute, eta diskurtso faxista, mezu xenofobo eta arrazistekin etorkinak etsai gisa seinalatzen dituztela horiek gaineratu dute. Arazoaren erroa ikusarazi behar da ordea, berain ustez: kolonialismoak eta kapitalismoak sortzen duen miseriazko egoera.

Jarrera atzerakoien indartzea

«Egungo ezegonkortasun egoerak jarrera atzerakoi zein faxistak indartu ditu, bertakoen ongizatearen aitzakiapean, sektore pobreenen aurkako zapalkuntza justifikatzen dute», azaldu dute. Eta ikuspegi hori «makinaria oso batek» indartzen duela gehitu dute. «Komunikazio kanalak kolektibo honen ofentsiba mediatikoaren abangoardia dira, eta iritzi publikoan eragin zuzena dute.

Zentzu honetan, polizia eta sistema judiziala hauen borreroak, eta alderdi politikoak egoeraren kudeatzaileak», azaldu dute. Bestalde, egungo egoerari eusteko erakundeek dituzten mugak seinalatu dituzte eta «proposamen politiko atzerakoiei ateak irekitzen» dizkiela nabarmendu.

Egungo turismo ereduak ere eragina du bertaratutakoen iritziz, ‘La Sirena’ aterpetxearen adibidea gogoratu dute, Udalak ordutegi oso murritzak jarri baititu turismorako planak tarteko. Bestalde, 300 pertsona baino gehiagoren otorduak herri ekimenez bermatzen direla kontatu dute. Eta poliziak espazio publikoan indarkeria fisiko eta psikologikoa «garbiketa politika» bati erantzuteko dela esan.

«Aterabide faxista-atzerakoiak gero eta pisu gehiago» duela uste dute elkartutako eragile eta herritarrek, eta horren ondorio direla etorkinen kanporaketa, mugen itxiera edota polizien areagotzea. PP alderdiak. Egian antolaturiko elkarretaratzea zein Juventud Combatiba antolkudeak sareetan zabaldutako bideoak aipatu dituzte, eskuin muturreko «mobilizazio herritarraren» ondorio gisa.

Hiritarrak babesgune

Instituzioen mugak argiak direla irizten dute, horregatik horietan «paper aktiboa» beharko dela azaldu dute, eta batez ere, «kale mailako antolakuntzan sakondu» behar dela aldarrikatu dute, faxismoari ateak ixteko eta pobreziari aurre egiteko.

Horretarako, Atzerritar Legearekin zein «garbiketa politikarekin» amaitzea ezinbestekotzat jo dituzte. «Antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antirrazista eta antifaxista indartzea dagokigu», ondorioztatuz amaitu dute asteazken honetako agerraldia.

Donostiaz arrazkeriari eta faxismoari ezetz esango diotela oihukatu dute. Eta oraingoz deialdi zehatzik egin ez badute ere, hurrengo aste zein hilabeteetan egingo dela pentsatzekoa da.

Irakurketarekin bat egin duen zerrenda zabala da: Ernai, Intziri, Bilgune Feminista, Donostiako Piratak, Donostiako EHGAM, Bizilagunekin plataforma, Saretxe, Kaxilda, Piztu, Erratiko Camino, Elkartea, Infernua Bizirik, Donostiako transmaribollo asanblada, Donostia Palestina, Egia Bizirik,  Sare Antifaxista, EHKS, Itaia, GKS, Ikasle Abertzaleak, Ongietorri errefuxiatuak, Komite internazionalistak, ESK, Donostiako Askapena eta Aske.

Sinatzaileen artean daude auzoetako elkarte eta eragileak ere: Txantxarreko gaztetxea, Amara Berriko Ilunki Txago, Kaleko afari solidarioak, Hiritarron Harrera sarea, Basajaun elkartea, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Sarroeta Auzo Elkartea, Martutene Bizirik, Birunda eta Letaman gaztetxea.