Alaia Sierra

Zapore oneko azken eguna Gasteizko jaietan... eta Ojo Birikiren barruko malkoak

Jaietako azken egunean Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsak bere onena eman du ostiral eguerdi honetan. Eneko Llinasek, Ojo Biriki buruhandiaren atzean dagoenak, pertsonaiari betirako agur esan dio. Berarekin jendeak buruhandiarekin ezagutu duen «Enekoren parte handi bat» badoa ere.

Gasteizko erraldoi eta buruhandiek eguerdian agurtu dituzte jaiak.
Gasteizko erraldoi eta buruhandiek eguerdian agurtu dituzte jaiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko jaietako azken orduak baino ez dira geratzen. Eguraldi ona oso lagungarria izan da aste osoan eta ostiral honetan ere holaxe izan da. Gainera, abuztuko bigarren asteburuaren atarian, jai giroa nabaria zen goizetik.

Hala ere, amaiera guztietan bezala, tristura kutsua ere badu egunak. Horren erakusgarri izan da Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsen agurra, hurrengo jaietara arte erretiratu baitira. Baina horren aurretik, egunero bezala, Gasteizko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu.

Bitartean, idi-probak eta pilota partidua Foru plazan eta Jatorrak koadrillaren igerileku txikia Andre Maria Zuriaren plazan hiriaren beste txoko batzuk girotu dituzte. Pixkanaka-pixkanaka, ume batzuen algarak eta beste batzuen negarrak eta ikarak lagunduta, irisi dira buruhandiak eta erraldoiak ibilbidearen amaierara, San Antonio kalera.

Txiki asko hurbildu dira ostiral honetan azken kalejirara. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Agurra bereziki hunkigarria izan da Ojo Birikiren atzean dagoen Eneko Llinasentzat, baita Calvasecari eta La Señoritari bizitza ematen dieten Laura eta Maialenentzat ere. Jaietako azken egun honekin, ardura hau hartzen duten azken aldia izango baita.

Eneko Llinasek, Ojo Birikik, NAIZi azaldu dionez, «ez dago inolako arrazoi konkreturik» uzteko, etapa aldaketa bat baino ez da berarentzat, 19 urteren ostean. Hemendik aurrera, bizitzan beste bide batzuk irekitzea da bere asmoa, «heldu da momentua».

Erabakia hartu badu ere, konpartsarekin atera aurretik urduri zegoela esan du. «Badakit hunkigarria izango dela, ez dakit negar egingo dudan, baina barrutik malkoak egongo dira», aitortu du. Hala ere, agur esan duten bere bi kideekin batera eguna disfrutatzeko, gozatzeko eta momentua bizitzeko unea lehenetsi behar zela adostu dute.

15 edo 16 urte zituenetik ibili da Llinas Konpartsarekin eta honek jaiak «beste modu batera eta beste ikuspuntu batetik» bizitzeko aukera eman dio. Momentuz ez du guztiz alde batera utziko, aurtengo gabonetan Olentzerorekin aterako delako, «ziur nago».

«Harro eta lasai» dago Gasteizko buruhandietatik maltzurrena eta gehien jotzen duenarena egiten hartutako lanarekin. Pertsonai zahar honen izaera mantendu duela dio, baina bere nortasun propioa ere eman dio, «maltzurra baina jolastiagoa». «Jende askok Ojo Birikirekin ezagutu du Enekoren parte handi bat», adierazi du pozik.

Jai berriak

«Ojo Birikirekin ez egotea pena handia ematen didalako» datorren urteko Gasteizko jaietan ez da hirian egongo Eneko Llinas. Aurrerantzean jaietan Konpartsariekin ez egotearen hutsunea «handia» izango dela uste du, «batez ere Ojo Birikik utzi duen hutsune hori nabarituko dut», dio. Orain, «niretzat Gasteizko jai berriak izango dira, lehen aldiz egongo banintz bezala».

Alde ona ere ikusten dio etapa aldaketa honi. Esate baterako, jaietan beste gauza batzuk egin ahal izateko aukera izango du eta, gainera, bere lekukoa hartu eta 2025etik aurrera botxintxa gaiztoena duen buruhandiari bizitza emango dion hurrengoari aukera ireki zaio.